Itxi Guerrak Larriongo Landa Eremuko Emakumeen* Topaketan parte hartu du asteburuan. Haurrentzako tailer bat egin du, desgaitasunaz eta bertzez jolasen bidez aritzeko.
Edurne Elizondo
Desgaitasunaren mugimendua indarra hartzen ari dela uste du Itxi Guerrak (Madril, 1998). Ekintzaile antikapazitista da, eta Lucha contra el capacitismo liburuaren egilea (Imperdible, 2021). Larrionen izan da, Landa Eremuko Emakumeen* Topaketan, haurrentzako tailer bat egiten.
Zergatik haurrekin?
Arauak zeharkatzen digu gorputza txikiak garenetik: desgaitasunen aldetik ez ezik, loditasunaren aldetik, erotasunaren aldetik… Araua nola deseraiki jorratu behar dugu haurrekin, jolasen bidez.
Elbarriak infantilizatzeko joera bat dago?
Bai. Are gehiago, elbarriek pairatzen dute haurrek haur izateagatik sufritzen duten indarkeria bera. Kontuz ibili behar dugu, eta ongi aztertu infantilizatzea zer den. Zergatik uste dugu haur izatea berez dela gauza txar bat? Uste dut inportantea dela haurrek ere parte hartzea politizatzeko eta deseraikitzeko prozesuetan, haurrak ere badirelako elbarri, badira trans, lodi… Inportantea da haur garenetik ohartzea sufritzen duguna indarkeria dela, ez dela guri bakarrik pasatzen zaigun zerbait. Nik eskertu izanen nuen 10 urte nituenean jakitea indarkeria kapazitista zela sufritzen ari nintzena.
Adinkeria pairatzen dute haurrek?
Bai, eta zaharrek ere bai. Kapitalismoaren logikaren araberako bazterketa bat da: haurrak, elbarriak eta zaharrak ez dira ekoizteko gai, eta, ondorioz, logika horren abera, ez dugu balio gizartearentzat; bazter uzten gaitu.
Bazter, ia subjektu izaera galdu arte?
Ez gaituzte subjektu politikotzat hartzen, eta ez dute onartzen gure agentziarako gaitasuna. Uste izaten da beti egonen dela norbait haurren, elbarrien edo zaharren izenean erabakitzeko, dela estatua, dela elbarria ez den pertsona bat, dela heldu bat.
Desgaitu edo elbarri hitzak aipatzen dituzu zuk Lucha contra el capacitismo zure liburuan. Bada eztabaida, halere, erabili behar diren hitzen inguruan.
Eztabaida hori dago gizartean eta desgaituen komunitatean. Nik uste dut horrek agerian uzten duela belaunaldi ezberdinetako ekintzaileak daudela. 1990eko hamarkadan hasi zirenek asmatu zuten dibertsitate funtzional terminoa. Oraingo ekintzaileok badugu Estatu Batuetako mugimenduaren eragina, bai eta queer teoriaren eragina ere, eta aldarrikatzen dugu irain gisa erabilitako hitzak gure egitea, hitz horien esanahia aldatzea. Horregatik erabiltzen ditugu desgaitu edo elbarri, nortasun baten parte direlako, eta araua apurtzen dutelako. Desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonez hitz egiteak patologizazioa nabarmentzen du. Nork bere burua definitu behar du, baina diskurtso politikorako nik desgaitu edo elbarri aldarrikatzen ditut, estigma apurtzen laguntzen didatelako.
Elbarritasunaren estigma?
Bai. Zergatik beldurtzen gaitu geure burua desgaitutzat jotzeak? Bertzeek erraten digute desgaitasunak ez duela garena definitzen. Baina, agian, bai; agian, jaso dudan indarkeria kapazitista guztiak eraman nau nagoen tokira. Dibertsitate funtzional terminoak badu, gainera, bertze arazo bat.
Zer arazo?
Termino horren arabera arautik kanpo daudenak direlako askotarikoak. Dibertsitate hitzak haiei egiten die erreferentzia, ez araua betetzen duten gorputzei. Ez dago elbarri ez direnak izendatzeko hitzik, haiek direlako arauak ezartzen duena, haiek dira osasuntsuak, eta ez dago izendatzeko beharrik.
Autistek, adibidez, alista hitza dute autista ez direnentzat.
Bai. Nik desgaitu ez direla erraten dut, eta ingelesez, elbarri ez direnei able erraten zaie. Baina, desgaitasunaz ari garenean, kapitalismoarentzat produktiboa den horrekiko hausturaz ari gara. Ezin dugu lan egin, eta, ondorioz, ez gara gizartearen parte. Niretzat, inportanteena da arauaz hitz egitea eta agerian uztea desgaituok arau hori gainditzen dugula, hausten dugula.
Produktibitatearen alde horretatik du esanahi negatiboa desgaitasunak?
Bai. Beldurra eragiten du horrek. Zaurgarritzat hartzen gaituzte, baina denok bagara, berez, denok dugulako bertzeen beharra. Baina horrek beldurra eragiten du, kapitalismoak erraten digulako ausartak eta independenteak izan behar dugula.
Horrek badu loturarik desgaituek oztopoak gainditzeko egiten duten bidearen kontakizunekin?
Horrelako diskurtsoek biziki haserretzen naute, araua betikotzen dutelako; arauak ezartzen duen horretara hurbildu behar dugula erraten dute halako diskurtsoek; balioa ematen diote kapitalismoaren bidean jarraitu nahi duenari. Desgaituak garela ezkutatzen saiatzen bagara ere, ez diogu desgaitu izateari utziko.
Zuk ez duzu ezkutatu nahi. Alderantziz, aldarrikatu egin nahi duzu.
Nik aldarrikatu nahi dut desgaitasuna dagoela gizartea antolatzeko moduan. Ez da gainditu beharreko zerbait. Bai, gizarte kapazitista batean kaka zahar bat da desgaitua izatea, baina ez da berez zerbait txarra.
Desgaitasunaren auzia espezismoarekin ere lotu duzu. Sunaura Taylorren Beasts of burden gaztelaniaz eman du Madrilgo Ochodoscuatro argitaletxe antiespezistak crip izenburupean, eta zurea da hitzaurrea.
Liburu hori funtsezkoa dela uste dut. Desgaituak ere hartu izan gaituzte gizakiz bertzeko animaliatzat. Kapitalismoak, finean, desgaituon eta bertze animalien gorputzak patologizatzen ditu, dirua lortzeko; desgaituok egoitzetan sartzen gaituzte, eta bertze animaliak, haztegietan. Bi borrokak estuki lotuta daude.
Egoitzen ereduaren aurka, zaintza komunitateena aldarrikatu duzu zuk zure liburuan. Zein da proposamena?
Ikuspuntu anarkista batetik, nire helburua da estatua eta soldatapeko lana desagerraraztea, eta denok parte hartzea elkarren zaintzan, modu horizontal eta boluntario batean. Guk ere zaintzen ahal dugu, parte hartzen ahal dugu; ez ikuspuntu ekonomiko batetik. Elkarren menpe gaude, eta denok hartzen eta ematen dugu. Ohartu behar dugu desgaitasunak subertsiorako duen ahalmenaz.
Nola gauzatzen da ahalmen hori?
Desgaituok erraten ari gara kapitalismoak ez digula axola, soldatapeko lana bazter utzi behar dugula; erraten ari gara bizitza zaurgarria dela, samurtasuna erradikala dela, eta erdigunean egon behar duela. Eta bai, erraten ari gara siesta ere iraultzailea dela!