Maialen Belarra
Sartagudako istorioak historiaren parte dira. 1936an gerra itxurako mamuak belztu zuen herria; sartagudarrak sartagudarren aurka. Batzuk hiltzaileak, besteak hildakoak; bizilagunak nahiz odol berekoak. Guztira 86 gizon fusilatu zituzten, 86 bihotz isilarazi. Alargunen herri bilakatu zen ordutik. Elkarrekin bizitzen ikasi zuten, ordea; ikasi behar izan zuten. “Herriaren historia izateaz gain, gure familien historia ere bada. Urteak aurrera doaz, baina gure iragana ezin da alferrik galdu”. Itziar Ruiz herriko gaztearenak dira hitzok. Dokumental bat egiten ari dira Sartagudako bederatzi gazte, orduko gertakariak betirako gordeta gera daitezen.
Galiziako gazte batzuek egindako dokumental baten harira iritsi zitzaien ideia. Kultur etxean A pegada dos avos eskaini ondoren, Paolo Albanese alkateak eta Jose Ramon Martinez Alargunen Herriko Elkarteko kideak Sartagudan antzeko zerbait egiteko aukera aipatu zieten gazteei. Ez zuten bultzada handirik behar izan, berehala eman baitzuten baiezkoa. 17 eta 23 urte bitarteko bederatzi lagun elkartu, kamerak prestatu eta hogei minutuko zerbait grabatzea zen asmoa. Harago iritsi dira, dagoeneko 24 ordu grabatu baitituzte. Argi dago badagoela zer esan eta erakutsi.
“Batzuk elkarrizketatzen hasi, eta geroz eta herritar gehiago bururatzen zitzaizkigun. Azkenean, fusilatuen familietako edo inguruko hamabost pertsonarekin eta beste hamar bat aditu eta artistarekin egon gara”, jakinarazi du Naiara Espinosak. Besteak beste, Fernando Mikelarena historialariarekin eta Jose Mari Esparza ikerlariarekin hitz egin dute gazteek.
Grabaketa gehienak bukatu dituzten arren, “zailena” gelditzen zaiela diote: dokumentalean zer sartu erabakitzea eta bideoak editatzea. Horretaz Albanese arduratuko da. “Proiektua aurrera atera bada, zati handi batean hari esker atera da”, argitu du Ruizek. Gazteentzat etengabeko euskarria izan da. Jose Ramon Martinezek ere asko lagundu die elkarrizketatuak aukeratzen eta galderen gidak prestatzen.
65 alargun, 135 umezurtz
Txikitatik entzun dituzte gertakari lazgarri haiek herriko gazteek. “Nik zortea izan dut nire aitonak gertatutakoa ez duelako inoiz gorde. Bi urte zituenean kendu zioten aita, eta momentuaz akordatzen ez bada ere, gerokoak oso presente ditu”, dio Ruizek. “Hiru anaia hil zituzten; horietako bi beste bi ahizpekin ezkonduta zeuden. Gizonak hil zituztenean emakumeen arteko bizitza egin zuten, elkar lagundu zuten”, azaldu du.
Datuak beldurgarriak dira. Hilketen ondotik, 65 bat emakume alargun gelditu ziren, eta 135 ume inguru aitarik gabe. Alargun horietako asko umiliatuak izan ziren: ilea moztu zieten, isekak jasan zituzten, lurrak lapurtu zizkieten… “Irabazleen bakea sufritu behar izan zuten”. Halaxe zioen Jose Maria Jimeno Jurio historialari eta ikertzaile nafarrak bere artikulu batean. 1936an Nafarroako herririk zigortuena izan zen Sartaguda. Garai berriak iritsi dira, baina barkamenik ez da heldu. Emakume haiek inolako aitorpenik gabe hil ziren, justizia noiz egingo zain. Beldurrez.
