Olatz Azpirotz Larzabal
Intimotasuna eta mina gainditzeko ahaleginak eta aurrerapausoak lausotu zaizkigu giroan azkenaldian. Asteotan, batik bat, sexualitatea eta ahalduntzea lantzen duten hainbat egituren egoera aditzera eman dute.
Lehenik eta behin, 1992. urtetik zabalik egon den eta Nafarroako lehenengoko denda erotikoa izandakoaren itxieraren berri izan dugu. 30 urtez zabalik egon ostean, arrazoi ekonomikoengatik betiko itxi behar izan dute.
Bigarrenik, 60 urteko bidea izan duen Alaiz kolektibo feministak bere egitekoa bertan behera utzi behar izan du. Kolektibo hori 1960ko hamarkadan hasi zen sexu heziketa eta heziketa afektiboa lantzen, eta, horretaz gain, haien laguntzarekin hainbat emakumek eskola gradua lortu ahal izan zuten.
Sarea ez da propioz murriztu eta eten. Nahiz eta 2019. urtean Nafarroako Gobernuak “emakumeen eskubideen aldeko konpromiso irmoari eusteagatik, eta emakumeen parte hartze soziala bultzatzeko eta emakumeek bizitza publikoan parte har dezaketela frogatzeko egin duen lanagatik” aitortza egin, Alaiz kolektiboak bere jarduera, aurreko kasuan bezala, arrazoi ekonomikoengatik eten behar izan du, hain zuzen.
Azkenik, LGTBI+ kolektiboaren behar juridiko, psikologiko, sexologiko eta akonpainamendu soziala bermatzen duen Kattalingune zerbitzuan murrizketa itogarriak egon dira, eta horren adierazgarri da, lan karga mantenduz langile kopurua zazpitik laura jaitsi izana.
Neurri honek Nafarroan dauden beharrak Iruñean zentralizatzea dakar; hortaz, jada, probintzian atentzio duin bat mantentzea ez da eramangarria izanen.
Inguratzen gaituen oro eta gu geu diruari lotuta gaude, eta zaintza ez da afera horretan salbuespena. Berun kantitate txiki eta urre deigarri hori gabe dinamikak eta zaintzak oroimenaren idatzizko erreferentzia huts bihurtzen dira.
Ordea, badaude zilarraren eta urrearen mendekotasunetik ihes egiten dutenak ere. Otsailaren 3an, Iruñean, Elizaren ondasunen errekuperazioa azkartzeko elkarretaratzea egin zen.
Eliza kristauan dauden elementuen artean bada bat semantikoki garaia esan nahi duena; latinezko ambotik datorkigu, euskarazko anboi. Material eta altuera ezberdinekoa izan daiteke, eta, oro har, irakurtzeko, abesteko eta predikatzeko erabiltzen da.
Lotura ekonomikoen zirrikituek, anboietara igotzen diren horientzat, tunelen irmotasuna hartzen dute; euri, kazkabar eta tximistetatik babestuta dauden bide zabalak dira. Horrela, geratzen gara gu bozgorailuetatik at, lurraren azpian, oxigenorik gabe, eta, ondorioz, ezin biziraun, alegia.
Horregatik, Martxoaren 8an egindako aldarrikapenek gainerako egun, hilabete eta urtaroak blaitu beharko lituzketela, eta horiek aldarrikapenen erakusleiho izan beharko liratekeela uste dut.
Horrela, akaso, noizbait, etengabeko aldarriak eta lanak merezi duten lekua izatera helduko dira, eta lurretik kantatu, hitz egin, lagundu eta zaindu ahalko dugu elkar, sasietan ahapeka hitz egitetik ahoz gora arnastu eta hitz egitera igaroz.