Mediku maletatxo baten istorioak

Mediku maletatxo baten istorioak

Julian Gaiarre museoak erakusketa bat prestatu du tenor hark Erronkariko medikuari oparitutako maletatxoari buruz. Gaiarrek Londresen erosi zuen, 1877. urtean, eta Ondare Historikoaren Zerbitzuak berritu du.

Edurne Elizondo

Zur eta lur geldituko zara eramanen dizudan opariarekin”. Horixe erran zion Julian Gaiarre tenorrak (Erronkari, 1844-Madril, 1890) herriko mediku Jose Muñozi, 1877ko uztailaren 24an idatzitako gutun batean. Gaiarrek aipatutako oparia, mediku maletatxo bat zen; abeslariak aprobetxatu zuen udaberri hartan Ingalaterran kontzertu bira egin zuela hura erosteko. Ez edonon, gainera: Salomon Maw & Son etxean erosi zuen; garai hartan puntako mediku materiala ekoizten zuen enpresa batean, alegia. Zilarra eta altzairu herdoilgaitza erabiltzen zituzten, bertzeak bertze, ebakuntzak egiteko tresnak ekoizteko.

Gaiarrek Erronkariko medikuari oparitutako mediku maletatxoa, 1877koa.

Gaiarrek Gregorio Garjon bere lehengusu eta lagunari bidali zion, zehazki, 1877ko uztaileko gutun hura. Garjoni eskatu zion herriko medikuari errateko zur eta lur utziko zuen opari bat bazuela harentzat. “Se va a quedar bizco“, idatzi zuen Gaiarrek, zehazki, gaztelaniaz. Esaldi hori izenburu hartu du Erronkariko Julian Gaiarre etxe museoak zabaldu berri duen erakusketak, eta Gaiarrek Londrestik ekarritako maletatxoa du ardatz.

Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak berritu du Julian Gaiarrek erositako mediku maletatxoa. Zerbitzu horretako zaharberritzaile Berta Balduzek azaldu duenez, “landa eremuko garai hartako mediku batek kirurgiarako behar zuen guztia” zegoen Jose Muñozi oparitutako maletatxoan; bertzeak bertze, trakeotomiak edo begietako kirurgia egiteko tresneria.

Lehen ebakuntza, 1891n

Erronkaritik mundura joan zen Gaiarre, baina tenorrak ez zuen inoiz sorterria ahaztu. Erronkariko eskolak eta frontoia eraiki zituen, eta medikuari oparitutako maletatxoaren bidez ere ibar osoari egin nahi izan zion mesede.

Gaiarrek erosi, eta Muñozek jaso zuen, baina bi gizonak hilik ziren Londresko mediku maletatxoa lehendabiziko aldiz erabili zutenean: 1891ko apirilaren 25ean izan zen; Izaban egin zuen orduko medikuak aurreneko ebakuntza, maletatxoa lagun. Gaiarre ezagutu zuen Fermin Zalgizuriri egin zioten, hain justu. Zurgina zen, eta 68 urte zituen ebakuntza egin ziotenean. Odol zirkulazioarekin lotutako arazo larriak zituen Zalgizurik, eta arazo horiek arindu asmoz egin zioten ebakuntza.

Mediku maletatxo berrituarekin batera, Gaiarrek Garjon bere lehengusuari bidalitako gutuna jaso du Erronkariko museoko erakusketak, bertzeak bertze. Maletatxoaren aitzakiarekin, gainera, XIX. mendean Erronkari jo zuten gaixotasunen berri eman nahi du: tuberkulosia eta baztanga, adibidez.

.

Baztangak Gaiarre jo zuen, 1862. urtean, eta hamabost egunez egon behar izan zuen ospitalean, Iruñean. Tuberkulosiak ere jo zituen Erronkariko herritarrak. Tenorraren anaia Ramon eta Victoriano Gaiarre, gaixotasun horren ondorioz zendu ziren, 1871n eta 1875ean.

Erakusketa datorren urteko uztailera bitarte ikusi ahal izanen da. Datorren irailerako zenbait ekinaldi antolatu ditu museoak, gainera: 3an, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa ariko da Erronkarin; eta 10ean, berriz, Trakamatraka taldea izanen da.