Lohizune Amatria
Errazagoa da hirugarrenekin hitz egitea, maiz. Bereziki, barru-barruan haustura eragin duen gairen bat denean kanporatu beharrekoa. Bi Arnas dokumentala ikusi dut berriki, eta ezin identifikatuago sentitu naiz Iratxe Sorzabalen eta haren ama Mari Nieves Diazen arteko harreman mutuarekin.
Alabak sufritutako torturez ez dute inoiz hitz egin. “Nola kontatuko dio amari? Ez bada gai izan zuzenean esateko, ez da gai izango gutun bat idatzi eta amari egin ziotena kontatzeko. Berarentzat izugarria izan behar du amaren sufrimenduan pentsatzeak”. Mari Nievesek ere ez du horretara behartu nahi izan Iratxe, izugarria egin behar zaio eta alabaren sufrimenduan pentsatzea.
Amaren alboan eserita ikusi dut Inoiz ez berriro zinema zikloko lehenengo pelikula, Ariben. Haren anaia Mikel Zabalzaren ingurukoa izanen da ikusiko dugun hurrengoa, eta konturatu naiz gure egin ahalko ditugula Mari Nievesen hitzak emanaldi horren ostean. Barrua husteko ezintasunaren aurka borrokan hezi nau amak; eta ni, zalantzak eduki arren, ez naiz gai (izan) gertatutakoaz asko galdetzeko. Pentsatu dut Nekane Txapartegik filmean aitortzen duenarekin bat eginen zuela, beraz. Minez betetako motxila ez dio alabari transmititu nahi Nekanek, eta horretan saiatzen ari da. Baina, filma amaitu, eta ez diot ezer galdetu.
Kriminologiaren Euskal Institutuaren azken txostena ezagutu ostean abiatu da torturaren aurkako zinema zikloa, Aezkoan. Eta, bi gertakari horiek direla kausa, bitan entzun dut torturaren inguruko azalpen berdina azken astean. Elkar ezagutzen ez zuten bi pertsonaren ahotik, gainera. Dokumentalean dioenez, ordura arte inoiz sentitutako min eta beldurra jasan zuen 2001ean Sorzabalek. Horretako gai zenik ere ez zuen uste. 16 urterekin atxiki zuten, berriz, lehen aldiz Eneko Compains iruindarra, 1997an. Inkomunikazio aldi horretan Chinchilla polizia etxean bizitako izua ez du “inoiz intentsitate horrekin bizi izan”.
1990eko hamarkadatik urterik gogorrena izan da 97a Nafarroan. EHUko adituen arabera, beste 28 nafar torturatu zituzten urte hartan. Izugarriak dira lanaren emaitzak. Badira bitan, hirutan, lautan edota bostetan torturatu dituztenak: 1960tik 1.068 kasu identifikatu dituzte, 891 torturatu. Zenbat min, zenbat beldur, harreman mutu.
Eta aditzondo bat gehitu behar zaio aurrekoari: gutxienez. Ikerketa ez baitute amaitutzat eman. Lanak berak ematen du horren arrazoi izan daitekeenaren berri: “Indarkeria ukatua da, ikertu gabekoa; eta, ondorioz, zigortu gabea. Horrek guztiak erakundeekiko eta justizia sistemarekiko mesfidantza sortu du biktimengan”. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ehun bat kasu gehiago azaldu dira txostena aurkeztu zutenetik, eta hemen ere antzera gertatuko dela uste dute adituek.
Espero dut, baina, horretan geratzea bi lanen arteko antzekotasuna. Izan ere, agintariren baten artxibategian dago hautsa pilatzen hangoa, eta, horrela, nekez lortuko du txosten batean jasotako ikerketa horrek erreparatzea ezer. Ez da erosoa izanen; torturatu dituztenentzat ere ez da, baina bai beharrezkoa. Egin beharreko galdera da, beraz: ausartuko al dira hemen?
Argazkia: Mikel Zabalza Gogoan.