Iruñeko Paris 365 jantoki sozialaren zenbait erabiltzailek futbol talde bat osatu dute, zelaian eta handik at eragiteko asmoz. Karrika izan dute anitzek etxe, baloia jotzeko oinetakoak jantzi dituzten arte. Kirolak helduleku bat eskaini die aurrera egiteko bidean.
Edurne Elizondo
Sanduzelai Peñaren aurka jokatu zuten azken partida, joan den larunbatean, eta 4-2 galdu zuten. Norgehiagokaren ondoko lehendabiziko entrenamenduan, baina, entrenatzaileen txaloa eta aitortza jaso dute jokalariek: “Harro gaude”. Paris 365 Iruñeko futbol taldeko entrenatzaile Johan Bjorkstrom eta Mikel Lizaso “harro” dira, taldea osatu zutenetik anitz lortu dutelako jokalariek zelaian, bai eta handik at ere. Kirolak helduleku bat eskaini die aurrera egiteko bidean.
“Nik futbola maite dut; elkartasuna eta gizartea eraldatzeko gaitasuna oinarri dituen futbola. Ez dut maite Qatarko Munduko Kopa, eta ez dut FIFA batere maite; FIFAk lapurtu egin digu denoi futbolaren benetako muina”. Sutsu mintzatzen da Johan Bjorkstrom kirol horri buruz. Stockholmen jaiotako “euskandinabiar nafarra” da; Suediatik aspaldi etorri zen Nafarroara, eta Iruñea izan du etxe azken hamarkadetan. Futbola “funtsezkoa” da harentzat, eta horregatik ez zuen inolako zalantzarik izan Iruñeko Paris 365 jantoki sozialean abiatu nahi zuten proiektuaren berri eman ziotenean: “Oihana Barrios psikologoa laguna dut; Paris 365ekoak laguntzen aritzen da; Barrios izan da proiektu honen sustatzaile nagusietako bat. Entrenatzaile izateko eskatu zidan, eta baietz erran nion, berehala, nire bikotekidearen babesari esker”, kontatu du.
Proiektua zen jantoki sozialeko erabiltzaileekin futbol talde bat osatzea, eta kirola bilakatzea egoera zaurgarri batean zirenentzat helduleku. Sanferminak pasatuta hasi ziren lanean; gaztelugibelean entrenatzen ziren hasieran, baina Larrabide kiroldegian toki bat dute orain, eta zazpiko futboleko txapelketa batean ari dira parte hartzen. Abenduaren 10ean jokatuko dute hurrengo partida, Sarrigurenen, Hostal Don Javier taldearen aurka. Entrenatzaileek agindu zehatza eman diete jokalariei norgehiagoka horretarako: atera jaurti dezatela, alegia. “Poetak dira gure jokalariak, futbolaren poetak; baloia batetik bertzera mugitzen dute aurkariaren area barruan, atera jaurti gabe”, onartu dute entrenatzaileek, irribarre batekin.
Karrika zuten etxe
Paris 365 futbol taldea martxan da, eta jaso dituzte egindako lanaren lehendabiziko fruituak. Jokalari gehienek ez zuten elkar ezagutzen taldea osatu baino lehen; marokoarrak dira ia denak, baina badira Senegalgo, Peruko, Ginea Konakriko eta bertze zenbait herritako futbolariak ere. Haietako anitzek karrika zuten etxe, baloia jotzeko oinetakoak jantzi zituzten arte. Orain, aterpe bat lortu dute, konpromiso bat hartu dute elkarrekin sortu duten kolektiboarekin, eta behar zuten heldulekua lortu dute bidea egiten segitzeko.
Bide hori ez da batere erraza izan jokalari gehienentzat. Migratzaileak dira, pertsona arrazializatuak, eta bertze herritarren aurreiritziak, arrazakeria eta klasismoa sufritu dituzte zenbaitetan. Ikusezinak izan dira.
“Gazteon egunerokoa zaila da. Euren herria atzean utzi dute; urte luzez lapurtu dieguna berreskuratzera etorri dira. Kolonizazioaren ondorioak pairatu dituzte euren herrian, eta gure supremazismotik, gainera, esaten diegu ez dutela deus ez dakitelako antolatzen”, nabarmendu du Mikel Lizaso entrenatzaileak.
Kazetaria eta irakaslea da; Gipuzkoatik etorri zen Iruñera, aspaldi, eta bete-betean murgildu da Paris 365eko proiektuan. Bjorkstromen filosofia bera du futbolari buruz, eta hori transmititu nahi die taldeko jokalariei: gizarte justuago eta solidarioago baten aldeko balioak.
Hori lortzeko, garbi du “atea ireki” behar zaiela bertze herrietatik “lapurtutako” etorkizun baten bila heldu direnei. Abderrahmane Ukhira taldeko kapitaina da Iruñera kanpotik etorri diren herritarretako bat. 25 urte ditu, eta Marokoko berberea da, amazig herrikoa. “Harro nago nire herriaz; Marokoko jatorrizko herritarrak gara. Gure hizkuntza dugu, gure kultura, gure bandera, baina isilarazi nahi gaituzte. Etorri nintzenean, sumatu nuen euskararekin hemen gertatzen dela antzeko zerbait”.
