Heterosexualitatearen modaz hitz egin du Samantha Hudsonek, baita gaur Atarrabian eskainiko duen kontzertuaren inguruan ere: «Fabric diskotekaren aparkalekuaren parekoa izatea nahi dut, baina neonazirik gabea».
Itsaso Jauregi
Trabesti, abeslari, modelo, filantropo eta errenazimentuko emakume gisa definitzen du bere burua Samantha Hudsonek (Palma, Herrialde Katalanak, 1999). 16 urte zituenean Maricón abestia atera zuen, eliza katolikoak LGBT kolektiboari egindako abusuak salatuz. Eta horrela hasi zen generoarekin, sexuarekin eta, batez ere, adierazpen askatasunarekin jolasten duen proiektu musikala. Hudson Atarrabiako Totem aretoan egongo da gaur, 23:00etan, Kardo Party, Maruxak eta Pezon DJarekin batera, bere bira dela eta: Liquidación total por cierre (Erabateko likidazioa itxieragatik).
Nolakoa izango da Atarrabiako kontzertua?
Aurkeztuko dugun show-a ez da aurretik egindakoaren antzekoa. Aurrekoa aniztasunean oinarritutako ikuskizun moduko bat zen, eta gaur egingo duguna elektronikan oinarritzen da, batez ere. Kantu guztiak tekno ilun batekin nahastu dira, Berlingo Berghain diskoteka gogora ekarriz. Fabric diskotekaren aparkalekuaren parekoa izatea nahi dut, baina neonazirik gabea.
Queer identitatea bazterretatik urrundu dela uste duzu?
Ez. Ez dut uste tolerantzia eta errespetua gauza bera direnik. Norbait ulertzen duzunean, baina pertsona horrekin enpatiarik ez duzunean, pertsona toleratzen ari zara. Nik uste dut gaur egun tolerantzia gehiago dagoela errespetua baino. Pentsatzen dut pauso txikiak ematen ari direla, eta jendea gero eta irekiagoa dela. Baina egoera politiko nahiko ilunean gaude, eta beldur handia sortzen du erakundeetako gorroto diskurtsoaren legitimazioa ikusteak. Voxen gisako alderdi neofaxistak kargu publikoetan daude.
Trans legea onartu dute Espainiako Kongresuan. Nolako harrera izan du kolektiboan?
Nik uste dut beti ongi dagoela kaleko jendeak erakundeen babesa duela sentitzea. Hala ere, uste dut politika egiteko beste modu asko daudela botere konbentzionaletatik kanpo. Baina uste dut lege hau onuragarria izan daitekeela. Ez litzateke jada konkistatuta dagoen zerbait bezala utzi behar, hazten jarraitu behar duen proiektu ireki gisa baizik, atal batzuk landu beharra baitago oraindik.
Bere burua aurrerakoitzat dutenak eta gorroto diskurtsoa zabaltzen dutenak badaude?
Bai. Niri grazia handia egiten dit LGTB lobbyaz eta agenda aurrerakoiaz hitz egiten entzuten diedanean. Nori bururatzen zaio gauza beldurgarri horiek egiteko antolatuko garela, ni eta nire lagunak ia ez bagara gai astearte arratsalde baterako antolatzeko? Ongi pentsatuta, ez zaizkit helburu oso beldurgarriak iruditzen: familia nuklear monogamo tradizionala amaitzea, heterosexualitatea erakunde gisa amaitzea… Uste dut benetan ez dituztela proposamenak aztertu.
Zein da benetako lobbya, orduan?
Lotsagabea iruditzen zait LGTB lobby bati buruz hitz egitea baina ez edukitzea lobbytzat maitasun erromantikoa, familia tradizionala, heterosexualitatea eta pertsona zuria izatea. Hori araua denez, jainkoaren sorkuntza denez, ez da zalantzan jartzen. Bazterretan daudenak modu askoz desatseginagoan seinalatzen dituzte beti. Asko haserretzen naiz jendeak esaten duenean kolektiboaren parte izatea moda kontua dela. Eta pertsona kanonikoa izatea? Zis-hetero izatea? Ezkontzea eta seme-alabak edukitzea? Hori baita nik gehien ikusten dudana. Zerbait moda gisa izendatu behar badugu, hori izango litzateke, eta ez baztertuta jarraitzen duen LGTB kolektiboa.
