Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak fundazioak ‘Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean:egoera eta aukera berriak’ jardunaldia egin berri dute Iruñean. Gazteek eskolan ez ezik plazan ere tresnak behar dituztela nabarmendu dute parte hartzaileek.
Edurne Elizondo
Kezka batek eraman ditu Euskaltzaindia eta Iruñeko Komunikabideak fundazioa Iruñeko Kondestablearen jauregian egin berri duten jardunaldia antolatzera: gaztetxoen euskarazko ahozko jarduna jorratu dute, eskolatik plazarako jauzian euskararen erabilerak nabarmen egiten duelako behera. Batetik, eskolako eta eskolatik kanpoko zenbait adituk parte hartu dute, egoeraren diagnosia egin eta euren proposamenak erdigunean jartzeko; bertzetik, gazteek hartu dute hitza, euren esperientziak partekatzeko, eta sendotu beharrekoak agerian uzteko asmoz.
Euskarazko ahozko jardunaNafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak izenburupean egin dute Iruñeko jardunaldia. Egoeraren nolabaiteko argazkia erakutsi dute parte hartzaileek: azaldu dute haurrek 8-10 urte inguru dutenean sumatzen hasten dela euskararen erabileran haustura; gaztetxoen eskolatik kanpoko jarduera, oro har, erdaraz dela; eta eskolan ere, arazoak daudela. Ezagutza mailan zer hobetu badela nabarmendu dute, adibidez, Yolanda Olasagarrek eta Helena Baraibarrek, eta hizkuntzaren tratamendu integralaren alde egin dute.
Nafarroako Ikastolen Elkarteko kide da Baraibar; Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Ataleko irakasle, berriz, Olasagarre. Curriculumak ikasleen komunikatzeko gaitasuna landu beharra jasotzen duela azaldu dute; abiapuntua hori izanda, halere, gaitasun hori garatzean, oraindik ere, “gabeziak” badaudela erran du Baraibarrek. “Bada zer doitu; ahulgune horiek, baina, indargune bilaka ditzakegu”.
Baraibarrek ikastetxeen hizkuntza proiektua “gauzatzea” jo du tresna nagusitzat: “Arlo guztietako irakasleek izan behar dute hizkuntza irakasle; komunikatzeko gaitasuna ez da bat beste gaitasunen artean, beste guztien oinarrian egon behar du”. Uste du ikasleen euskararekiko atxikimenduak ere huts egiten duela, eta irakasleak trebatuz landu daitekeela alor hori.
Olasagarrek kontatu du 2010etik ari direla lanean D ereduko ikastetxeekin, eta jaso dutela irakasleen eta ikasleen kezka. “Irakasleen artean etsipena sumatu dugu, ikasleek gero eta gutxiago egiten dutelako euskaraz”. Ikasleen iritzia jakiteko, DBHko bigarren mailako 253 gazteri egin diete inkesta: “Etxean euskaraz aritzeko aukera izateak babesa ematen die; ikasle batzuek euskaraz aritzeko arazoak dituztela aipatzen dute; eta askok onartu dute barne gatazka bat sentitzen dutela, euskaraz egin nahi dutelako, baina arazoak dituztelako egiteko. Ahalduntzeko tresnak behar dituzte”.
Gazteen esperientzia
Gazte nafarren euskarazko ahozko jarduna aztertu nahi izan du Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak fundazioak antolatutako jardunaldiak, eta, horretarako, gazteei eman diete hitza: Xabier Olano, Amagoia Nuin del Rio eta Uxune Campos aritu dira euren esperientziaren berri ematen.
Iruñeko Iturrama institutuko Batxilergoko ikasle dira Nuin del Rio eta Campos; iruindarra da lehendabizikoa, eta Etxarri Aranazkoa, berriz, bertzea. Institutu bereko ikasleak izan arren, jatorriak badu eragina gazteon euskarazko jardunean. “Iturramara etorri nintzen lehen egunean, pixka bat beldurtu nintzen; uste nuen Iruñean gehiago hitz eginen zela euskaraz”, oroitu du Camposek.
Camposek euskaraz egin ditu DBHra bitarteko ikasketak Etxarri Aranatzen; etxean ere familiak badaki euskaraz, baina azaldu du amarekin gaztelaniaz egiten duela. “Euskaraz badaki, baina gaztelaniaz hasi, eta ohitura bilakatu zaigu. Herrian lagunekin euskaraz egiten dut”.
Gaztelania “ohitura” bilakatu da, halaber, Olano eta Nuin del Riorentzat, zenbait egoeratan. “Lagun batzuekin euskaraz aritzen naiz, denekin ez; saiatzen gara, baina ez dugu normaltasunez hartzen, eta berehala egiten dugu gaztelaniaren alde”, azaldu du Nuin del Riok. Olanok ere onartu du lagun guztiekin ez duela euskaraz egiten: “Lagun jakin batzuekin bai, baina kuadrilla osoa gaudenean, erdarara jotzen dugu”, aipatu du.
