Castejongo, Tafallako, Oltza zendeako, Uharte Arakilgo eta Berriozarko udalburuek manifestu bat sinatu eta aurkeztu dute. Tren sozial eta publiko baten alde egin dute bostek.
Edurne Elizondo
Indarrak batu dituzte, erdigunean eskaera jakin bat jartzeko: abiadura handiko trenaren (AHT) lanak bertan behera utz ditzatela. Castejongo, Tafallako, Uharte Arakilgo, Oltza zendeako eta Berriozarko alkateek egin dute eskaera hori; manifestu bat sinatu eta zabaldu dute —Iruñean aurkeztu zuten, duela astebete, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren egoitzan—, AHTaren obrak eta lan horiek egiteko lur desjabetzeak geldi ditzatela exijitzeko, preseski.
Alkateok nabarmendu dute, argi eta garbi, “tren sozial eta publiko baten alde” direla. Oroitu dute Nafarroako Trenaren Alde plataformak aurkeztu berri duela tren publiko eta sozial bat oinarri duen alternatiba, eta kontuan har dezatela eskatu diete Nafarroako eta Espainiako gobernuei. Alkateon hitzetan, egungo trenbidea egokitzea eta hobetzea da bidea, AHTa baztertzeko, eta lurraldearen kohesioa bermatuko duen tren zerbitzu baten alde egiteko.
“Zentzuz jokatzea da kontua; alternatibak badaude”, erantsi dute alkateek. Zalantzan jarri dute AHTak salgaiak garraiatu ahal izatea, eta abiadura handiko trenak zerbitzu konbentzionalean eragin ditzakeen ondorioen inguruan ohartarazi dute; geltokiak eta leihatilak itxiko ote dituzten beldur dira.
Abiadura handiko trenaren lanek ukitutako herriak dira alkateen manifestua sinatu dutenak, eta erdigunean jarri dituzte AHTaren proiektuak haien inguruetan eraginen lituzkeen kalteak, hain justu.
Herrian eraiki nahi dituzten zubibideak eta abiadura handiko lineak piztu dute Castejongo Udaleko arduradunen kezka. David Alvarez alkateak (Ezker Batua) garbi erran du obra horiek “kalte larriak” eraginen lituzketela inguruan. “Ibar basoak eta nekazaritzarako balio handiko herri lurrak txikituko lituzkete”, azaldu du Alvarezek.
Alkateak salatu du zubibidea egiteko proiektua iazko abuztuan jaso zutela; eta zubibide horri lotuko zaion trenbide zatiarena, berriz, abuztuan. “Nahita aukeratzen dituzte tarte horiek, alegazioak aurkezteko prozesua zailtzeko”. Zazpiehun metroko zubibide bat da Castejonen egin nahi dutena, Ebro ibaiaren gainean. Zubibide horri lotuta, lau kilometroko trenbide zati bat, abiadura handiko trenaren plataforma eta oraingo trena batzeko, Tuterarako eta Zaragozarako (Espainia) norabidean.
“Ziurgabetasuna da nagusi”. Horixe nabarmendu du David Alvarezek, eta aitortu du badutela egungo zerbitzuari buruzko kezka. “Azken urteotan, zerbitzuaren kalitateak behera egin du. Herri askotan itxi dituzte leihatilak; guk lortu dugu gureari eustea, baina beti egon behar dugu borrokan, tren gehiago ken ez dezaten. Castejon trenaren inguruan hazi da; ez dakigu gure geltokiarekin zer gerta daitekeen, eta horrek anitz kezkatzen gaitu”.
“AHTaren ereduak huts egin du. Ez du balio salgaiak garraiatzeko, eta herrien hustea bultzatzen du. Eredu hori ezin dugu onartu”, gaineratu du. AHTaren inguruko “gezurrak” salatu nahi izan ditu Castejongo alkateak: “Orain egunero ari dira Nafarroako Gobernuko agintariak AHTari buruz hitz egiten, hauteskundeengatik. Castejon eta Cadreita arteko lanak aspaldi bukatu zituzten, baina plataformaren gainean trenbiderik ez dago”.
