Olatz Azpirotz Larzabal
Askotan, orainaldiari izkin eginez, hausnarkor jarri, eta bizitzaren norabideari buruzko elkarrizketak eta beldurrak izan ohi ditugu, etengabeko jakin nahian, ezjakintasunak batzuetan hesteetaraino izorratzen baikaitu. Hala ere, biharko egunak oro har harritzeko edo lasaitzeko daukan botereaz gain, etorkizunak, batzuetan gozo hartzen gaitu.
Eta horrela izan da Baztango Amatxiarekin: Candida Jauregi. Candida aurreko hilabetetik, urritik, Nafarroako pertsona adinduena izan da, eta horren erakusgarri dira bete zituen 107 urte gozoak.
Garai haietan, kasu honetan XX. mende hasieran, baserri giroan jaio, hazi eta hezitakoen gisara, Candida Jauregi haurtzarotik lana oso presente izan duen emakume bat izan da: lurra eta ostera handitutako familiaren zaintza. Bestalde, euskal historiaren 107 egun, gau, errauts, agur, ogi, beldur, irri, itxaropen, birsortze eta urte bizi izandako emakumea izan dugu.
Elizek mezekin sortzen zuten elkargunea, batik bat inguruko berriak ezagutzeko baliabide bakarra zen garaietan, Jauregiren sorterria izandako Amaiur herria hainbatetan, gertakari ezberdinengatik, izanen zen eguneko protagonista, eta, protagonismo guztien gisara, berriak pozteko modukoak edo, bestela, sabela estutzekoak izanen ziren. Horrela gertatu zen 1931. urtean, 1922. urtean jarritako eta gaur euskaldunontzat behin (gutxienez) argazkia ateratzeko nahitaezko gune bihurtu den eta nafarron historiaren sinboloa den Amaiurko oroitarriarekin. Candida Jauregik aipatu bezala, uztailaren 25eko gauerdian etxean eztanda handia entzun zuten, eta ostera, oroitarria leherrarazi zutela jabetu ziren.
Ordutik, Amaiurko gazteluaren oroitarriak hainbat eraso jaso izan ditu, baina ez da horrelakorik jasan duen monumentu bakarra izan, adibideak jartzearren: Erreniega mendilerroko oroitarria, Ezkabako gotorlekua, estatu kolpearen erailketak oroitarazten dituzten Iruñeko Alde Zaharreko brontzezko txapak, German Rodriguezen oroitarria, Gaztelu, Elo eta hainbat nafar menditan Nafarroako Erresumaren gotorlekuen oroitarriak eta historiaren eta kultur oroimenaren lekuko diren beste hainbat sinbolo… Guztiak metalezko edo harrizko sinboloak, guztiak materialak, eta ezta bat ere gizatiarra.
Agian, horregatik poztu zen hainbeste nire amatxi Irulegiko Eskuaren berri izan zuenean, aurreiritzi asko deuseztatzeko balio zuela ikusi zuelako, eta, agian, leherrarazi, margotu edo apurtu ezin duten lekuko berri bat dela jabetu zelako.
Hala ere, ziur nago, bere lekukotasuna eta berak bizi izandakoa aintzat hartuko bagenu, are alaiago jarriko litzatekeela, eta horregatik uste dut, akaso, ez ditugula soilik metalezko edo harrizko sinboloak behar, agian, gure amatxiek bizi izan zutena entzuteari eta jakiteari lehentasuna eman beharko genioke; bizi izandakoa, isilpeko sinbolorik pisutsu eta garaiena den hori, haiek bakarrik ez eramateko.
Horregatik, metaletik gorputzera salto eginez, eta haiek gertutasunez zaintzen gaituzten gisara, gu haiek bizi izandakoaren lekuko bihurtuz, zain ditzagun gure amatxiak.