Nafarroan bizi diren perutarrak kalera atera dira, haien sorterrian biltzar konstituziogile bat eskatzeko altxatu diren herritarren aurkako errepresioa salatzera. Haietako bat da Cecilia Themme. Babesa eskatu du.
Edurne Elizondo
Berriozar du etxe Cecilia Themmek (Lima, 1967). 25 urte zituenean ailegatu zen Nafarroara Perutik; duela 30. Karrikara atera da, azken asteotan Perun gertatzen ari dena salatzera. Hango herritarren aurkako errepresioaren kontra, Nafarroan bizi diren perutar anitzek egin dute bat. Nafarroako alderdien eta gizarte eragileen babesa jasotzeko lanean hasi dira, Perun gertatzen ari denaren bozgorailu izateko.
Nola bizi duzue hemendik Perun gertatzen ari dena?
Duela 30 urte ailegatu nintzen honat, Berriozarrera, baina Perun gertatzen denaren berri izan dut beti. Euskal Herrian bada perutarrek osatutako talde bat, eta sare sozialetan ere baditugu informazioa jasotzeko taldeak. Adi gaude beti. Orain, sakelako batekin, distantzia fisikoa da hautsi ezin dezakegun muga bakarra. 1993an etorri nintzenetik, halere, ez dut ezagutu oraingoa bezalako batze kolektibo bat hemen bizi garen perutarron artean. Oraingo gertakizunek eragin dute bat egitea.
Zergatik gertatu da orain batze hori?
Azken sei urteak hagitz zailak izan dira; krisi politiko eta sozial larri bat izan dute han. Pedro Castillo lehendakaritzara ailegatu zenean, jende anitzek pentsatu zuen behar zen aldaketa gertatuko zela, azkenean. Kontua da Castillok beti izan duela eskuina gainean; ez du gobernatzeko aukerarik izan, herriko Kongresua beti izan duelako bere politiken kontra. Eskuinak botere handia du Perun, herri aberats bat delako, baliabide anitz dituena. Argi genuen egoerak eztanda eginen zuela.
Eta eztanda egin du. Zer deritzozu Castillok egindako urratsari?
Gobernatzeko ezintasunak eraginda erabaki zuen Kongresua bertan behera uztea. Izan ere, bertze zenbait herritan ikusi dugu zer gertatu den: Kongresuak kargutik kendu du presidentea, eta diktadura bigun bat ezarri dute. Castillok aukera hori utzi nahi izan zuen bazter, baina uste dut ez zuela urrats egoki bat egin, konstituzioaren aurkakoa zelako.
Kongresuak, baina, aurrera jarraitu zuen, eta Dina Boluarte izendatu zuen presidente.
Castillok ihes egin zuen, eta atxilotu zuten. Hori gertatu, eta Peruko hegoaldetik hasi ziren protestak, hiru gauza eskatzeko: Boluartek kargua utz dezala; Castillo itzul dadila, eta biltzar konstituziogile bat osa dezatela, konstituzioa aldatzeko. Azkena Fijimori diktadoreak onartu zuen.
Eskaera horiekin bat egin duzue?
Bai. Eta errepresioa amai dadila ere exijitu dugu. Hirurogei pertsona baino gehiago hil dituzte. Hiltzeko asmoz ari dira tiro egiten. Hildako gehienak, gainera, indigenak dira. Limara mugitu dira, nazkatuta eta nekatuta daudelako: klima aldaketaren ondorioak sufritzen dituzte; kriminalizatu dituzte naturaren eta giza eskubideen alde lanean ari direnak, eta haietako anitz hil dituzte. Haien lurretako baliabideak ustiatzen ari dira, eta haiei kutsadura uzten diete. Horiek dira kolonialismoaren bide berriak, hain zuzen ere.
Perukoak dira baliabideak, baina kanpora doaz. Zer ardura dute gertatzen ari den horretan mendebaldeko herriek?
Ardura handia, zalantzarik gabe, haien esku baitago baliabide horiei lotutako aberastasuna; Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren esku. Lege bat onartu dute, eta, horren arabera, 2025era arte, multinazionalek eskubidea dute baliabideak eramateko, inolako zergarik ordaindu gabe.
Zer egin daiteke hemendik?
Perun gertatzen denaren bozgorailu izan behar dugu; gizarte osoak har dezala horretarako ardura, hori nahi dugu. Nafarroako Parlamentuko taldeekin egon nahi dugu, bai eta herrialdeko gizarte eragileekin ere, haien babesa jasotzeko asmoz. Lortu nahi dugu hemengo erakundeek eta herritarrek adierazpen bat egitea, eta hitza har dezatela, gertatzen ari dena salatzeko. Migratzaileok ere hemengo gizartearen parte gara, eta gertatzen ari denaren berri zabaltzea nahi dugu. Hori da gure helburua.
Hasi zarete babesa jasotzen?
Zenbait taldek bat egin dute gurekin jada. Mugimendu internazionalistaren babesa jaso dugu, baina, oraindik ere, isildutako gatazka bat da Perukoa, eta herritar anitzi kostatu egiten zaio ulertzea zer gertatzen ari den. Horregatik ari gara gu lanean; herriz herri mugitu nahi dugu, egoeraren berri emateko. Gure herriko indigenak dira beti bazter utzi dituztenak, eta haiek dira, halaber, erresistitzen ari direnak.
Zu ere bazara bertze zenbait kolektibotako militante; bertzeak bertze, Nafarroako SOS Arrazakeria taldekoa eta Euskal Herriko Emakume Migratuen Sarekoa. Hemen ere, erresistitzeko beharra dago?
Arrazakeriak, patriarkatuak eta kolonialtasunak bezala, dena ukitzen du. Zapalkuntza mota ezberdinak gurutzatzen dira, eta horrek isla du erakundeetan, politiketan, politikarien adierazpenetan… Duela gutxi, Iruñeko alkate Enrique Maiak gazte migratzaileak kriminalizatu zituen, eta ez zen deus gertatu. Halako gorroto diskurtsoei aurre egiteko modu bakarra da dekolonizatzea; bertzela, gisa horretako egiturak betikotzen segituko dugu.
Feminismoari ere garbi erran diozue antirrazista izan behar duela. Ari da egoera aldatzen?
Durangoko [Bizkaia] jardunaldi feministetan jorratu genuen dekolonizatzeko beharra. Arlo horretan, pertsona arrazizaliatuek eta migratzaileek egon behar dute erdigunean, eta aliatuen lana da babestea. Denok gara gizartearen parte; elkarrekin aritu behar dugu, baina inori ahotsa eta hitza kendu gabe. Nik ezin dut ijitoen izenean hitz egin, ez naizelako ijitoa, adibidez.
Nola hartu ditu mugimendu feministak zuen eskaerak?
Gu Durangora joan ginen feminismo zuri hegemonikoa ezbaian jartzera. Ezbaian jarri nahi genuen, ez mugimendua apurtzeko, baizik eta eztabaida eta lan bideak zabaltzeko; nor bere tokitik, batetik, eta komunean ditugun ildoetatik, bertzetik.
Eta lortu duzue?
Prozesuak ez dira errazak. Ez dira ikastaro batean edo jardunaldi batean bukatzen. Egunero egin behar dugu lan. Ari gara urratsak egiten, baina bidea luzea da oraindik.