Etxarri Aranatzen eginen dute, Aritzalkoko basoan b Apirilean hasiko dituzte lanak; sei milioi euroko aurrekontua dute b Helburua da A-10 autobiaren bi aldeetako animalien joan-etorria erraztea.
Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernuak apirilean hasiko ditu Urbasa-Andia eta Aralar lotzeko ekobide bat eraikitzeko lanak. Etxarri Aranatzen eginen dute, Aritzalkoko basoko bi aldeak batzeko asmoz. A-10 autobiaren bi aldeetako animalien joan-etorria erraztea da azpiegitura berri horren helburu nagusia.
Sei milioi euroko aurrekontua dute obrek, eta Obenasa enpresak eginen ditu. 60 metro luze eta 45 zabal izanen den zubia eginen dute, errepidearen gainetik. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko kideak arduratuko dira ekobidea landarez estaltzeaz.
“Behar zen”, nabarmendu du Gorosti zientzia elkarteko kide eta biologo Alberto Lizarragak (Iruñea, 1975). Babes Bereziko Eremuak dira Urbasa-Andikoa eta Aralarkoa, eta biak batzen ditu Aritzalkoko basoak; “balio handikoa” dela erran du Lizarragak: “Baso zaharra da; haritz helduak ditu, eta, ondorioz, balio handia du hango faunarentzat”.
Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilari Itziar Gomezek onartu du Natura 2000 Sareko “arazo handi bat” izan dela, orain arte, Sakanako autobiak eragindakoa; oztopo fisiko larri bat izan dela errepide hori animalia anitzentzat. “Iparralderantz joateko aukera bazuten; hegoalderantz mugitzekoa, berriz, ez”, zehaztu du Alberto Lizarragak. Ekobidea egiteko aukeratutako tokia “egokiena” dela erantsi du, faunak Aritzalkoko basoa erabiltzen duelako.
Dozenaka animalia hil
Errepideak zenbait ugaztun espezieri eta anfibioei eragiten die, batez ere. Ugaztunen artean, anitz dira errepidea zeharkatuz auto batek harrapatuta hildako orkatzak eta basurdeak, bertzeak bertze.
Nafarroako Gobernuak 1998tik 2019ra jasotako datuen arabera, hain zuzen, 29 basurde hilik aurkitu zituzten Sakanako inguru horretan; bai eta 25 orkatz, 24 lepazuri, 22 azeri eta 21 azkonar ere. Hilik aurkitu zituzten, halaber, zenbait basakatu, erbi, lepahori, bisoi europar, katajineta eta igaraba bat. Aurkitu dituzten animaliak dira horiek; hildakoak, segur aski, gehiago izanen dira.
Ekobidearen helburua da animalientzat “pasabide seguru bat” eskaintzea. Gorostiko biologoak aipatu du, dena den, ez dituela arazo guztiak konponduko. Izan ere, espezie bakoitzak bere pasabidea behar du; hau da, espezie bakoitzaren ezaugarriengatik, gertatzen da batentzat egokia den pasabidea ez duela bertze batek erabiltzen.
Lizarragak garbi erran du Etxarri Aranatzen eginen duten ekobideak ez duela balio anfibioentzat, adibidez. Aproposa izanen da, hori bai, basurdeentzat eta orkatzentzat, bai eta bertze ugaztun anitzentzat ere. “Anfibioak erreketan egoten dira, baina migrazio sasoia dutenean, errepideak zeharkatu behar izaten dituzte, askotan. Errepideen gaineko pasabideak ez dira egokiak haientzat; behar dituzte errepideen azpitik doazen bideak”.
Biologoak azaldu du, halere, Sakanako autobiak ez diela gehiegi eragiten anfibioei, badirelako —Lakuntza eta Arruazu artean, eta Arruazu eta Uharte Arakil artean— animaliok gurutzatzeko erabiltzen dituzten pasabideak.
Nafarroan moldatzen ari diren bertze errepide bateko lanak ere erdigunean jarri ditu Lizarragak: N-121-A errepidea. “Errepide horretan arazo nagusia da ibilgailu kopurua”. Errepide hori 2+1eko bide bilakatzeko lanak egiten ari dira, eta animalien joan-etorria errazteko hartutako neurriak “egokiak” direla uste du. Egun, legez arautua dago errepideetan faunarentzako pasabideak egiteko beharra.
N-121-A bideko obrak amaituta daude Arre eta Arraizko benten artean; batetik, fauna errepidera ez sartzeko hesiak jarri dituzte bi aldeetan. Hesi horietan, dena den, badira animaliak pasabide seguruetara bideratzeko zuloak. Bertzetik, errepideko erdibitzailean hesi berezi bat jarri dute —BIRSTA 1P N2 motakoa—. “Orkatzek gainetik egiten ahal dute salto; basurdeak, berriz, azpitik pasatzen ahal dira. Helburu hori du hesiak, hain zuzen”.