Amets Aranguren Arrieta
TikTok deskargatu dut. Beti izan naiz aplikazio berriak deskargatzeko erresistentzia jartzen duen hori, kuadrillan Bizum-a azkena deskargatu zuen hori. Azkena, baina azkenean beti erortzen dena.
Teknologiaren munduari diot orokorrean erresistentzia puntu bat, ez da nire konfort eremua izaten, beharko lukeenaren kontrara. Baina hori, TikTok deskargatu dudala.
Belaunaldi berrien aplikazioa edo aplikazioetako bat dela esan genezake, baina noiz hasten da belaunaldi berri hori? Nik niri ez dagokidala sentitzen dudan lehenengoa da, baina badakit adinkide asko (eta baita uste dugun baino jende heldu gehiago) dabilela hor, eta ahizpa gaztearen egunerokotasunean, adibidez, presentzia handia du. Eta orduan konturatzen naiz zenbat kode aldatu daitezkeen gaur egun sei urteko tartean.
Bideoak (laburrak gehienetan) edo zuzenekoak partekatzeko aplikazioa da TikTok. Berdin da zein den edukia. Berdin da, baina berdin da benetan. Etxeko salatik mugitu gabe topa ditzakegu hiru segundoko distantzian apaiza izan nahi duen 16 urteko gazte bat bere bizi proiektuaren berri ematen, errezeta armeniar bat nola prestatu, dantza batzuk Indonesiatik, edo tipo bat arrain bat garbitzen.
Topa dezakegu makillaje tutorial bat Txileko neska baten eskutik, antxume batzuk saltoka Kretan, ala gizon bat bere baratzean loratu zaiona biltzen. Batetik bestera pasatzeko, pantailan hatzarekin behetik gora egin, eta listo, Armeniatik Txilera egiten dugu salto. Globalizazioaren erakuslerik nabarmenena, hain zuzen ere.
Cirque du Soleil ikusten egon naiz duela aste batzuk. Egia da ez naizela sekula zirkuaren zale amorratua izan. Nola batzuetan gauza zenbaitek eskatzen duten lanak, denborak eta esfortzuak eta emaitzaren satisfazioak ez duten bat egiten? Ez duten konpentsatzen? Ba zirkua da niretzat horren adibide.
Baina bueno, munduko zirkurik ezagunena hirira etorrita eta sarrerak izanda, ba nola ez joan. Emanaldia bukatu eta lagunari nire apatia komentatuta, esan dit zaila dugula gaur egun ezerk harritzea, nahi dugun momentuan eta lekuan edozer ikus dezakegula. Harridurarako gero eta marjina txikiagoa daukagula uste dut.
Eta aplikaziora itzulita pentsatzen dut, horrez gain, ez dakit zein puntutaraino duen izen hori denborari erreferentzia eginez eta, mesfidati jarrita, ez dakit zein puntutaraino izan daitekeen izen hori ironikoa, erabiltzailearen denboraren galerari erreferentzia eginez bezala (Joker bat imajinatu dut pantailaren bestaldean barrezka).
Konturatzen hasia naiz jada ez naizela bilera, areto edo adin diferenteetako lagun taldeetan gazteena izateagatik nabarmentzen den pertsona hori, infinitua ematen zuen arren hori ere bukatzen dela.
Begira artikulu hau, Z belaunaldikoa naiz ni, baina boomer baten gisan ari naiz sentitzen orain honetaz hizketan, Burns jaunaren gif ospetsu horretan bezala, hain justu.
Horregatik, ahizparen hitzekin laburtu eta bukatuko dut TikTok-aren afera hau: “Absorbitzen ahal zaitu, baina dago guapisimo“.