Bidatz Villanueva Etxague
Zizur Nagusitik Garesera egunero egiten dudan ibilbidean erdiragarria da inguruan gelditzen diren paisaiak kiskalita ikustea. Inoiz ez dut hain gertutik bizi izan halako suterik, eta ondoan gertatzen denean, edozein gertakizunekin bezala, sakonago sentitzen dugu, areago enpatia izan ahal dugu tankerako egoerekin. Azken urteetako metafora baten antza du: egun batetik bestera desegin zen genuen bizitza. Genuena berreraikitzea dagokigu orain.
Suteak urtero gertatzen dira hemen eta han, horien aurkako protokoloak dituzte lurraldeek, aurreikusten baita gehiago biziko ditugula etorkizunean. Uzta biltzeko sasoiko bero olatuek eragin dituzte horrelakoak Nafarroan gehienbat. Gizakiak eragindako klima aldaketak, gizakiaren jardunarekin uztartuta, hondamendiak eragiten ditu.
Munduaren “birika” diren lurraldeak ere suntsitzen ari dira, nahi gabeko suteen ordez, helburu jakin batekin sortutakoekin. Amazonian, esaterako, Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen agintaritzapean, sute andana jasan ditu oihan horretako lurrak ekonomikoki errentagarri bilakatzeko. Besteak beste, bertan ganadua hazteko, gizakiz besteko animaliak berdin-berdin zapaltzen baititugu munduko txoko guztietan.
Alabaina, suteek utzitako hondarretatik bezala, suntsitutakoan eta ondotik gelditzen den suminduran itotzea baino, etsipenaren gainetik, gizarte zilegiago baten alde harri koxkorra ematea dagokigu, ahal dugun heinean, eta ahal bada, zaintzan burkide ditugunekin. Hainbeste sufrimenduren artean, horrek lehentasun izan beharko luke: enpatia garatzeak, ez epaitzeak eta, hala, borrokarako indarrak batzeak.
Gizakiok eragin dugun krisi klimatikoa ezin da kapitalismotik at ulertu, ezta gizartean gertatzen diren zapalkuntza guztiak ere. Horiekin hautakorra izateak diskriminazioak birproduzitzera eramanen gaitu. Ekosistemen galera eragiten ari diren suteak, abeltzaintzarako ustiatuko direnak, ez dira urruneko arazoak. Ulertzea animalien zapalkuntzak, besteak beste, lotura zuzena duela baliabideen ustiaketarekin, kutsadurarekin, pobreziarekin eta langileen esplotazioarekin funtsezkoa iruditzen zait horiei modu integralean aurre egiteko.
Klima aldaketa azaleratu dut, tamalez, gizakiak, gehienetan, kezka handiagoa agertzen duelako horrekiko, animalien sufrimenduarekiko baino. Finean, zuzenean eragiten duelako gure bizi baldintzetan. Suteekin min handiagoa sentitzen dugu kiskalitako lurraldeak gureak direnean, baina kanpoan gertatzen denari jaramonik egiten ez badiogu, beharbada, noizbait guri ere eraginen digu. Animaliekin bezala, euren bizitzak errespetatzea ez da bakarrik enpatia kontu bat, justiziarena ere bada, eta iruditzen zait, zorionez, gero eta jende gehiagok ulertzen duela orain hori.
Nor talde antiespezistak, urtero bezala, animalien askapenaren aldeko manifestaziorako deia egin du, azaroaren 1ean, Donostian, “espezismoaren iruzurrak agerian uzteko”. Gizakiok gure pribilegioak berrikusteko aldarri bat ere bada, herria eraikitzeko bidean, zapalkuntza guztietatik aske bizitzeko, zeharlerrotasunean lan eginez izanen baikara bakarrik aske.