Bidatz Villanueva Etxague
Euskararen Nafarroako kale erabileraren datuen arabera, neurketa egin den 32 urteotan ez dira portzentajeak nabarmen aldatu. Gorabeherak izan dira, baina oro har, eutsi egin zaio. Azken bost urteotan ezagutzak gora egin arren, behera egin du erabilerak, eremu euskaldunean batez ere. Izan ere, mundu osoan, pertsonen fluxua gero eta handiagoa eta azkarragoa da. Herri isolatuak gero eta fenomeno bakanagoak dira.
Datuak nahitaezkoak dira lanerako norabide zuzenak erabakitzeko, non eta nola eragin behar den zehazteko, zergatiak ulertzeko eta, orokorrean, argia emateko askatzeko zaila den korapilo bati. Hala, besteak beste, hainbat giltzarri eman zituen neurketak: 17tik 1 aritzen da euskaraz Nafarroan, emakumeak gehiago, eta “gaztetu” egin da erabilera. Haurrak presente daudenean nabarmen egiten du gora euskarak. Bestalde, jaitsi egiten da harreman horizontaletan, eta 65 urte baino helduagoengan ere bai.
Ikerketek adierazten dituzten joeren arabera ekintza lerroak diseinatzeari, ordea, oztopo asko gehitu behar zaizkio. Izan ere, euskarari justizia ematen ari zaizkion makilakadak ez datoz bat hizkuntza eskubideen nazioarteko itunek eta komunitate minorizatuak deitzen direnak errespetatzeko gidalerroekin.
Urte luzez kriminalizatua egon da euskaraz bizitzeko hautua egitea, jazarria, eta horrek guztiak eboluzio bat izan du, indarkeria ia ikusezin egiteraino. Epai andana izaten ari da, udaletako lanpostuen profiletako hizkuntza eskakizunak deuseztatuz, euskaldunok euskaraz atendituak izateko dugun eskubidea guztiz urratuz.
Askotan zail egiten zaigu euskaldunoi lehen hitza euskaraz egitea, beti gu gara atzera egin behar dugunak, gure identitatearen zati bat ezkutatu. Gure jarrera neurtu ondokoa sobera ez eragozteko. Eta nolako baliotan hezten dira erdaldun elebakar asko, uste baldin badute zilegi dela euren mesederako euskaldunoi exijitzea gure hizkuntzari uko egitea?
Hala eta guztiz ere, oztopoak oztopo, eta gizartean jazo diren aldaketa zenbakaitz guztiez gaindi, kale erabilera bere horretan mantendu da. Noski, zonifikazioaren arabera argi sumatzen dira aldeak, iparraldean egiten baita gehien; eremu mistoa da zerrendan hurrengoa, eta ez euskaldunean ehiten da gutxien.
Zergatik egiten dugu euskara? Zergatik hizkuntzari eutsi? Motibazioak oso bestelakoak izan daitezke batengan eta bestearengan, baina baliagarriak dira denak berdin-berdin. Praktikotasunagatik bakarrik gidatuko bagina, hizkuntza eta horri atxikituriko kultura asko desagertuko lirateke.
Ikerketatik beste ondorio bat aterako nuke: euskalgintzan buru-belarri aritu diren guztien lan nekeza, eta egun dihardutenena, alegia. Argi dago oztopoak anitzak eta gogorrak direla, batez ere babes juridikorik existitzen ez denean.
Baina hainbestekoak dira ere aukerak, eta indarguneek ematen duten esparruei heldu behar diegu, dugunari eutsi eta aurre egin, alegia; eta berrasmatu jarduteko moduak, beharbada. Herrigintza indartu, eta tradizioz euskaldunak izan diren eremuak babestu.