Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionaleko saxofoi irakaslea da Sergio Eslaba musikaria. Saxofoi talde bat sortu berri du, Aurora Vives lankidearekin, bere ikasleei gelatik at jotzeko aukera emateko asmoz.
Edurne Elizondo
Sergio Eslaba Arraiza (Iruñea, 1995) “etxean” da Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan. Zentro horretan egin zituen saxofoi ikasketak, eta orain kontserbatorioko irakaslea da. Lana eta ilusioa jo ditu musikaren esparruan bide bat egiteko giltzarritzat, eta hitz bakoitzean sumatzen zaio musika pasio duela. Kantatzen hasi da orain, pianoak lagunduta. Otsailaren 12an, Agoitzen ariko da.
Noiztik duzu musika lagun?
Betidanik. Aitak bere kabuz ikasi du pianoa, gitarra eta bertze zenbait tresna jotzen; amak ere akordeoia jotzen du, bere kabuz ikasita. Etxean beti izan dugu musika.
Inportantea da haurrei musikaren aukera eskaintzea?
Uste dut funtsezkoa dela, oinarri bat ematen dizulako; artea eskaintzen dizu, baina hori baino gehiago ere bai: lanerako gaitasuna ematen dizu, lanaren emaitza berehala jasoko ez duzula jakinda, gainera.
Beti garbi izan duzu musika lanbide bilakatu nahi zenuela?
Nahiko argi, bai. Gurasoen babesa izan dut beti, gainera. Saxofoi ikasketak egin nituen kontserbatorioan, eta bukatu eta gero, nuen arantza bat kendu nahi izan nuen, eta Historia ikasten hasi nintzen! Laster amaituko dut.
Bertze helduleku bat izan nahi zenuelako?
Interesa nuelako. Nire lehentasuna izan dira musika ikasketak; horiek bukatuta eta lanean hasi eta gero erabaki nuen Historia egitea. Ez da gauza bakarra, halere: lanean nolabaiteko egonkortasuna lortuta hasi nintzen kantatzen ere, pianoa jotzen, kantu eskolak hartzen…
Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalean ari zara saxofoi irakasle. Lan esparru hori eta musikaren arloko gainerako jarduerak bereizten dituzu?
Hasieran garbi nuen saxofoi jotzailea naizela, eta horren azpitik zeudela bertze jarduera horiek. Baina muga hori gero eta sotilagoa da, gero eta gehiago nahasten ari dira. Anitz gozatzen dut pianoarekin eta kantatzen. Hasi naiz kontzertuak egiten. Orain erraten dut musikaria naizela. Tresna da aldatzen dena.
Noiz hasi zinen kantatzen?
Dutxan beti aritu naiz! Baina konfinamenduan hasi nintzen arlo hori serio hartzen. Bideoak egiten hasi nintzen, eta, konfinamendua amaitu zenean, lagun batzuek animatu ninduten kantu eta piano eskolak hartzera. Saxofoia maite dut; kontserbatorioko lanaz gain, Kuarist izeneko laukotean ere aritzen naiz, baina bertze bideak saiatzen aritzeak izugarrizko poza ematen dit.
Jolas baten modukoa ere bada musika?
Bai, hala behar du. Musika lana da, eta gauza anitz bazter uztea. Baina musika jolas bat ere bada, orduak azkar batean pasatzeko modu bat. Nik anitz gozatzen dut.
Sare sozialen bidez partekatzen dituzu musikaren esparruko zure esperientziak. Beharrezkoak dira, gaur egun?
Tresna bat dira, gero eta gehiago, musika zabaltzeko. Kantatzen hasi nintzenean hasi nintzen ni sare sozialak erabiltzen, duela hiruzpalau urte, baina gero eta garbiago dut funtsezkoak direla. Egiten denaren berri emateko, bai eta ikasteko ere. Kontserbatorioaren gisako erakundeek ere egon behar dute sare sozialetan, ikasleak hor baitaude.
