2021. urtearen bukaeran sortu zuten BSR Navarra saskibaloi taldea, desgaitasun fisikoren bat dutenei kirola egiteko aukera eskaintzeko asmoz. Dozena bat jokalarik bat egin dute jada; NUPeko pabiloian entrenatzen dira, Iruñean. Ipar Liga sortu dute, bertze lau talderekin, trebatzen jarraitzeko.
Edurne Elizondo
Ez gara azkarrenak, baina inork baino hobeki blokeatzen ditugu aurkariak!”. Elena Valenciak barrez erran ditu hitz horiek, Sheila Varas Iruñeko BSR Navarra saskibaloi taldeko bere kideari begira. Varasek irribarre batekin berretsi du lagunaren sententzia, baina ez du galdu baloia saskira botatzen onena izateko esperantza. Sumatu du duela urtebete entrenatzen hasi zenetik “hobera” egin duela: “Indar handiagoa dut besoetan, eta orekari eusteko gai naiz pistan, aulkiaren gainean”.
Desgaitasun fisikoren bat dutenentzako saskibaloi taldea da BSR Navarra. Gurpil aulkian jokatzen dute, Ipar Liga sortu berrian, hain zuzen. BSR Navarra 2021aren bukaeran jarri zen martxan, Zudaire-Garcia familiako kideek bultzatuta. Kluba legez sortu, eta hedabideen bidez zabaldu zuten jokalariak, babesleak eta aulkiak lortzeko deia. “Berehala hasi zen jendea gurekin bat egiten”, oroitu du Alejandro Zudairek. BSR Navarrako zuzendaritzako kidea da, bai eta taldeko mekanikaria ere.
Lehendabiziko entrenamenduak Iruñeko Arrotxapeko pista batean egin zituzten. Orain, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren pabiloia erabiltzen dute, hiriburuan, astean hirutan. “Gure egoerak hobera egin du; urtebete luzeko bidean gauza asko lortu dugu”, nabarmendu du Zudairek.
Eskertu du erakunde publikoen babesa, bai eta elbarrientzako bertze saskibaloi talde anitzek eskainitako laguntza ere. “Martxan jartzeko aulkiak utzi dizkigute, adibidez”, kontatu du Zudairek. Izan ere, saskibaloian aritzeko aulkiak bereziak dira; batetik, gurpilak ez dira erabat bertikalak, orekari eutsi ahal izateko, eta errazago jiratzeko; bertzetik, aurkariak blokeatzeko defentsak dituzte, jokalariek min ez hartzeko.
Sheila Varasek aulkia erabiltzen du bere egunerokoan; Elena Valenciak, berriz, saskibaloian aritzeko bertzerik ez. “Nire lesioa ez da osoa; Sheilarena [Varas] bai”, zehaztu du Valenciak. Toledoko (Espainia) paraplegikoen ospitalean ezagutu zuten elkar bi jokalariek. Auto istripu baten ondorioz hartu zuten min; Valenciarena 2020an gertatu zen; Varasena, berriz, 2021ean.
Varasek bizkarraldean hartu zuen kolpea. Lesio oso bat duenez, lesio hori dagoen tokitik behera ezin da mugitu. “Gorputz enborraren goiko aldea bertzerik ezin dut erabili. Ezin dut hobera egin. Entrenatu arren, ez dut abdominalak markatzea lortuko!”, erran du jokalariak, umorez.
Valencia gai da ibiltzeko; ez du makila erabiltzen bere egunerokoan, baina denbora luzea ematen badu zutik, behar izaten du; lesio zerbikala du. “Niretzat okerrena eskuarena da; esku bat ezin dut ongi mugitu”, aipatu du. Pistan, lepoko bat erabiltzen du. Varasek eta Valenciak errehabilitazioarekin segitzen dute, eta berretsi dute saskibaloian aritzen direnetik hobera egin dutela. “Niretzat garrantzitsuena da kirolak nire buruari egiten diola mesede”, aitortu du Varasek.
Abenduan, lehen partida
BSR Navarra taldea Espainiako Saskibaloi Federazioaren babesarekin sortutako Ipar Ligan ari da lehiatzen. Iazko abenduaren 3an jokatu zuen taldeak lehendabiziko partida, Torrelavegako (Espainia) BSR Cantabria taldearen aurka. 43-30 galdu zuten nafarrek. Bigarren partida urtarrilaren 14an jokatu zuten, Iruñean, Bilboko Bidaideak taldearen aurka. 42-47 galdu zuten bigarren hori ere, luzapenean.
“Hutsetik sortu dugu taldea; denbora beharko dugu, jokalari gehienak inoiz ez baitira aurretik saskibaloian aritu. Baina ilusioz gara, eta lan egiteko gogoz; markagailua gutxienekoa da”, nabarmendu du Eliseo Jimenez taldeko bigarren entrenatzaileak. Jimenez, Zudaire-Garcia familiako kideekin batera, hasieratik da BSR Navarrako kide. Saskibaloi entrenatzailea izan da urte luzez, eta, Alberto Zudairek desgaitasun fisikoren bat dutenentzako talde bat martxan jartzeko asmoari buruz hitz egin zioenean, ez zuen zalantzarik egin. “Onartu bertzerik ezin nuen egin”.
