Iritzia: Isiltasunak ez du arnasten

Iritzia: Isiltasunak ez du arnasten

Olatz Azpirotz Larzabal

Soinu bat hobeto entzuteko, eta, are gehiago, hura zarata ez bihurtzeko, bakoitzaren gustuak alde batera utzita, interferentziak egoteko aukera ezabatu eta isiltasun minimo bat egotea onuragarria izan ohi da. Isiltasun horrek, ordea, ez dakit naturaletik zeozer duen edo ez. Azken finean, soinu bati lehentasuna eman, eta hori hobeto entzuteko isiltasun horrek artifizialetik eta behartutik baduela uste dut.

Aurretiaz diseinatu, egituratu eta eraikitako soinu ugari izan dituzten egunak igaro dira. Soinuen presio-uhinak etengabe hedatu dira ardo usain, abesti eta galtzada likatsuen gainetik eta, horrela, gure nerbio akustikoek, geldiunerik gabeko zortzi egunetan, gure garunari informazioa transmititu diote hark esanahiak eslei zitzan. Ordea, eta ez da abesti horien errua izan, sanfermin hauek zaratatsuak izan dira.

Zarata hitza zehazki aukeratu dut, gu geu zarata izan garela aipatu nahi dudalako. Oro har, zarata, seinale batekin nahasten den eta transmititu nahi ez den nahasmendua izan ohi da, eta, kasu batzuetan, seinalearen bidez transmititu nahi den informazioaren distortsioa edo galera ekar dezake.

Sanfermin homogeneoak ziren haien desira eta nahi horretatik etorri ziren, batik bat, Herri Sanferminen ukapena, eraso sexisten kontrako protokoloaren aldaketa eta, ostera, Gazteluko plazako hiri-altzarien garbiketa eta geroko agertoki izugarriaren eta txosnen muntaketa, zenbait peñatako jardueren debekua eta indar errepresiboen handitzea, besteak beste. Ordea, ezin daiteke oinarri heterogeneo baten gainean zeozer homogeneoa eraiki, beti egonen baita, kasu honetan, seinale nagusiarekin nahasten edo transmititzea interesatzen ez zaien soinuren bat, xuxurla zein oihu.

Aurten, egoerak zarata bihurtutako intentsitate ezberdineko bi soinu horiek entzun ahal izan dira: Kale Nagusiak, Kuria kaleak eta Udaletxe plazak zarata egin dute, mezu artifizialaren egituraketan zirrikitu bat topatu eta transmititu nahi ez dena izatera iritsi da. Ordea, nire begipuntuz, xuxurlak gehien antzeman beharko liratekeenak direla iduri zait.

Xuxurlek zaratek ez duten kondena amaiezin bat daukate, xuxurla bakoitzak oharkabekoa izateko edo bihurtzeko hainbat aukera izan ohi baititu. Horregatik, posible da horietako hainbati gure garunak esanahia eman ostean, gu kontziente izan gabe horiek ahantzi izana. Ordea, gure auzoek izan dituzten giroetan, erraz identifika daiteke udalaren mezuak non izan duen distortsioa: euskaraz edaria eskatu eta erantzun txarra jaso duenean, euskaraz apaindutako arroparen bat daramanak jaso dituen irainetan eta, zer esanik ez, euskaraz hitz egiten ari zirenek ordainetan jasotako begirada gordinetan.

Xuxurlak zein zaratak, biak izan dira sanferminen protagonista, eta, eskerrak, egia esan. Isiltasuna oxigenorik behar ez duen multzokoa izan arren, hura baita, agian, denboran gehien luza daitekeen egoera, belaunaldiz belaunaldi igarotzen den lasta izateraino. Horregatik, agian, xuxurla eta zarata garrantzi maila berean jarri eta zarata oro, distortsio izateari utzi, eta soinu izan daitekeela aintzat hartzen hasi beharko genuke.