Hamabost labankada, bi tiro

Hamabost labankada, bi tiro

E. Elizondo

Isiltasuna da nagusi aretoan, Alexandra Andinok (Tegucigalpa, Honduras, 1980) hitz egiten duen bitartean. Entzuleen emozioa baino ez da sumatzen. Eta nabarmena da. Naturaltasunez kontatu du Hondurasko ekintzaile transexualak bere istorioa. Dramatismorik gabe, bizi izandakoaren gogortasuna agerikoa izan arren. Sorterritik ihes egin behar izan zuen 2012. urtean, hilabete batez bahitua egon eta ia eraila izan eta gero. Hamabost labankada eta bi tiro eman zizkioten. Zaku batean sartu zuten bahitzaileek, hilda zegoela pentsatuz. “Poliziak ziren; haurrak ginenetik ezagutzen genuen elkar”. Poliziaren eta Hondurasko Gobernuaren aurkako salaketa jarri zuen Andinok, sorterritik atera baino lehen. Madrilen, Barajasko aireportuan, salaketa horren berri ematen zuen agiri hori izan zen giltza, babesa eskatzeko prozesua martxan jarri ahal izateko.

“Zoritxarrez, Alexandraren kasua salbuespena da. Ezohikoa da, erabat, genero eta sexu joerarengatik nazioarteko babesa jasotzea. Eskaera gehienak atzera botatzen dituzte”. Silvia Concha Horrillorenak dira hitzak. Andinorekin batera aritu da nazioarteko babesari buruz. Paperean jasotako eskubidea izan arren, gutxitan betetzen dela nabarmendu du. Estereotipoek agintzen dutela, oraindik ere; eta herrien arteko interesak izaten direla nagusi. Datu hotzak mahai gainean jartzea egokitu zaio adituari: “Latinoamerikan 594 transexual hil zituzten 2013 eta 2014 bitartean; munduko 62 herritan 1.700 hil zituzten 2008tik 2014ra bitartean; Nazio Batuen Erakundeak berak aitortu du oraindik 70 herritan sexu bereko pertsonekin harremanak dituztenak zigortu, atxilotu eta hiltzen dituztela”.

Halako datuen atzean ezkutatzen den errealitatea ederki ezagutzen du Andinok. Hondurasen bizi izan zuen, handik atera baino lehen. Arcoiris taldeko buru izan zen, transexualen eskubideen alde, eta bertze hamaika taldetan ere aritu zen. “Transexualok ezkutatuta ibili behar genuen; ez ginen aske; zapaltzen gintuzten; mozorrotu behar genuen, karrikara atera ahal izateko. Errealitate hori aldatu nahi nuen”.

Ez zen lan erraza izan. 50 urteko lagun baten gorpua identifikatzera joan behar izan zuen unea ekarri du gogora Andinok. “Prostituta zen; transexual anitzek bertze aukerarik ez genuen. Karrikan, gu hiltzen hasi ziren”. Urte bakar batean ehun transexual hil zituztela salatu du Andinok. “Baina hilketa bakar bat ere ez zuten ikertu; finean, estatua eta Polizia ari ziren gu hiltzen”.

Andinoren aurpegia ezaguna zen Hondurasko hiriburuan. Hamaika aldiz agertu zen jendaurrean, bai eta telebista saiotan ere, transexualen alde. “Bazterketari eta indarkeriari aurre egin nahi nion”. Izan ere, karrikan ez ezik, etxean ere pairatu zuen Andinok bertzeen arbuioa. Aitaren kolpeak, bai eta amaren oihuak ere. Ez zuten zen bezala onartu nahi.

Sakan batetik behera

Transexualen aurkako jazarpenak gora egiten jarraitu zuen; Andinoren aurkako mehatxuek ere bai. “Lagun anitzek erraten zidaten alde egin behar nuela, hilko nindutela”. Baina Andinori kosta egiten zitzaion dena atzean utzi eta ihes egitea.

Etxera haren bila joan ziren arte. Bahituta eraman zuten, eta, ia hilabetez, torturatu egin zuten. “Ez dakit zergatik atera nintzen bizirik handik. Buruan hainbat labankada eman zidaten; bortxatu ninduten; kolpeak eman zizkidaten, eta bi tiro hanketan”. Ahotsak ez dio huts egin Andinori bizi izandakoa kontatu duen bitartean. Bizirik dela ospatzen du egunero. Mezu hori zabaldu nahi du, batez ere. “Aurrera egin behar dugula, elkar errespetatuz. Nik ez dut negar egin nahi; negar egin nuen, baina orain kontatzeko ordua da”.

Hila zela pentsatuz, zaku batean sartu zuten Andino haren bahitzaileek, eta sakan batetik behera bota zuten. “Hanka bat eta beso bat hautsiak nituen, baina lortu nuen inguruan ziren etxeetara ailegatzea”. Familiari deitu zion Andinok, eta transexuala zelako arbuiatzen zuten gurasoen berotasuna eta babesa jaso zituen. “Ez ninduten hilda ikusi nahi”.

Haien laguntzarekin, GIB zutenentzako zentro batean hartu zuten Andino, eta han osatu zen. “Ezin nuen ospitalera joan, Poliziari deitu eta hilko nindutelako”. Osatu eta gero, Nikaraguara alde egin zuen Andinok, handik Brasilera, eta, azkenik Costa Ricara. 2011n, ordea, sorterrira itzuli zen ezkontza batera. “Zorte txarra izan nuen; norbaitek ikusi ninduen; jakin zuten bizirik nintzela”.

Berriz ere ihes egiteko ordua ailegatu zitzaion. Berriz ere Costa Ricara joan zen, eta handik, Madrilera. Aireportuan, Espainiako Poliziak atxilotu egin zuen. “Gaizki tratatu ninduten”. Aireportuan atxilotu, eta biharamunean sorterrira itzultzeko agindua eman zioten Andinori. “Ezin nuen sinetsi”. Zain zela, abokatu batek lagundu zuen. Errefuxiatuak Laguntzeko Espainiako Batzordeko (CEAR) kideekin harremanetan jarri zen, haren bidez. “Hondurasko Poliziaren eta Gobernuaren aurka jarritako salaketaren agiria nuen, eta, paper horri esker, errefuxiatu bihurtzeko prozesua martxan jarri nuen”.

2012an ailegatu zen Andino Madrilera. Zentro batean hartu zuen aterpe, bere auzia konpondu bitartean. Ohi baino azkarrago egin zuten. “Bost hilabete pasatu eta gero, errefuxiatutzat hartu ninduten”. Bertze zazpi hilabetez gelditu zen zentroan. Trebatzeko ikastaroak egin zituen, eta sei hilabetez 600 euroko laguntza jaso zuen. “Gero, deus ez”.

Andino CEAR erakundean ari da orain lanean. Berearen antzeko egoeran daudenak laguntzea du helburu. Transexualen alde jarraitzen du, gainera. Madrilgoa ez da Hondurasko egoera, baina Espainian ere transexualak baztertuta daudela salatu du. Eskoletan aritzen da, bertzeak bertze, gaia lantzen. “Hau da nire istorioa; nire bizitzaren erdia Hondurasen utzi nuen; baina aurrera egin nahi dut; aurrera egin behar dut”.