Bidatz Villanueva Etxague
“Maite zenuen hiriak / nahi du zure oroitarria / baina batez ere maitea / zure irria”. Bereziki hunkitzen nau Fermin Balentziak poliziak hil zuen German Rodriguezen omenez duela hamarkada bat baino gehiago abesten duen kantuak. Ez naiz garai horretakoa, baina bai hori bizi izan zutenen ondorengoa, eta haien bizipenen lekuko.
Urtero, uztailaren 8an, Rodriguezi eskaintzen zaizkion ekitaldiak, ez dira soilik haren hilketa salatzeko unea, edo hala uste dut behintzat, baizik eta lurraldeko gatazkaren ondoriozko jazarpena jasan duten guztiak oroitzekoa. Hori izan baitzen Polizia bortizki zezen plazan sartzearen arrazoia, euskal presoen amnistiaren alde pankarta bat atera eta gero, grabazioek erakutsi zuten moduan, inor hiltzea axola gabe.
Lazgarria izan behar da senide, lagun edo gertuko bat hala galtzea, erreparaziorako eskubiderik gabe, inpunitatez. Hori dela eta azaleratzen da sentiberatasuna ekitaldian, Rodriguez ezagutzen dutenen azalean jartzen zarelako, identitateak baduelako hor zeresana, lotuta sentitzen zarelako injustizia horietara.
Inkontzienteki beti kokatu izan dut neure burua gatazkaren periferian, ikusle bezala, baina, atzera begira, guztiok gaude hargatik zeharkatuta. “Zapalduak? Gu?” erantzuten zidan nerabeak ginela lagun batek, eta pixka bat lotsarazten ninduen horrek, gurasoen urtetako lanagatik inoiz ezer falta ez zitzaigun hartan paradoxikoa baitzirudien zapalduak ginela errateak. Atxiloketak, torturak, jarraipenak eta beste hainbeste gertatzen ziren euskaldun eta abertzale izate soilagatik. Beraz, bai, gure afera ere bazen euskal herritar ginen heinean. “Ez hartu modu pertsonalean erasoak”; askotan aplikatu dut ideia hori, amorruan edo saminean ez erortzeko. Politikoa dena ere pertsonala bada, ordea, eta alde edo kontra azaltzea dagokigu.
1978ko sanferminetako gertakari hark, beste behin, gobernuak, Poliziak eta indar armatuek duten indarkeriaren legitimitatea islatu zuen. Heldu egin naizen arren, hainbeste urte eta gero, oraindik jasanezina egiten zait biolentzia hori ikustea, baita horien defentsan azaltzen direnak entzutea ere. Zein arriskutsua den norbanakoek indarkeria erabiltzeko zilegitasuna dutela sinetsaraztea.
Sanferminak aldarrikapenetarako une dira, besteak beste, Rodriguezen omenaldia Justiziak urtetan egin ez duen aitortza eta Nafarroako eskuinaren axolagabetasuna gainditzeko, eta bere ingurukoei babesa adierazteko hitzordua. Nahiz eta Rodriguezen erailketa egoera sozial eta politiko baten egituran kokatu, eta herriaren aurkako eraso bat ere izan zela jakin, hura ezagutu zutenak dira sufrimenduaren eta injustiziaren zama euren gain eramanen dutenak.
Estatuak biolentzia egituren baitan eraiki dira; euren mendeko segurtasun indarrak dira horien erakusgarri goren; erailketa bidegabea, inpunitate gaitzesgarriaren ondorio. 78ko Sanferminak Gogoan! elkarteak uztailaren 8rako deitzen duen elkarretaratzean batzen jarraituko dugu, basakeria salatzeko, baina, batez ere, “loratutako krabelina”, Balentziak abestian dioen moduan, ez ahazteko, eta Poliziak jazarritako herritarrak omentzeko.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.