Haien seme-alabek oraindik izua hezurretan dutela baieztatu dute gazteek. “Herritar askok badakite nor izan ziren hiltzaileak, baina oraindik hitz egiteko beldurra dute; zerbait gertatuko zaiela uste dute”. Lorea Martinez gazteak emakume baten kasua gogoratu du. “Hasieran ez zigun inoren izenik eman nahi izan, baina handik egun batzuetara zekiena esan zigun. Hil aurretik isiltasuna haustea erabaki zuen”. Ruizek harago joan nahi izan du: “Guretzat izen soilak dira, baina jende horrek beraien familiakoen hiltzaileekin bizi behar izan zuen herrian; askotan familia berean”.
Sinesgaitza baina egiazkoa. 1.200 biztanleko herria. Salatuak nahiz salatzaileak bertakoak; 86 fusilatu denera. Zergatik? “Lurren aldarrikapenengatik”. Tinko erantzun dute gazteek. Ideologiak ere bazuen ustezko pisurik. Garai hartan herria Infanterri dukearena zen, baina Ramiro Torrijos administratzaileak kudeatzen zituen lurrak. Langileak etengabe egiten zituzten lurren aldarrikapenak, eta eskaera horiek areagotuz joan ziren II. Errepublikan. “Administratzaileak nahi zuena egiten zuen: ‘Lurra nahi duzu? Zazpi oin luze gorde dizkizut hilerrian’, erantzuten zien langileei”, jakinarazi du Martinezek.
II. Errepublikan Hilario Ruiz errepublikazale eta sozialista iritsi zen alkatetzara, eta 1936an Fronte Popularrak irabazi zituen udal hauteskundeak. Urte horietan dukeari exijitu zioten behar gehien zutenei lurrak emateko. Gehiengoaren pozak, baina, gutxi iraun zuen. Estatu kolpearen ondoren, Sartagudako Udaleko kide guztiak hil zituzten. Tartean zeuden Martinezen aitonaren eta amonaren aitak. “Nire aitonaren aita alkateordea zen, eta amonarena, bake epailea. Biak hil zituzten”.
Politika, “aitzakia hutsa”
Lehenengo fusilatuen ondoren, ehun bat lagun behartu zituzten Sanjurjo jeneralaren oinezko erregimentura joatera, Zaragozara. Han beste 45 sartagudar hil zituzten. Carcarren (Nafarroa), Oiakarizketa mendian (Nafarroa) Ausejon (Errioxa) eta Zaragozan fusilatu zituzten gehienak. Gauez. Jimeno Jurioren ikerketen arabera, Fronte Popularrari boza emandako gizonen %40 “desagerrarazi” zituzten.
“Garbiketa politikoaz” hitz egiten da, baina hori “aitzakia” hutsa zela uste du Espinosak. “Guk elkarrizketatu ditugunek esaten dute ez zela politikagatik izan. Langileak ziren, eta lurrak eskatzen zituzten. Besterik ez”. Ruizek gogora ekarri du Torrijosek “zerrenda beltz bat” izan zezakeela: “Diotenez, salaketaz salaketa, herrian sobera zeudenen izenak zerrenda batean zeuden”.
Gazteek beren aitona-amonen istorioak hunkituta eta gogotsu entzun dituzte, baina aitortu dute borreroen familiako norbaitekin ere hitz egin nahi izan dutela.”Ez genuen lortu. Oso gai delikatua da denentzat, baina uste dut gorrotoa alde batera uzten ikasi dutela, eta jendeak gertatutakoaren berri izatea dela haien lehentasuna”, dio Espinosak. Ruizek baieztatu du herrian pozik daudela: “Gu mugitzen ari garela ikusteak ilusioa egin die. Ohartu dira beraiengandik asko ikas dezakegula ondorengook”.
Dokumentala urri aldean estreinatzea espero dute, baina hori grabatutako guztiaren lagin bat besterik ez da izango. Gainerako bideo guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko artxiboan gordeko dituzte. Martinezek ohartarazi du jendeari lasai hitz egiten utzi diotela: “Pertsona horiek asko dute kontatzeko. Nik uste dut horren ale bat behintzat jaso dugula, eta gure ondorengoek ere zeri heldu izango dutela. Ezin dugu iragana ahaztu”.