Manifestazio bat egin dute asteburuan. Lehen bizilagunak duela hamabi urte mugitu ziren auzora. Administrazioek segitzen dute onartutako azpiegiturak egin gabe. Lau udalen menpe dago Erripagaña.
Edurne Elizondo
“Pazientzia agortu zaigu”. Horixe erran du Erripagañako bizilagun eta hango auzo elkarteko kide Alberto Erreak; administrazioen erantzunik ezak eragin du Erripagañako kideen haserreak gora egitea, eta karrikara atera dira, ondorioz, euren kexak zabaltzera: duela hamabi urte ailegatu ziren lehendabiziko bizilagunak auzora, eta oraindik 2004. urtean egindako plangintzan adostutako zerbitzuen zain segitzen dute. Ez dute eskolarik, ezta osasun etxerik ere. Manifestazioa egin zuten joan den larunbatean.
Lau udalen menpe da Erripagaña, Iruñeko, Uharteko, Eguesibarko eta Burlatako lurren gainean eraiki baitzuten auzoa. Egoera hori “oztopo” bilakatu da bizilagunentzat. “Batetik, kultur etxe bat edo kiroldegi bat eskatzen dugunean, udal bakoitzak bere azpiegiturak erabil ditzakegula erantzuten digulako; eta, bertzetik, udalek eta Nafarroako Gobernuak aitzakia gisa erabiltzen dutelako egoera administratibo ezohiko hori urratsik ez egiteko”, azaldu du Erreak.
Argak eta errepideak zehazten dituzte Erripagañako mugak. 2004. urtekoa da auzo horren inguruko plangintza, eta duela hamabi urte mugitu ziren harat lehendabiziko bizilagunak. Geroztik, etxebizitza kopuruak gora egin du. 2010ean, batetik, auzoa %30 handitzea onetsi zuen Nafarroako Gobernuak; eta iaz, etxebizitza gehiago egiteko bertze akordio bat onartu zuten. “Leclerc enpresak lursail bat du gure auzoan; lehen asmoa zen merkataritza gune bat egitea, baina asmo hori bazter utzi, eta etxebizitzak egiteko erabiltzea hobetsi dute”, kontatu du Erreak.
Erroldaren arabera, 9.000 biztanle ditu Erripagañak. “Iruñerriko Mankomunitateko kontratuak kontuan hartuta, 12.000 inguru gara. Etxebizitza berriak betetzen dituztenean, 17.000 izan gaitezke”.
Auzo elkartearen lana
2015ean sortu zuten Erripagañako auzo elkartea, bi helburu nagusirekin: batetik, auzoko kideen arteko sarea sustatzea; eta, bertzetik, administrazioen aurrean aldarrikatzea dagozkien zerbitzuak.
Lehendabiziko helburua betetzeko urratsak egiten ari dira auzo elkartetik; auzoko bestak antolatzen dituzte horretarako, adibidez; inauteriak eta Olentzero ere ospatzen dituzte, auzoko euskara taldearekin batera.
Dagozkien zerbitzuak lortzeko bidean, berriz, Erreak garbi du “hasieratik” egin dituztela gauzak gaizki: “2004ko plangintzan zenbait zerbitzu aipatzen dira, baina ez dute zehazten ez nork, ez nola, ezta noiz garatuko dituzten ere”. Ondorioz, inork ez du deus egin: “Hitz politak jaso ditugu, baina besterik ez”.
Hitz politak nahikoa ez direla errateko garaia dela uste dute Erripagañako bizilagunek, eta horregatik erabaki dute urrats bat egitea, eta karrikara eramatea euren protesta. Nafarroako Gobernuari oroitarazi diote legegintzaldia hasi zenean agindu zuela auzoko egoera administratibo ezohikoa konpontzeko “lidergoa” hartuko zuela. “Hitza ez du bete”.
Osasunaren eta hezkuntzaren arloak jo dituzte auzo elkarteko kideek nagusitzat. Egun, Sarrigurengo osasun etxean artatzen dituzte Erripagañako bizilagunak. “Zerbitzu horrek gainezka eginen du, ez baitago prestatua hainbeste jende artatzeko; haurrak pediatrarenera eramateko autoa hartu behar izatea ere ez da aukerarik egokiena”, salatu du Erreak.
Burlatako Udalak eman ditu Erripagañako osasun etxea egiteko lurrak, baina obrak noiz hasiko dituzten ez dakite.
Haur eskolarik eta ikastetxerik ere ez dute. Mendillorrira jo behar dute Erripagañako bizilagunek. “Urgenteena haur eskola da; behar dugu”, eskatu du Erreak. Antza, Nafarroako Gobernuak badu Burlatan zeukana auzo horretara mugitzeko asmoa, baina oraindik urratsik ez du egin.
Kultur etxe bat eta kiroldegi bat egiteko ardura udalena da, eta arlo horretan “borondaterik eza” nagusi dela erantsi du Erreak. Konponbide bat “exijitu” die administrazio guztiei.