Ikasle horietako zenbaitekin, hain zuzen, saxofoi talde bat osatu berri duzue Aurora Vives irakasleak eta biok.
Bai. Eskolaz kanpoko jarduera bat da. Aurorak [Vives] eta nik erabaki genuen gure ikasleei galdetzea, ea norbaitek talde batean egoteko interesa izanen ote zuen, eta erantzunak harrituta utzi gintuen: hamalau ikaslek erran ziguten baietz, nahi zutela talde bat egin, eta martxan jarri ginen. Abenduan egin genituen lehendabiziko bi kontzertuak, eta, orain, otsailean, aste oso bat antolatu dugu saxofoiaren inguruan. Otsailaren 19an irakasleok eginen dugu kontzertu bat, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Gero, 24an, kontserbatorioko saxofoi taldeak joko du, kontserbatorioan bertan, eta 26an, Casinoko aretoan, Iruñean.
Ikasleentzat inportantea da esperientzia hori?
Bai. Nik uste dut halako jarduerak gero eta gehiago bultzatu beharko genituzkeela. Kontserbatorioko zuzendaritzak erabateko babesa eman digu, eta hori eskertzekoa da. Horrelako kontzertuek errealitatearen neurria hartzeko balio dute. Kontserbatorioan trebatu egiten dira, baina, nolabait, esparru berezi bat da, esparru akademiko bat. Areto batean jotzeak irakasten die kontzertu baten atzean dagoen guztia; ikasten dute zenbat lan egin behar duten. Taldeko lana ere hagitz garrantzitsua da.
Zaila da musika lanbide bilakatzea?
Bai. Garaikideak taldeko Yolanda Camposek dio neurri berean behar direla lana eta ilusioa, eta ni ados nago. Baina ez da erraza.
Zein da ilusioari eusteko bidea?
Kontua da anitz garela, eta aukerak, berriz, urriak. Gaur egun, gainera, dena doa hagitz azkar, eta jendeak balio handiagoa ematen dio, anitzetan, Interneteko bideo bati, zuzenean jotzen duen orkestra bati baino. Etsipenak hartzen zaitu, anitzetan. Kontua da zeure buruari galdetzea zergatik aukeratu duzun musikaren bidea.
Zein da zure erantzuna?
Lanbide bat baino gehiago, bizimodu bat delako.
Garaikideak aipatu duzu. Noiztik ari zara elkarte horrekin lanean?
NAK musika garaikidearen jaialdia lehenengoz antolatu zutenean egin nuen bat haiekin; saxofoi jotzaile bat behar zuten, eta parte hartzea erabaki nuen. Proiektua ezagutu, eta gelditu egin nintzen. Aurtengoa izanen dugu bederatzigarren jaialdia.
Zu zara, gainera, koordinatzailea.
Jaialdiak aurrera egin du, eta konturatu ginen behar zuela koordinatzaile bat. Ni ariz naiz, baina lantaldearen babesarekin. Yolandarekin [Campos] anitz ikasten dut. Niretzat luxua da elkarte horretan egotea eta jaialdi horretan parte hartzea. Ez dut hortik joan nahi!
Garaikideak taldean jotzen jarraitzen duzu?
Bai. Otsailaren 11n Gasteizen izanen gara, Bernaola Zikloan parte hartzen. 12an, berriz, Agoitzen izanen naiz, gure haurtzaroko soinu banden inguruko nire proiektua estreinatzen.
Musika garaikideko ziklo batean saxofoia jotzen egun batean, eta Disney etxeko soinu bandak kantatzen, pianoarekin, hurrengoan. Jauzi horrek ez zaitu beldurtzen?
Bai! Baina gogoz naiz! Estreinatzeko irrikaz. Musika jolasa dela erran dut, eta jolas horren parte da jauzi hau. Jolas bat da, gauza berri bat saiatzea, baina atzean bada gogoeta bat eta lan bat ere. Saiatzea da kontua, eta zeure buruarekin zintzoa izatea.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.