Gaztelaniaren alde egiteko joera horren zergatiaz galdetu diete gazteei, eta zenbait kontu jarri dituzte erdigunean: ohitura eta lotsa, batez ere. Aitortu dute, gainera, euskararen erabilerari buruzko kezka izan arren, hizkuntzaren auzia ez dutela lehentasun lagun artean. Adibide bat aipatu du Xabier Olanok: “Azken Euskaraldia egin zenean, kuadrillan konpromisoa hartu genuen euskaraz egiteko gure artean; hilabete inguru aritu ginen, eta, berriz ere, gaztelaniaz hasi ginen”.
Olanok ere Iturrama institutuan egin zituen ikasketak. Orain kontserbatorioan dago, pianoko ikasketen seigarren maila egiten. Gaztelaniaz egiten ditu. Izan ere, eskolatik kanpoko jarduera gehienetan gaztelania da nagusi, oraindik ere. Hark izan du aukera solfeo euskaraz ikasteko, adibidez, eta futbolean aritu den zortzi urteetako batean ere euskara izan zuten hizkuntza nagusi, jokalariak eta entrenatzaileak euskaldunak zirelako. Nuin del Riok, berriz, eskolatik kanpo garatu dituen kirol guztietan egin behar izan du gaztelaniaz.
Aisialdiko bertze zenbait jarduera aipatu dituzte gazteek, eta agerian utzi dituzte dauden zailtasunak. Musikaren arloan, adibidez, hirurek entzuten dituzte euskal taldeak, batez ere; ikus-entzunezkoen esparruan, berriz, eskaintza urria dela nabarmendu dute. Netflixen gisako plataformak aipatu dituzte, eta euskarazko edukirik ia ez dagoela azaldu dute, hain zuzen.
‘No te entiendo’
Ikastetxetik kanpoko egoeraz aritu dira gazteak, bai eta institutu barrukoaz ere. Izan ere, Iturramakoa D ereduko zentro bat izan arren, gela barruan ere gaztelania erabiltzen dute ikasle batzuek. “Niri esan izan dit beste ikasleren batek ‘no te entiendo‘”, kontatu du Camposek. Euskalkiaz aritzen da, eta eskertu du dena ulertu ez arren solasaldia euskaraz entzuteko ahalegina egiten dutenen jarrera; onartu du, halere, beti ez dela gertatzen, eta, askotan, joera dela gaztelaniara pasatzea.
Olanok, Nuin del Riok eta Camposek irakasleek betetzen duten rola ere aipatu dute. Zenbait irakasleren euskara “eskasa” dela aipatu dute, adibidez; irakasle batzuen eta bertzeen hizkuntzarekiko konpromisoa ere ez da bera, azaldu dutenez, eta horrek badu eragina, haien ustez, ikasleen jokabidean: “Batzuk serio esaten dute euskaraz egin behar dugula; beste batzuek, berriz, ikasleak gaztelaniaz entzuten dituztenean ez diete kasu handirik egiten”, kontatu dute.
Olanok erantsi du entzun izan dituela irakasleak elkarren artean gaztelaniaz. “Uste dut guretzat eredu izan behar dutela; gazteok badugu zer egin, eta konpromisoa eta kontzientzia hartu behar dugu, baina irakasleek ere badute zer hobetu”.
Erabilera sustatzea, finean, euskararen inguruko eragile guztien ardura da. Horixe utzi du agerian Iruñeko irailaren 28ko jardunaldiak: ezagutza sendotu behar dela, erabilera sustatzeko, eta hori guztia egiteko baliabideak behar direla.
%25
ZENBAT GAZTE DIREN EUSKALDUN. Euskarabideak Iruñeko jardunaldian emandako informazioaren arabera, herrialdeko gazteen %25 dira euskaldunak, 2018ko datuak kontuan hartuta. 1991n, berriz, %10 ziren.
%60
GAZTELANIAZ HOBETO MOLDATZEN DIRENAK. 2018ko datuen arabera, gazte euskaldunen %60 inguru moldatzen dira hobeto gaztelaniaz, euskaraz baino. Herritar euskaldun guztiak kontuan hartuta, erdiek diote hobeto egiten dutela gaztelaniaz.
%16
EUSKARAZ HOBETO MOLDATZEN DIRENAK. 2018ko datuek diotenez, nafar euskaldunen %16 moldatzen dira hobeto euskaraz, gaztelaniaz baino. Kopuruak behera egin du: 1991n, %40 ziren euskaraz hobeto moldatzen zirenak, hain zuzen ere.