Olatz Azpirotz Larzabal
Otsailaren 1ean, hamahiru enpresak Irulegiko Eskuaren patente esklusiboa lortzeko eskaria egin dutela eman zen argitara. Honen aurrean, Nafarroako Gobernuak pribatizazioaren aurkako jarrera hartu eta erabakia berretsi nahian, Irulegiko Eskuaren erabilera ez zela gobernuaren esklusibotasuna izanen adierazi zuen, besteak beste haren garrantzi arkeologiko, etnografiko eta kulturala azpimarratuz.
Hurrengo egunean, otsailaren 2an, Iruñeko Alde Zaharreko karriketan udalak antolatutako hainbat kontzertu egin zituzten. Osteguna zen. Azken hilabeteotan Iruñeko Udalak Alde Zaharreko bizilagunen jarduerei eta kalejirei ezarritako baldintza eta debekuak pil-pilean egon dira, baina, hala ere, udalak osteguneko kontzertuei kalejira izena jarri zien.
Ez dakit, ordea, ostegun horretan norbait, musika entzunez, dantzan bueltaka ibili ote zen karriketan. Zoritxarrez, baten bat ziur baietz. Jarduera hauen helburua “sanferminak urte osoan jendea erakartzeko ekinaldi bihurtzea” izan zen, eta “ez soilik uztailaren 6tik 14rako afera”. Era horretara, uztail orotan bezala, erdigunea pribatizatu egin zuten.
Otsailaren 3an, Nafarroako Parlamentuan, Man?eru herria eremu mistoan sartzeko lege proposamena atzera bota zuten, nahiz eta Man?eruko Udalak aho batez onartutako eskaera izan hori.
Begirada eta irakurketa azkar batean, hiru afera ezberdin direla irudi dezake. Ordea, atzetik akaso, barneratuegi daukagun eta eguneroko erabakien barrunbeetan lasai asko dabilen xede bat egon daiteke. Hiru gertakari hauek batzen dituen hari fin bat; zerk izan behar duen, eta den horrek nolakoa izan behar duen arautzen duen jarrera bat.
Iraganari so eginez gero, nafartasuna goresteko hainbat ekintza eta monumenturen eraikuntzarekin egin dezakegu topo (xabierraldiak, Foruen plaza, Nafarroako Erresuma marka, eta abar). Nafarroako Erresumaren logotipoan lau kolore —urdina, berdea, horia eta gorria—, eta lau balio agertzen dira: aniztasuna, historia eta kulturaren oroipena, lau urtarotako aniztasun kromatikoa, eta Nafarroako lau eremuak, hain zuzen.
Balio eta ahalegin ugari hizkuntza, desira eta talkei iskin egin eta, kanpora begira, batasun irudi sendoa emateko, hain zuzen ere. Batasun artifizial bat; aspaldi ikasi baikenuen ez dagoela bakarra den diskurtso historikorik, eta are gehiago, ikasi genuen ez dagoela egia osoa biltzen duen esaldirik.
Zenbait enpresaren asmo pribatizatzaileak saihestuz eta erreskatatzailez jantzita, eta haren balio etnografikoa behin eta berriz azpimarratuz, nafarron batasun artifizial horren erakusgarri ideal bihurtu dute Irulegiko Eskua.
Balio kulturalari garrantzia ematen diote, baina Irun?ea erraldoiez eta Olentzeroz hustu eta kontzertuz betetzen dute, zer eta urteko diru-iturri nagusienetako bat goresteko. Hasieran balio linguistikoa eman zioten Irulegiko Eskuari, baina Man?eru herriari eremu mistoan sartzea eragotzi diote berriki, Nafarroako Parlamentuan.
Balioak eta hitzak; hitzekin sartu digute guztioi, era sotil zein zuzen batean, nafartasun sendo baten irudia. Ordea, Erresuma bateratuaren irudi irmo horri eutsi ahal izateko, gutako zenbait erabiltzen eta itotzen ari dira.