Maier Irigoien psikologoak LGTBI kolektiboaren eta osasun mentalaren arteko heldulekuak jorratu ditu, Iruñean antolatutako hitzaldi batean.
O. L. Garaialde
Kanpo egiturek autopertzepzioan, subjektibotasunean eta sufrimenduan eragiten dutela azaldu du Maier Irigoien psikologoak. LGTBIQ kolektiboaz eta osasun mentalaren arteko heldulekuez mintzatu da Iruñeko Kondestablearen jauregian. Harrotuk, Iruñeko LGTBI udal zerbitzuak antolatu du hitzaldia.
Irigoienek esan du kanpo egiturek botere harremanen sistema bat dutela oinarrian: “Boterea beti dago, eta ez da txarra. Egin behar dena da kontziente izan daukagun botereaz, eta arduraz jokatu. Bestela, leku pribilegiatu batetik leku diskriminatu batera boterearen abusu bat gertatzen denean, zapalkuntza bat dago”.
Zapalkuntzek ondorio psikologikoak, emozionalak edota fisikoak eragiten dituztela azaldu du, eta inpaktu batzuek traumak eragin ditzaketela: “Gertaera edo inpaktu larri baten aurrean pertsona batengan sortzen den erantzun psikoemozionala da trauma; izan daiteke beldurra, antsietatea, depresioa, haserrea, amets gaiztoak…”.
Traumak indibidualak edo kolektiboak izan daitezke; adibidez, trauma indibidual bat da auto istripu bat izatearen ondorioz beldurra izatea autoz mugitzeari. Aldiz, kolektiboa da, LGTBI manifestazio batean karga bat egotea eta denei “gogor” eragitea. Hala ere, kolektiboa izateko ez du zertan elkarrekin bizitako zerbait izan: “Haurtzaroan niri marika esatea eta zuri ere bai, nahiz eta denbora eta espazio desberdinetan izan, trauma kolektiboa da, biok dugulako zauri hori”.
Trauma bati erantzuteko bi modu daude; batetik, hiperaktibitatea, eta, bestetik, hipoaktibitatea: “Aktiba naiteke eta aurre egin, joan naiteke korrika eta leku horretatik ihes egin, edo paralizatuta gelditu”.
Horrez gain, traumaren eta traumatizazioaren arteko diferentziak azaldu ditu Irigoienek: “Trauma da gauza puntual bat, momentuan jaso dudan gauza bat, adibidez, kalean ‘bollera nazkagarria’ naizela esatea norbaitek edo jipoitzea”. Traumatizazioa, aldiz, modu jarraituan bizi izandako zerbait da: “Haurtzaroan etengabe esaten bazidaten izugarrizko nazka ematen dudala, nire identitatearen parte bihurtzen da”.
Feminismoaren premia
Kontsulta batean lan egiten du Irigoienek, eta psikologia eta psikoterapia “begirada androzentrikoan” oinarrituta daudenez, kontatu du horrek kontsultetan eragina duela: “Norbaitek esaten duenean homosexuala edo transa dela, denon iruditegian heterosexualitatea normalizatzen duen zerbait dago, eta horren atzean zer dagoen jakin nahian zer gertatu zaion galdetzen diogu. Psikologiaren jatorriari kritika egin, eta aztertu behar da”.
Androzentrikoa izateaz gain, gaixoaren eta osasuntsuaren arteko egitura binarioan oinarrituta dagoela salatu du: “Sistema binario batek ez du inoiz errealitatea islatzen gaixotasuna eta osasuna askoz zabalagoak direlako”.
Begirada androzentrikoari aurre egiteko, “psikoterapia feministaren premia” azpimarratu du: “Ikuspegi kritiko eta intersekzionala behar dugu ulertzeko parean duzun pertsonaren atzean egitura eta istorio bat dagoela”. Adibidez, pertsona trans batekin lan egin aurretik lanketa propioa egitea gomendatu du: “Ikusi behar dut nola erreproduzitzen ditudan feminitatea eta maskulinitatea; bestela, arreta pertsona transean jartzen ari naizelako, eta hori logika patologizante bat da”. Kolektiboan aritzea garrantzitsua dela uste du: “Mintzen gara beste batekin, eta osatu behar gara beste batekin”.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.