[URTEKARIA, 2022] Ekainean piztutako suteek 14.500 hektarea kiskali dituzte. Zenbait herri eta Sendaviva hustu behar izan zituzten; zoologikoan, hamabi animalia hil ziren, eta mendietan, milaka.
Edurne Elizondo
Suteek inoiz ez bezala jo dute Nafarroa aurtengo udan: ekainean, egun bakar batean, hamabi su piztu ziren batera herrialdean, Erreniega hegoaldetik Valtierraraino. Datuek laster eman zuten hondamendiaren neurria: 14.500 hektarea inguru kiskali zituen suak. Ekaineko garrek eta keak, gainera, izua eragin zuten herritarren artean; suak inguratuta gelditu ziren herri anitz, eta hustu egin behar izan zituzten. Garesen, lurraren %70 eta basoen %90 erre zuen ekaineko suak; San Martin Unxen, berriz, udalerriko lurraren %95. Bi adibide bertzerik ez dira. Espainiako Gobernuak hondamendi eremutzat jo ditu udako suteek kalte egindako herriak.
2016. urtean, Tafalla eta Puiu arteko sute handia gertatu zenean, Nafarroako suhiltzaileek ohartarazi zuten gisa horretako hondamendiak maizago gertatzea izanen zela ordutik aurrerako joera, eta denborak berretsi du zuzen zirela. Aurtengo udan, beroak marka guztiak ondu ditu, eta arriskuak nabarmen egin du gora: suteekin batera, lehortea ere arazo bilakatu da herrialdean.
Suhiltzaileen kritikak
2016an bezala, egungo egoerari aurre egiteko eta egokitzeko beharra jarri dute suhiltzaileek erdigunean, udako suteak gertatu eta gero, eta gogor kritikatu dute Nafarroako Gobernuaren jarrera. Udan, Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari nagusi Amparo Lopezek dimisioa eman zezala eskatu zuten suhiltzaileen LABeko ordezkariek. “Egiturarik eta baliabiderik eza” salatu zuten, Iruñean, hedabideen aurrean egindako agerraldi batean.
Azaroaren 14an, gainera, Nafarroako 310 suhiltzailek —herrialdean daudenen %80, alegia— agiri bat aurkeztu zuten, Iruñean, Nafarroako Gobernuko erregistroan, sufritzen duten “utzikeria” salatzeko asmoz. Suhiltzaileek egoera “larria”dela azaldu zuten, eta zerbitzuak “egiturazko arazoak” dituela.
Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari Javier Remirezek egindako kudeaketa kritikatu zuten suhiltzaileek, eta bilera bat egiteko eskatu zioten, gainera, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiteri. Suhiltzaileek, bertzeak bertze, parke bakoitzeko gutxieneko suhiltzaile kopurua handitzea nahi dute.
Udako suteek gogor jo zuten tokietako bat izan zen Arguedasko Sendaviva zoologikoa. Ekainaren 18an, bisitariak eta animaliak atera behar izan zituzten, sua bertan zutelako. Ezin izan zituzten animalia guztiak salbatu: hamabi hil zirela onartu zuen zoologikoak, ohar baten bidez. “Estresagatik” zendu zirela azaldu zuten Sendavivako arduradunek. Denera, zortziehun animalia inguru daude zoologiko horretan. Udako suteetan bertze milaka animalia hil ziren herrialdeko basoetan eta mendietan.
Sendavivak uztailean ireki zituen ateak, berriz ere, suteen ondorioz ia hilabetez itxita egon eta gero. Azaroan, hain zuzen, Nafarroako Parlamentuak onartu zuen zoologikoari diru publiko gehiago ematea: sutea gertatu aurretik onartutako 1,7 milioi euroren maileguari 1,5 milioi euroren bertze bat gehitu diote, zoologikoa lehengoratzeko lanak egiteko.
Inauguratu zutenetik, eta 2020ra bitarte, 70 milioi euro inguru eman dizkio Nafarroako Gobernuak Sendavivari. Kontuen Ganberak gogor kritikatu izan ditu inbertsio publiko horiek.
Ezkabako sua
Ekainekoak izan dira larrienak, baina sute gehiago piztu dira herrialdean, azken hilabeteotan. Irailean, adibidez, Ezkaba mendiak hartu zuen su. Irailaren 20an piztu zen sutea, eta garrak azkar batean hasi ziren mendiaren ekialdeko pinudi batera zabaltzen, haizeak bultzatuta. Gauerdi aldera sutea kontrolatzea lortu zuten suhiltzaileek, eta goizerako itzalitzat eman zuten. Suak 27 hektarea erre zituen Ezkaba mendian.
Suak, halere, izua eragin zuen, Iruñeko eta Antsoaingo zenbait etxebizitzetatik gertu piztu baitzen. Ezkabako tunelak itxi behar izan zituzten, hain zuzen ere, bai eta Atarrabia eta Antsoain arteko saihesbidea ere.
Esa eta Leire inguruan eta Zarrakaztelun ere gertatu dira suteak, aurten. Herri horietan kalte nabarmenak eragin ditu suak. Joan den abuztuan, hain zuzen, herri horiek ere hondamendi eremutzat jo zituen Espainiako Gobernuak.