Landa Eremuko Emakumeen* Topaketa eginen dute gaur eta bihar Larrionen, bigarrenez. Itxi Guerra ekintzaile antikapazitistak parte hartuko du, bertzeak bertze.
Edurne Elizondo
Hausnartu, ikasi, sareak ehundu eta, gainera, ospatu. Hori guztia egin nahi dute Larriongo emakumeek, gaur eta bihar eginen duten Herritarrak lelopeko Lan Eremuko Emakumeen* Topaketan. Bigarrenez antolatu dute aurten, Allinibar elkartearen bidez. Antolatzaileek ibarreko eta inguruko emakumeak deitu dituzte prestatuko saioetan parte hartzera.
Brigitte Vasallo ekintzaile feministaren hitzaldi bat izan zen lehen hazia, iaz, Larriongo emakumeen lehendabiziko topaketa antolatzeko. Ibarreko emakumeak hasi ziren zerbait egiteko asmoa garatzen, eta gogo horrek bat egin zuen Nafarroako Berdintasun Institutuak diru laguntzak banatzeko egindako deialdi batekin. Babesa lortuta, ideia mamitzen hasi ziren, eta, uztailean, azkenean, topaketa egin zuten, aurrenekoz.
“Oso esperientzia polita izan zen; oso giro ederra sortu zen. Uda izanda, ez genuen uste jende asko etorriko zenik, baina emakume askok egin genuen bat, eta topaketa ederki atera zen”, oroitu du Carla Ruiz Armendariz antolatzaileak.
Iaz hasitako bidean bertze urrats bat egin nahi dute aurten, eta horretarako prestatu dute topaketa, bigarrenez. “Egin nahi dugu ibarreko eta inguruko emakumeen eta beste identitate batzuen egoeraren diagnosi moduko bat, nola gauden, zer erronka dugun eta zer hobetu dezakegun aztertzeko”, nabarmendu du Ruiz Armendarizek.
Zenbait hari tira egiteko
Diagnosia osatzea helburu nagusitzat hartuta, topaketak nahi du Larriongo eta ibarreko emakumeen errealitate askotarikoak erdigunean jarri, “bizipenak partekatzeko eta elkarri irakasteko”. Zenbait hariri egin nahi diete tira; bertzeak bertze, ibarra ukitzen duten parke eoliko handien proiektuei, LGTBI kolektiboaren egoerari eta erronkei, ekologiari, feminismoari eta antiespezismoari.
Topaketak herrietako egunerokoa jarri nahi du erdigunean, eta esparru ezberdinetan ari diren emakumeen arteko sareak bultzatu. “Kontua da komunean zer dugun aztertzea, eta, horren bidez, zubiak eraikitzea”, erran du Ruiz Armendarizek.
Itxi Guerrak eta Tess Hachek parte hartuko dute, bertzeak bertze, Larrionen antolatutako saioetan. Ekintzaile antikapazitista da Guerra, eta, Kiarrekin batera, haurrentzako tailer bat eginen du bihar, 11:30ean hasita. “Haurrentzat propio garatutako tailer bat izanen da, uste dugulako inportantea dela haientzat edukiak prestatzea eta jorratzea”, azaldu du Carla Ruiz Armendarizek. Tess Hachek, berriz, Loditasuna eta desira izenburuko tailerra eginen du, bihar, eta, ordu berean, helduentzat.
Larunbateko tailerrak eta hitzaldiak amaituta, musikak hartuko du bere tokia Larriongo topaketan. 19:30ean hasiko dira kontzertuak, eta Alarma Morea, La Mare eta Maria Ruiz igoko dira oholtza gainera. “Kontzertuen bidez, kultura herrira ekarri nahi dugu; hiritik at ere kultur jarduera interesgarriak gara daitezkeela erakutsi; emakumeak ariko dira, gainera, haien lana nabarmendu nahi dugulako”.
EGITARAUA
Gaur abiatuko da Larriongo Landa Eremuko Emakumeen* Topaketa, baina bihar eginen dituzte ekinaldi nagusiak.
Gaur, uztailaren 15a
19:30. Sabias semillas. Ezagueraren haziak dokumentala.
20:30. Pintxopotea.
Bihar, uztailaren 16a
11:30. Bizi naizen mundua: askotarikoa eta dibertigarria. Haurrentza-ko tailerra, Itxi Guerrak eta Kiarrek zuzenduta.
11:30. Loditasuna eta desira. Helduentzako tailerra, Tess Hachek zuzenduta.
13:00. Landa eremu askotarikoa, Sareak ehuntzen, zubiak eraikitzen. Solasaldia.
14:30. Bazkaria.
17:00. Amalurrarekin sortzen. Belaunaldi arteko tailerra, Sandra Nuinek zuzenduta.
19:30. Kontzertuak: Alarma Morea, La Mare eta Maria Ruiz.