Bidatz Villanueva Etxague
Gaueko ordu txikitan hiru lagunek hartu dute billabesa etxera bidean. Kontent doaz, hizketan aritzeko gogo handiz, festa giro hark utzitako gogo-aldartea luzatu nahian. Elkar aspaldidanik ezagutzen dutela sumatzen da; konfiantza dute, gai bati eta besteari heltzen diote, umorez, xelebreki. Gero eta gutxiago ikusiko dute elkar ziurrenik, baina elkartzen direnean dena emateko prest daude.
Horretan dabiltzala iritsi dira gizakion behar fisiologikoen gai interesgarrira, ez oihuka, baina bidaiariok erraz enteratu ahal izateko moduko ahots-bolumenean. Nonbait, lagun horietako batek informazio freskoa du elikadura ohituren inguruan. “Denetarik jan behar delako ideia hori ez da guztiz zuzena”, hasi da, tentuz, baina irmo, eta modu pedagogikoan adierazi die ez duela haragirik jateko beharrik. Areago, ebidentzia zientifikoek argi uzten dutela kaltegarria izan daitekeela gure osasunarentzat, batez ere, haragi gorria deritzona.
Laburki bada ere, igartzen da kide hori informazio bila aritu dela, hausnartzen, eta iturriren bat ere aipatu du, bere jarrera indartzeko. Ohiko fenomeno bat gertatu da orduan, animalien kontsumoa zalantzan jartzeak jende askorengan eragin ohi duen erreakzio automatikoa: “Eta proteinak? Bitaminak? Gaixo jarri nahi al duzu? Eta burdina? Nola lortuko duzu burdina txuletoi on bat jan gabe? Betidanik jan da haragia”. Bat batean, ezerezetik, nutrizionista andana ateratzen da animaliak kontsumitu behar direla aldarrikatzeko.
Eztabaidan aritu ziren bidaia erdia baino gehiago, lagunarteko tonuan, seriotasunaren eta umorearen artean: “Haragi gorria? Nik astean hirutan jaten dut etxean gutxienez! Karkarkar”, “nire lagun batek hilabetean behin joan behar du bitaminak ziztatzera ospitalera begeta delako”, “zertarako ditugu orduan letaginak? Karkarkar”. Argiki, ausartuko nintzateke erraten hori ziotenek ez dutela animalien kontsumoaren inguruan ez informaziorik bilatu, ez hausnartu, lagunak gaia aipatu duen arte behintzat.
Errespetu osoz gehitu da laugarren pertsona bat hiru lagunen elkarrizketara, besterik gabe, informazio apur bat gehitzeko, bera beganoa baita (antiespezismoa beste baterako uztea hobe), ez duelako ospitalera ziztatzera joan beharrik eta oso osasuntsu dagoelako. Nahiz eta ez zen ezezagunaren asmoa, umorea pixka bat apaldu zaie. “Berotu zara gu entzuten, ezta?”. Ez da hala izan, baina “lehen eskuko” informazioa izan dezatela nahi du.
Hizketaldi informala zen, umorezkoa, ziurrenik hartutako kopen eraginpean zirela. Gainera, gure iritziak adierazteko aske gara. Hori erranda, iruditzen zait arinkeriaz egiten direla gaien inguruko epaiak. Informazioa boterea da, eta kasu honetan, bitaminak ziztatzeaz eta letaginez hitz egiten zuten lagunek hirugarren kideari arrazoia kendu nahi zioten sasi-argudioekin.
Antiespezismoa nire egin nuenean, bi ideia nituen: nik ikusitakoarekin gertukoei ere begiak ireki ahalko nizkiela animalien sufrimenduaren gainean (ez dut halako botererik, eta atsekabea oraindik prozesatzen ari naiz), eta beganoak batzen zituen ezaugarri komun bat egon behar zela. Hori ere ez da egia, baina guztion eskura dagoen informazioa bildu dugu, eta erabaki, animaliak maitatu ala ez, ez dugula egunero pairatzen duten sufrimenduan parte hartu nahi, euren bizitzek ere inporta dutela.
Argazkia: Baratza Kafea.