Kolektiboa hobeto irudikatzen da orain ikus-entzunezkoetan?
Denetarik dago. Batzuentzat nahikoa da gay bat edo hijaba duen neska bat telesailean jartzea: horrekin jada inklusiboa zara. Diru sarrerak mantentzea da haien helburu nagusia, eta ez dituzte publikoaren kritikak jaso nahi. Guk zera nahi dugu: benetako istorioak, errealistak. Bete beharreko kuota bat baino gehiago, irudikatzen gaituzten istorioak nahi ditugu.
Zaila da genero rol klasikoei ezartzen zaizkien ezaugarrietatik ihes egitea?
Nik ez dut kritikatuko kanonak bete nahi dituen norbait. Ondo iruditzen zait jendeak nahi duena egitea. Jakina, ulertzen dut erabakiak ez direla libreki hartzen: testuinguru soziokultural batek zeharkatzen baikaitu, eta barneratu ditugun estandar batzuen arabera hartzen baititugu. Jendeak egin dezala nahi duena, baina kontziente izan behar dugu, eta ez dugu pentsatu behar hanketako laserra egiteagatik ahaldunduta gaudela. Nahi baduzu, egin, baina ez esan ahalduntzea denik. Lortu behar dugu geure burua ez sailkatzea: okertzeko aukera izatea, trantsizio egoeran egotea, ezarritako biderik ez izatea…
Kontraesanik gabeko diskurtso bat exijitzen dizute beste batzuei ez bezala?
Bai. Niri eta oro har aurrerakoiak direnei. Irmoki epaitzen dira progresismoa, emakumeak, pertsona arrazializatuak eta LGTB kolektiboa. Langileei ere diskurtso txukuna eta koherentzia maila pentsaezina eskatzen zaie, eta hori praktikan ezinezkoa da. Normala da bizi garen sisteman kontraesanak izatea. Kapitalismoan, kontsumo mota bat bera ere ez da %100 etikoa, eta errealitate hori onartu behar duzu. Baina hori neurtzeko modua bestelakoa da guretzat.
Azalpen gehiago eman behar dituzu, beraz?
Bai. Adibidez, lotsagabe intolerante eta atzerakoi batek astakeria bat esaten duenean, inork ez du kritikatzen. Ez du ez aitzakiarik, ez justifikaziorik behar. Haize kontra arraunean ari zarenean, beti azalpenak eskatzen dizkizute, baita zeure existentzia justifikatzeko ere, eta hori ez da gertatzen kontrako aldean.
Ezarritako arauak bortxatzen al du queer identitatea?
Bai. Komunera sartzerakoan beldur handia dago orokorrean, batez ere TERF diskurtsoa gure egunerokoan dagoelako. Segurtasunik eza nagusitzen da. Niri ez zait inoiz gertatu, eta nirekin aldagela partekatzen duten neska guztiek naturaltasun osoz hartzen dute. Baina batzuetan saihetsezina da pentsatzea: “Deseroso sentituko da nire aldagelan sartzen bada?”. Barkatu, baina iskanbila sortzen ari bazara gimnasioko aldagelan prakak jarri ditudalako, nor ari da zapuzten nor?
Erabateko likidazioa itxieragatik esaten du zure biraren izenburuak. Eta zuk, zer akabatuko zenuke?
Gizateria. Denak zulora, ni barne. Apokalipsia. Babiloniako prostituta zazpi buruko piztia baten gainean agertzea nahi dut, eta denak Tartarora bidaltzea. Hori da 2023rako nire nahia.
Argazkia: Rafa Muste.