[URTEKARIA, 2022] 0-3 zikloaren egoera aspalditik da kezka iturri haur eskoletako arduradunentzat. Udaberrian grebara deitu zuten, azkenean. Zenbait neurri adostu dituzte parlamentuko ia talde guztiek.
Edurne Elizondo
Aspaldikoa da 0-3 zikloa “duintzeko” aldarrikapena Nafarroan. Asmo horrekin sortu zuten herrialdeko 0-3 Plataforma, 2001. urtean, eta, hainbat urtez geldirik egon eta gero, indarrez biziberritu zuten taldea, 2019. urtean. Udaberrian, “nahikoa”zutela azaldu zuten plataformako kideek, eta “0-3 zikloa duintzeko eta prekarietatea atzean ustezko” asmoz, grebara deitu zuten. Ekainaren 30era arte, hirurogei egunez eutsi zioten protestari.
Haur eskolen oinarrizko arazoa argi eta garbi azaldu dute plataformako hezitzaileek, behin baino gehiagotan, azken urteotan: 0-3koa hezkuntza zikloa izan arren, ez dagoela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren barruan. Gobernuak laguntzen du, baina kudeaketa udalen esku dago. Horrek ondorio nagusi bat du: udalok kudeaketa eredu ezberdinak erabiltzen dituztela, eta, ondorioz, lan bera egiteagatik baldintza ezberdinak dituzte haur eskoletan ari diren profesionalek.
Grebara deitu baino lehen, hamaika elkarretaratze eta manifestazio egin dituzte 0-3 Plataformako kideek euren egoeraren berri zabaltzeko, kolektiboa sortu zutenetik. Nafarroako Gobernuarekin ere behin baino gehiagotan saiatu dira negoziazio prozesu sendo bat abiarazten, baina, denbora luzez, saiakera horiek guztiak hutsean gelditu izan dira.
Maiatzaren 2an, grebara deitu bertze aukerarik ez zutela erabaki zuen 0-3 Plataformak. Bi hilabetez, haur eskoletako langileen aldarriek hartu zituzten Iruñeko karrikak. Ekainaren 30ean, baina, “helburuak lortu gabe”, protesta bertan behera uztea adostu zuten. Haur eskoletako langileek eskertu zuten herritarren babesa, eta irailetik aurrera, borroka biziberritzeko prest agertu ziren.
Plataformako bozeramaile Eider Gardek Nafarroako Hitza-n uztailean azaldu zuen grebak “are prekarioago” bilakatu zituela haur eskoletako langileen baldintzak, eta biziraun ezin duten langile asko daudelako erabaki zutela protesta hutsean uztea. Nabarmendu zuen talde gisa “batasuna” lortu zutela grebako hilabeteetan, eta ontzat jo zuen talde gisa lortutako indar hori.
Akordioa parlamentuan
“Gogoeta egin behar dugu. Hitz egiteko eta datorren ikasturtean zer egin erabakitzeko; adosteko zer-nolako mobilizazioak eginen ditugun. Orain garbi dugun gauza bakarra da itzuliko garela; gobernuak ezin izan gaitu erosi, eta horrek zilegitasuna ematen digu borroka aurrera segitzeko”, erran zuen Gardek, uztaileko elkarrizketan.
Uda amaituta, hain zuzen, euren aldarrikapenei eutsi zieten 0-3 Plataformako kideek. Lehenago, abuztuan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua hasi zen kudeatzen ordura arte Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuaren menpe egon ziren haur eskolak. Plataformak “Ontzat” jo zuen urrats hori; ez, ordea, nahikotzat.
0-3 Plataformak borondate politikorik eza aipatu izan du haur eskolen auzia luzatu izana azaltzeko. Irailean, urrats bat egin zuten herrialdeko ia talde guztiek. Navarra Sumak lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, “0-3 zikloko haur eskoletako langileen lan baldintzak hobetzeko”, baina gainerako taldeek uko egin zioten lege proposamena tramiterako onartzeari.
Navarra Sumaren proposamena bazter utzita, itun bat sinatu zuten PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Itun horren asmoa da, bertzeak bertze, udalen eta Nafarroako Gobernuaren haur eskoletako langileen soldatak berdintzea eta hezkuntza laguntzarako ehun jardunaldi osatzeko adina langile kontratatzea. Zuhur jokatu nahi dute haur eskolek. EH Bilduko Bakartxo Ruizek ere nabarmendu du “triunfalismoa alboratzeko” beharra: “Bide luzea dago 0-3 publiko, doako eta unibertsala bermatzeko”.