Zenbait emakume Burlatako Emakumeen Etxea eskatzen hasi ziren duela ia hamar urte. Kontent dira etxeak ateak ireki dituelako azkenean. Duela bi aste egin zuten inaugurazio besta.
Olaia L. Garaialde
“Egun batean Burlatako Emakumeen Etxearekin amestu genuen; gaur errealitate bihurtu dugu ametsa”. Leire Manterolarenak dira hitzak. Burlatako Emakumeen Etxeko kidea da, eta “ilusioz” eta “gogoz” hitz egin du proiektu horretaz, etxeko ateak zabaltzeko ekinaldian: “Burlatako emakume guztientzako etxe komun eta ireki bat nahi genuen; ahalduntzeko espazio bat”, nabarmendu du. Urtarrilaren 28an inauguratu zuten, herriko Ezkabazabal plazako 12. zenbakian.
Burlatako zenbait emakumek, Burlatako talde feministak, Clara Campoamor elkarteak, Nafarroako Berdintasun Institutuak eta Burlatako Udalak “elkartasunean” sortutako proiektu “parte hartzaile” bat da herri horretako Emakumeen Etxea. Clara Campoamor elkarteko kideak aspalditik ari ziren horrelako toki bat lortzeko lanean; orain arte, Burlatako kultur etxean elkartzen ziren. “Beti ibiltzen ginen gauzak eskatzen eta toki batetik bestera mugitzen. Elkartzeko leku finko bat nahi genuen”, kontatu du Maria Jesus Burgik, Clara Capoamor elkartekoa kideak.
Nafarroako bigarrena
Nafarroan sortu den bigarren emakumeen etxea da; lehendabizikoa Iruñean dago, eta duela hiru urte ireki zituen ateak. Burlatako Emakumeen Etxeko kideek azpimarratu dute gertu nahi zutela etxea, eta batzuentzat “zaila” dela Iruñera joatea.
Horregatik, “kontent” eta “hunkituta” ospatu dute Ezkabazabal plazako etxeko atea zabaldu izana azkenean. “Emakume guztien borrokari esker lortu dugu etxea”, esan du Burgik.
Zenbait zapalkuntza ardatzek zeharkatzen dituzte Burlatako etxea osatzen duten emakumeak; hala nola generoa, arraza, adina eta orientazio sexuala; helburua argi dute: berdintasuna. Xedeari begira, hain zuzen ere, urtebete ibili dira etxeari forma ematen. “Asko eztabaidatu dugu tokiaren erabileraz. Hasieran ez genekien toki finko bat edo zerbitzu bat nahi genuen, ezta zer eskaini nahi genuen ere”, kontatu du Manterolak.
Dagoeneko argi dute emakumeak ahalduntzeko espazio “seguru” bat sortu nahi dutela: “Etxe komun bat da; esperientziak, ideiak, beldurrak eta beharrak partekatzeko espazio bat; eta seguru, lagunduta, indartsu eta sortzaile sentitzeko leku bat, aldi berean”.
Norbanakoen eta kolektiboen indarrak batuta, feminismoaren balioak zabaldu, eta aldaketak eragin nahi dituzte: “Inklusiboa, erreferentziazkoa, kritikoa, aktiboa eta dinamikoa izatea nahi dugu”.
Bakarrik dauden horientzat babesleku bat izatea ere nahi dute: “Emakume etorkin askok, etortzen direnean, ez daukate sarerik, eta guk erreferentziazko etxe bat izan dadin nahi dugu; harrera eginen dien espazio bat izan nahi dugu”.
Ikastaroak, hitzaldiak, gogoetak, irakurle taldea eta zaintza pertsonala lantzeko jarduerak egin nahi dituzte, besteak beste. “Oso ezagutza desberdinak ditugun emakumeak gaude proiektuan, eta elkarrekin ikasi nahi dugu”, zehaztu du Manterolak.
Esate baterako, teknologia berrien inguruko ezagutzak irakatsi nahi dizkiete elkarri: “Batzuk ez dira ongi moldatzen ordenagailuarekin, eta elkarrengandik ikasten badugu, autonomia lantzen dugu”.
Antolatzeko, hiru hilean behin batzar bat eginen dute kideen artean, eta egunerokoan “eraginkorrak” izateko, berriz, lantaldetan elkartuko dira. Horren gain, lan talde bakoitzeko bozeramaileekin talde eragile bat sortuko dute, lan arlo guztiak koordinatzeko. Hala ere, oraindik zehaztu behar dute zein bide hartuko duten. Horretarako gauza garrantzitsu bat behar dela azpimarratu du Manterolak: “Burlatako emakumeok gure egin behar dugu etxea”. Ateak zabaldu berri ditu, Ezkabazabal plazako 12. zenbakian, eta herriko emakumeak hartzeko zain eta gogoz dira sustatzaileak.
Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku.