Iruñeko Harrotuk harremanei, tratu txarrei eta etikari buruzko tailer bat egin berri du. Mikel Abaurrea sexu hezitzaileak zuzendu du; gai hori ikertu du, eta garbi erran du harremanei buruz ikasitako gauza anitz «deseraiki» behar direla.
Edurne Elizondo
Sexu hezitzailea da Mikel Abaurrea (Erriberri, 1996). Harremanak sakon aztertu ditu, eta guztietan zisheteropatriarkatuaren arrastoa aurkitu du. Zenbait gako jarri ditu erdigunean tratu txarreko harremanak identifikatzeko. Berak zuzendu du Iruñeko Harrotuk harremanei, tratu txarrei eta etikari buruz egin duen tailer bat.
Harreman toxikoez ari zara. Bikoteaz haragoko harremanez?
Tailerretan eta hitzaldietan harreman toxiko bat zer den galdetzen dudanean, jendeak bikotea izaten ohi du buruan. Baina harreman toxikoak hainbat esparrutan daude: familian, lagunartean, lanean…
Zergatik lotzen dugu batez ere bikote harremanarekin?
Bikotekidearekin dugunari jartzen ohi diogulako izen zehatz hori. Lagunekin edo senideekin duguna harreman bat izanen ez balitz bezala.
Bada, ordea. Lan egin behar da harreman hori osasungarria izan dadin, ezta?
Zalantzarik gabe. Zaintzak egon behar du esparru guztietan erdigunean. Zaintza kolektiboa da, eta zaintza horri lotuta gaude. Zuk zeure burua zaintzen ahal duzu, baina lagunartean edo lanaren esparruan zaintzen ez zaituen norbait badago, ez zara ongi egonen.
Gizakiak animalia sozialak direla erraten ohi da. Harremanei lotuta daude?
Txikitatik bilatzen dugu bertzeen berotasuna, bertzeen babesa. Handituz joan ahala, lagunen edo bikotekideen babesa bilatzen dugu.
Familia ez duzu aukeratzen; lagunak edo bikotekideak, bai. Horrek zer eragin du harremanetan?
Egia erran, lagunekin edo bikotekideekin dugun harremana ere ez dugu guk aukeratzen, neurri handi batean. Batzuengana bideratu eta bertze batzuengandik bereizten gaituzten presioak ditugu, oraindik ere. Pisu handia dute abizen batek, bertzearen generoak, beltza, ijitoa edo zuria ote den… Txikitatik erraten digute norekin egon gaitezkeen eta norekin ibili behar dugun kontuz. Beraz, horiek ere inposatutako harremanak dira, neurri handi batean.
Lantxotegi Kabia proiektua garatzen ari da, gazte migratzaileek eta herrialdekoek elkar ezagutzeko. Migratzaileek diote zaila dela kuadrilletan sartzea.
Izugarria da kuadrillena. Kanpoko norbait saiatzen bada sartzen, nolabait, sartu nahi duen horrek erakutsi beharko du talde horretan egoteko egokia dela. Oso esparru itxiak dira.
Batzuentzat espazio seguru bat dira, eta bertze batzuentzat, berriz, ezin gainditu dezaketen harresia.
Kuadrillen barruko dinamikei buruz anitz dago errateko. Espazio segurutzat daukanak, akaso, nolabaiteko boterea izanen du talde horren barruan, baina, segur aski, kide guztien egoera ez da bera.
Botere harremanak daude?
Bai, eta berdin gertatzen da familian, edo bikotean edo lanean.
Botere harreman horrek eragiten du harremana toxiko bilakatzea?
Harreman toxiko esamoldea asmatu dugu tratu txarreko harreman bat adierazteko. Tratu txarrak gertatzen direnean, anitzetan, egoera hagitz larria izan arte ez gara ohartzen zer gertatzen ari den. Harremanak idealizatzeko joera dugu.
Familiako kideen artekoak ere bai?
Bai, eta horren ondorioz hagitz zaila izaten da esparru horretan gertatzen diren tratu txarrez ohartzea. Txikitatik hazten bazara zure emozioak kontuan hartzen ez dituen espazio batean; hutsaren hurrengoa zarela errepikatzen badizute; zure erabakien kontra egiten badute… ikasten eta barneratzen duzu harremanak horrelakoak direla.
Horren atzean dago zisheteropatriarkatuaren eragina?
Bai, egitura horrek esparru guztiak ukitzen ditu. Botere harremanetan gizona izaten ohi da nagusi; zaintza, oraindik ere, emakumeen lan bat da. Gertatzen da, gainera, gizon batek hartzen duenean zaintza horren ardura, idealizatu egiten dela. Emakumeen artean nabarmentzen ez dena txalotu egiten da gizonen artean.
Familiako kideen arteko harremana anitz idealizatzen denez, zailagoa da harreman hori haustea?
Bai, baina, tratu txarreko harremanak daudenean, osasungarria da lotura hori haustea. Familiako kideekin, bikotekidearekin, bai eta lagunekin ere.
Bakardadeari beldurra dio jendeak?
Ona da bakarrik egoten ikastea, ohiko espazioetatik at dauden harremanak lantzea. Bakarrik zaudenean aukera duzu bertze harreman mota batzuk jorratzeko.
Harremantzeko modu hegemonikoak ere badaude, baina ez dira egokiak guztientzat.
Bai, harremantzeko moduetan ere araua nagusitzen da; ez da kontuan hartzen desgaitasuna, adibidez; pertsona neurodibergenteekin edo traumaren bat edo menpekotasunen bat dutenekin ez dugu elkartu nahi. Kontuan izan behar dugu, ordea, norbaitekin harremantzen garenean pertsona horren alde guztiak aintzat hartu behar ditugula.
Gizarteak ez du jendea harremanak lantzeko prestatzen?
Ez, tresnak behar ditugu. Teoriak dio dibertsitatearen alde gaudela, eta inklusioa aldarrikatzen dugula, baina praktikak erakusten digu ez dugula urratsik egiten hori gauzatzeko. Etxean, eskolan, lagunartean ikasitako hamaika gauza deseraiki behar ditugu, eta ez dakigu nola. Mingarria da, gainera, eta ez dugu egin nahi.
Bertzeekin partekatutako espazioei buruz aritu zara; nork bere espazioa kudeatzeko ere bada zer ikasi?
Bai, zaila izaten ohi delako mugak ezartzea. Ez digute hori irakasten. Ezagutzen ez dugun norbaiti bi musu ematera behartzen gaituzte txikiak garenean. Nahi ez badugu ere, hala egin behar dugu. Osasungarria da txikitatik nork bere mugak ezartzen ikastea. Geure burua babesteko modu bat da hori.
Bertzeen kontroletik babesteko?
Bai. Sare sozialekin eta sakelakoekin nabarmena da kontrol horren eragina. Badakite non gauden. Mezu bat jaso eta berehala erantzuten ez badugu, mezua bidali duena haserretu egiten da. Kontrola izugarria da.
Zer dago kontrol horren atzean?
Jeloskortasuna, bertzeak bertze. Garbi izan behar dugu jeloskor sentitzea ez dela berez txarra; emozio bat da, eta momenturen batean sentituko dugu. Kontua da emozio hori nola kudeatu.
Zer egin hobetzeko?
Txikitatik ikasi beharko genuke norbere eta bertzeen espazioak eta mugak errespetatzen.