Lohizune Amatria
Herrigunetik urrutien den etxe txiki eta hezean bizi den emakume zahar, sudur luze, itsusi eta zaputza. Horixe izan da urte luzez sorgin hitza entzun, eta irudikatzen nuena. Existitu ez zirela badakigu arrazoidunok, baina ongi iltzatuta geratu zaigu topikoa. Eta nahiz eta ez den izan nire mozorrorik gogokoena, magiaren aferak erakarrita edo, inoiz jantzi izan dut txanorik.
Sorgina zer den galdegin beharko genioke gure buruari lehenik. XIV mendean emakumeen aurkako indarkeria sistematizatu zutenek asmatu zuten kontzeptua. Amaia Nausia Pimoulierren definizioa jarraituz, “kontrolatzen zituen gizonik gabe autonomia izan zezaketen emakumeak” izendatzeko. Kontrola zen jokoan zegoena. “Portaera kodeak hausten ausartu ziren emakume nafarren jokaera diziplinatzeko agintarien grina” izan zen, historialari nafarraren aburuz, sorgin-ehizen arrazoirik garrantzizkoena.
Lanbideak bihurtzen zituen “kontrolaezin”. Sorgin gehienak “baserritarrei laguntzen zieten sendalari ez-profesionalak” baino ez ziren-eta, Barbara Ehrenreich eta Deirdre English idazleentzat. Sorgin ehiza emakumeak osasungintzatik kanporatzeko gizonek bultzatu duten borroketako bat izan da, aktibista estatubatuarren iritziz. Lortu ote zuten? Mediku hitza entzun, eta zein irudi sortzen dugun aztertzea besterik ez dago.
Independentzia ekonomikoa ematen zien emagintzak edo erizaintzak; esperientziak eta jakintzak, berriz, autoritatea. Indarkeria erabili zutenek ez zuten emakume langile horien zientzia ezagutzen; sineskeriak leporatu zizkieten. Hortxe behar zuten salaketa faltsua: sorginkeria.
1525ean Auritzen hasi, eta Baztan, Bortziriak, Doneztebe, Odieta, Sakana, Estellerria, Erronkari, Zaraitzu, Erroibar, Tafalla, Nafarroako ia txoko guztietara zabaldu ziren sorgin ehizak. Zugarramurdikoak izan dira bortitzenak, 1609an: sorgintzat jo zituzten bizilagunen %26; 53 lagun auzipetu, eta 11 erre zituzten bizirik.
Hiru ziren sorginkeria prozesuetan gehien errepikatu ziren salaketak. Ez zaizkizue arrotzak eginen: sexu-krimenak, “botere magikoak” (hau da, trebetasun medikuak) edukitzea eta antolatuta egotea.
Egun, indarkeria matxista da biktima zalantzan jartzen duen delitu bakarra. Zenbat aldiz kolpatu behar dugu emakumeok kristalezko sabaia? Apurtzean, zergatik aurkitzen du hurrengoak osoki berreraikirik? Azken ikerketen arabera, %22,37ko soldata-arrakala dago Nafarroan, eta emakumeek gizonek baino denbora libre gutxiago dute egunean: 43 minutu gutxiago, aste egunetan, eta 65, asteburuetan.
Zergatik kriminalizatzen da mugimendu feminista? Iazkoa da albistea: “Hamabost hilabeteko zigorra eskatu dute M8ko istiluetan Iruñean atxilotutako feministarentzat”.
Iritsi da inauteri garaia, eta asko izanen dira “sorgin izatera” jolastuko direnak. Nahiko nuke inauteriak izan zitezen aldarrikapenerako tresna eta memoria kolektiborako erreminta. Baina ez dira; historia ez da lantzen genero ikuspegi batetik, oro har. Nerea Fillaten gomendioa jarraituko dut, beraz: “Bortizkeri patriarkala jasan zuten emakumeak dira; ezin dira mozorro bat izan”.