Nafarrioja roller-derby taldea ARDE ligako finalaurrerako sailkatu da. Valentzian jokatuko dute bihar, eta hiru onenak finalean ariko dira igandean.
Edurne Elizondo
Nafarrioja roller-derby taldea Valentzian (Herrialde Katalanak) izanen da bihar eta etzi: WFTDA-ARDE ligako finalaurrekoa eta finala jokatuko dituzte asteburuan. Espainiako Estatuko liga nagusia da hori; urtarriletik maiatzera bitarte lehian aritu diren hamalau taldeen artean, zortzi onenak sailkatu dira, eta tartean da Nafarrioja, Iruñeko Nafarriorseko eta Logroñoko (Espainia) jokalari batzuek osatutako taldea. Larunbatean jokatuko dute finalaurrekoa, eta igandean hiru talderik onenak ariko dira txapeldun bihurtzeko lehian.
“Valentziara joateko sailkatu izana sekulakoa da guretzat; lehen aldiz lortu dugu finalaurrekoan sartzea, eta hagitz harro gaude”, erran du Nafarriors taldeko jokalari Ainhoa Ruizek. Patinak jartzen dituenean, Grangrena da Ruiz. Roller derbya ezagutu zuenetik bertatik, kirol horrekin “liluratuta” gelditu zen. “Ez da hagitz ezaguna, baina bide bat egin dugu jada, eta saiatzen gara zabaltzen”.
Nafarriors duela zazpi urte inguru sortu zuten. Geroztik, jokalari anitz batu dira proiektura; denak ez dira gelditu, eta une batzuetan desagertzeko zorian ere izan dira; lortu dute aurrera egitea, ordea, eta, orain, inoiz baino hurbilago dute finala.
Talde bat biren artean
“Joan den urrian, garbi genuen ezin izanen genuela liga jokatu, gutxi ginelako. Bertze talderen batekin elkartzea pentsatu, eta Logroñokoengana jo genuen: horrela sortu dugu Nafarrioja”, kontatu du Maite Zigandak. Mai T. Killah da pista barruan. Italian ezagutu zuen roller derbya, eta Iruñera itzuli bezain pronto egin zuen bat Nafarriors taldearekin.
Iruñeko eta Logroñoko jokalariak txandaka aritu dira bi hiriotan entrenamenduak antolatzen, asteburuetan. “Ahalegin handia egin dugu, baina kontent gaude”, erran du Maia Ansak. Gata Tangana da Nafarriorsen. “Patinatzen ere ez nekien taldean sartu nintzenean. Harrera zoragarria egin zidaten; oso gustura nago”.
“Kirol bat baino anitzez gehiago da”. Nafarriors taldeko jokalari guztiek bat egin dute, eta nabarmendu dute inklusioa dela roller derbyaren ardatz. “Komunitate bat gara”, berretsi dute Patricia Machinak (Machina) eta Maider Lizarragak (Mai Delirio). Paula Rodriguez eta Ainhoa Osinaga ere dituzte taldekide: Paulova eta Sexy Cactus, patinen gainean. Osinagak duela bost urte egin zuen bat taldearekin, 15 urte zituenean. Rodriguez martxoan batu zen, baina ederki moldatu da taldearen erritmora. “Hagitz kontent” da Nafarriorsen.
1930eko hamarkadan du jatorria roller derbyak, Ameriketako Estatu Batuetan. Emakumeak aritu dira, batez ere, hasieratik. “Arautik kanpo dauden gorputzez osatutako kirol bat da gurea; pertsona trans eta ez-binarioak aritzen dira”, erran dute jokalariek. Adina ere ez da muga. “Nork bere funtzioa du gure kirolean; denentzat bada tokia”.
Autogestioa
Arauak argiak dira: irristaketa pista batean jokatzen dute hamar pertsonak; bost aritzen dira talde bakoitzeko. Talde bereko lau lagun batera jartzen dira hesi bat eginez, kontrako taldeko puntu egilea (jammer) ez pasatzeko; aldi berean, beren taldeko puntu egileak aurrera egitea ahalbidetu behar dute. Horretarako, lasterketak, bultzadak, blokeoak eta estrategia dira beharrezkoak. Eta hori guztia, gurpil gainean.
Pista barruan gertatzen denaren ardura talde guztiena da, autogestioa baita roller derbyaren bertze ezaugarri nagusietako bat. Errugbian bezala, gainera, hirugarren denbora “hagitz garrantzitsua” da, eta balio du jokalarien arteko harremana jorratzeko. Pista barruan, berriz, errespetua da arau nagusia.
Talde barruko babesarekin eta zaintzarekin batera, taldeen artekoa ere bada roller derbyaren ezaugarri. Maiatzaren 14an, Kanaria Handiko Las Palmasen (Espainia) jokatu zuten Nafarriojako kideek, eta hango jokalariek egindako harrera nabarmendu nahi izan dute. “Etxean hartu gintuzten, elkarrekin aritu ginen entrenatzen, eta gustura egoteko planak prestatu zizkiguten”, kontatu du Maia Ansak.
“Ahalegin handia” izan da Nafarriorseko jokalarientzat bidaia hori egitea, baina taldea batzeko baliatu dute. Orain, Valentzian dute euren bidean urrats handi bat egiteko aukera.