Alberto Zudaire Alejandro Zudaire eta Maria del Puerto Garciaren semea da. Murtzian (Espainia) aritu zen hango elbarrientzako saskibaloi taldea entrenatzen, 2021ean Iruñera itzuli zen arte. Murtziako taldea Espainiako Ohorezko Mailan lehiatzen da, eta jokalarien artean dago Beatriz Zudaire, Alberto Zudaireren arreba. Espainiako saskibaloi selekzioarekin ere aritzen da. “Gure alaba izan da, finean, Iruñeko taldea sortzera bultzatu gaituena. Gure alabak Gasteizera joan behar izan zuen saskibaloian hasi zenean, hemen talderik ez zegoelako. Huts hori bete nahi izan dugu”, azaldu du Maria del Puerto Garciak.
Dozena bat jokalari ditu BSR Navarra taldeak, egun. Maria del Puerto Garciak erran du ateak zabalik dituztela bat egin nahi duten guztiek. Izan ere, Zudaire-Garcia familiako kideen helburua da harrobia lantzeko eskola bat martxan jartzea. “Badakigu zaila dela, baina gure asmoa hori da: haurrak ere aritu daitezela saskibaloian”.
Ipar Liga sortu berrian, BSR Navarra eta BSR Cantabria taldeekin batera, Bilboko Bidaideak, Gasteizko Zuzenak B eta Aviles taldea (Asturias, Espainia) ari dira. “Hiru maila daude elbarrientzako saskibaloiaren esparruan. Gure asmoa zen hirugarren mailan izena ematea, liga horretan lehiatzeko, baina ezin izan genituen epeak bete, eta kanpoan gelditu ginen. Bertze talde batzuk ere gelditu ziren lehiaketatik at, eta pentsatu genuen aukera polita zela gure arteko txapelketa bat antolatzea”, kontatu du Alejandro Zudairek. Proiektua sendotzea dute xede, eta Espainiako Saskibaloi Federazioak zuzendutako gainerako liga ofizialetan urratsak egitea.
Aitor Garcia, gazteena
Aitor Garciak 14 urte ditu, eta BSR Navarrako jokalaririk gazteena da. Duela urtebete egin zuen bat taldearekin. “Jaio zenetik du desgaitasuna”, azaldu du jokalariaren aita Juan Manuel Garciak. Semea lagundu du entrenamendura, eta Alejandro Zudairerekin komentatu du, nerabeari so, zenbat egin duen hobera kirola egiten hasi zenetik. “Medikuak ere erran zigun, azken azterketan, lehen ez zituen giharrak badituela!”. Aita kontent da, semea pozik ikusten duelako. Aitor Garciak berretsi du saskibaloia maite duela: “Hagitz kontent nago. Taldekideekin gustura aritzen naiz, eta sumatzen dut gero eta hobeki ari naizela”, erran du, entrenamendu osoan erakutsitako irribarrea galdu gabe.
Garcia da jokalaririk gazteena, eta Fredy Rojas, berriz, zaharrenen taldekoa. 47 urte ditu, eta taldearekin ia hasieratik egin zuen bat. “Saskibaloia maite nuen, eta probatzea erabaki nuen. Oraindik anitz dugu ikasteko, baina hobera egin dugu. Jokatutako bi partidak galdu ditugu, baina azkenekoan gehiago kostatu zitzaien gu mendean hartzea!”, erran du, harro.
Bihar jokatuko du BSR Navarrak Ipar Ligako bere hurrengo partida: Avilesen aurka ariko dira, Asturiasko herri horretan. Bidaiak dira taldearentzako zama nagusietako bat, aulkiak garraiatu behar izateak garestitu egiten baititu. “Autobus bat alokatu behar dugu”, erran du Alejandro Zudairek.
Pistan, alde handirik ez dago jokoan. “Araudia egokituta dago, baina, funtsean, jokoa bera da”, erantsi du Zudairek. Adibidez, aulkia erabiltzen duten jokalarientzat, urratsak egitearen baliokidea da gurpilei bi aldiz baino gehiago eragitea bote egin gabe.
Alde nabarmenena da araudiak jokalarien desgaitasunaren arabera ezartzen duen puntu sistema: jokalari bakoitzari 1 eta 4,5 bitarteko puntuazio bat dagokio; zenbat eta desgaitasun handiagoa izan, orduan eta puntuazio txikiagoa. Pistan diren jokalari guztien puntuazioa ezin da izan 14,5 baino handiagoa.
BSR Navarra bere lehenengo partida irabazten saiatuko da bihar, Avilesen.
BSR NAVARRA
JOKALARIAK
Ignacio Fernandez.
Samb Elhadji Malick.
Fredy Rojas.
Elena Valencia.
Adrian Vela.
Sheila Varas.
Lorena Burriel.
Ariane Zaratiegi.
Aitor Garcia.
Jordan Anibal Mizano.
Mario Garcia.
Mauro Alejandro Ciroque.
Dimitri Mashkin.
TALDE TEKNIKOA
Entrenatzailea. Alberto Zudaire.
Bigarren entrenatzailea. Eliseo Jimenez.
Laguntzailea. Pedro Silva Jaime.
IPAR LIGAKO TALDEAK
BSR Navarra (Iruñea).
Aviles (Asturias, Espainia).
BSR Cantabria (Kantabria, Espainia).
Bidaideak (Bilbo).
Zuzenak B (Gasteiz).