Hiru urtez Zuzenbideko ikasketak egin zituen Ukhirak sorterrian, baina lana bilatzen hasi zenean, errealitateak zapuztu zizkion asmo guztiak. “Ez nuen deus lortu”. Marokotik Espainiara joan zen, 2020. urtean; Almeriara, zehazki. Kamioi baten beheko aldean ezkutatuta iritsi zen. Handik etorri da Iruñera. Orain, gela bat du etxe batean, baina karrikan bizi izan zen hasieran, zenbait hilabetez. “Hagitz gogorra da. Familiari beti erraten nion ongi nintzela, ez nien deus kontatzen, ez nien nire benetako egoeraren berri ematen”. Familia laguntzea baino ez du buruan Paris 365 taldeko kapitainak. Jantoki sozialean jaso zuen behar zuen babesa, eta gainerako jokalariekin osatzen ari diren sareak “indarra” eman diola nabarmendu du.
“Kontent” da Paris 365 taldean. Iruñean gelditu nahi du, eta “lan” egin, aurrera egin ahal izateko: “Zuzenbidea ikasten jarraitu nahiko nuke. Bertzela, soldatzen ikasi nahiko nuke, lanean hasteko”. Entrenatzaileen konpromisoa eskertu du, bai eta bertze jokalariena ere. “Elkarri laguntzen diogu”.
Harremana eta errespetua
“Edozer gauza behar baduzu, deitu lasai”. Paris 365 taldeko entrenatzaileen eta jokalarien arteko harremana kirol esparrutik harago doa. Sumatzen da entrenamenduetan. Handik kanpo ere bai: “Osasunako nire txartela utzi izan diot jokalariren bati!”, erran du Bjorkstromek, barrez.
Entrenatzaile horri “irakasle” erraten diote jokalari gehienek; agerikoa da taldeko kideek entrenatzaileei dieten errespetua; entrenatzaileek jokalariei dietena ere bai. Proiektu bereko kideak dira, eta denen artean ari dira mamitzen eta garatzen. “Denon artean egin behar dugu aurrera”, berretsi du Lizasok.
Lizasok eta Bjorkstromek erdigunean jarri nahi dute herrialdean bizi diren gazte anitzen egunerokoa, eta gizarte osoa inplikatu benetako harrera toki izateko ahaleginean. “Amorrua eta tristura sentitu ditut taldeko jokalariak baztertu dituztenean, bertzerik gabe, bertze herri batean jaio direlako”, erran du Bjorkstromek.
Naufal Amih, jokalari gehienak bezala, Marokon jaio zen. Duela bederatzi hilabete iritsi zen Nafarroara, eta gaztelaniaz hagitz ongi moldatzen da jada. Marokoko bertze jokalariei itzultzen dizkie entrenatzaileen aginduak. Ingelesa ere erabiltzen dute taldeko kideek. Denentzat, gainera, “lau hitz gako asmatu” dituztela azaldu du Mikel Lizasok: “Gaztelaniazko tiro, atera jaurti behar dutela azaltzeko; arabierazko aaila erabiltzen dugu zelaian, taldea berriz antolatu behar dugula azaltzeko; euskaraz, lasai hitza dugu, jokoa sutsuegia denean jokalariak lasaitzeko; eta, azkenik, no clac erabiltzen dugu, faltarik egin ez dezatela eskatzeko”, aipatu du.
Entrenatzaileek “lasaitzeko” erran behar izan diote Naufal Amihri, asteleheneko entrenamenduan. Haserretu egin da bertze kide batekin, baloiari eutsi diolako. Saioa amaitu eta gero, izan dute aukera hitz egiteko. Lasaitu dira, eta desagertu da Amihren keinu serioa haren aurpegitik. Horrelako egoerei aurre egitea ere bada entrenatzaileen lana. “Proiektu honek aurrera eginen du bakarrik elkarrekin egiten badugu lan, elkarri babesa emanez”, erran dio Lizasok jokalariari. Eta baietz erantzun dio, zuzen dela.
Amihk 32 urte ditu, eta bisarekin ailegatu zen; pandemiagatik Espainia eta Maroko arteko muga itxi zutenean, baina, ezin izan zen itzuli, eta han zuen lana galdu zuen. “Ez da erraza hemen aurrera egitea”.
Paris 365 jantokian aurkitu zuen behar zuen babesa. Orain futbola eman diote; eta, lehenago, antzerkia. Izan ere, Parisek eta bertze zenbait eragilek elkarrekin ondutako Aporofobia stop obran aritu da aktore.
Antzerkia eta futbola; kirolen esparruan urratsak egiten segitu nahi dute Paris 365eko entrenatzaileek, gainera: atletismo talde bat osatzeko ideia lantzen ari dira jada, poeta paristarren familia handitzen jarraitzeko; kirola zaurgarrienentzat helduleku sendo bilakatzeko.
Jokalariak:
Naoufal Amih (Maroko).
Rachid Uslim (Maroko).
Abderrahmane Uhkira (Marokoko amazig herria).
Chems Eddine Guenduzi (Aljeria).
Mohamed el-Mumen (Maroko).
Dante Calderon Cervantes (Peru).
Mohamed Taha Busseraf (Maroko).
Hamza Makhkha (Maroko).
Thierno Amadou Diallo (Ginea Konakri) .
Iba Sow (Senegal).
Reduane Lakrad (Maroko).
Mohamed Nuisser, Courtois (Maroko).
Charaf Ayujil (Maroko).
Khalid Fardag (Maroko)
Abderezzak El Mrabet (Maroko)
Hamza Mani (Maroko).