Tafallan herritarrak kexu dira tren geltokiaren egoeraz. “Komuna itxita dago, eta dena zikina”, erran du herriko alkate Jesus Arrizubietak (EH Bildu). Castejongo alkateak bezala, garbi du AHTaren aldeko apustuak zerbitzu konbentzionalari eragin diola, eta Tafallan zerbitzuak “nabarmen” egin duela okerrera.
Garbi du, halaber, AHTa ez dela alternatiba. “Obrei so egitea nahikoa da ingurumenean duen eraginaz jabetzeko”. Arrizubietak, dena den, kezka du, batez ere AHTaren eragin sozioekonomikoari buruz, eta salatu du inolako azterketarik ez dutela egin horri buruz.
Tafallako Udala Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren barruan dago, eta partzuergo horrek txosten bat eskatu zuen AHTaren eragin sozioekonomikoari buruz: “Duela lau urte eskatu genuen, eta zain gaude oraindik ere, ez dugu jaso. Ez dakit egin ote duten; guri, behintzat, ez digute deus bidali. Ez da alderdi jakin bateko udal batek egindako eskaera; partzuergoak 30 herri ordezkatzen ditu, baina ez diote kasurik egin. Eta horrek biziki mintzen nau”, erran du Tafallako alkateak.
Eragin sozioekonomikoari buruzko txosten bat egitea “funtsezkoa eta zentzuzkoa” dela uste du Arrizubietak, AHTaren gisako proiektu handi batek ukitzen dituen herrien egunerokoa alda dezakeelako. “Ingurumen kalteari buruzko txostena egiten bada, zergatik ez dituzte bertzelako esparruak jorratzen?”, galdetu du alkateak.
Egoerak hobera egiteko esperantza handirik ez du Jesus Arrizubietak: “Nik garbi dut Tafallako geltokia desagertuko dela. AHTak nori eginen dio mesede, azkarrago bidaiatzeko aukera izanen duten iruindarrei? Ez dakit, bada. Tafallari, behintzat, onik ez dio eginen. Are gehiago bakartuko gaitu”, salatu du Tafallako alkateak.
Tren sozial eta publiko baten alde lerratu da, argi eta garbi, eta erran du konponbidea egungo trenbidea moldatzea eta berritzea dela, tren sozial eta publiko baten bidez lor daitekeelako herriak ez hustea, baita populazioari eustea ere.
“Arazoa ez da bakarrik gurea; Sakana osoarena baizik. Sakana korridore bat da, halaxe erraten diote, Sakanako zerbitzu korridorea, eta hori erran, eta ematen du denetarik egin daitekeela han”. Horixe nabarmendu du Uharte Arakilgo alkate Txomin Huartek (EH Bildu), bertze deus baino lehen. “Trenbideak eta autobiak erditik mozten dute herria gaur egun. AHTak bertze mozketa bat eraginen du”.
Autobia baten edo tren baten gisako azpiegiturek herri batean eragin ditzaketen ondorioak askotarikoak direla erran du Huartek: “Gure herria eta gure herriko industrialdea bitan zatituta daude; horrek anitzez ere gehiago zailtzen du herritarrok gure inguruarekin daukagun harremana, bai eta herritarron artekoa ere. Halako proiektuak egiten dituztenean ez dute hori kontuan hartzen”, azaldu du Uharte Arakilgo alkateak.
Castejongo udalburuarekin bat egin du, eta AHTaren proiektuak eragindako “ziurgabetasuna” salatu. “Ez dakigu euskal Y-arekin Ezkiotik [Gipuzkoa], Gasteiztik edo nondik lotuko duten; bat edo bertze aukeratu, herriko hegoaldetik edo iparraldetik joanen litzateke trenbidea. Baina ez dakigu deus, hori da kontua, ez dagoela ziurtasunik”, berretsi du.
Altsasuren eta Iruñearen artean garai batean ia hamar geltoki edo geraleku zeudela oroitu du, eta orain Uharte Arakilgoa dela bakarra. “AHTa egiten badute, ez dut uste gure herrian geldituko denik”.
Oltzako alkateordea
Bederatzi kontzejuk osatzen dute Oltza zendea: Aratzuri, Artazkotz, Asiain, Ibero, Izkue, Izu, Lizasoain, Oltza eta Ororbia. Oltzako alkate Moises Garjonek AHTaren aurkako udalburuen manifestua sinatu du, eta haren izenean aritu da Iruñean jendaurrean egindako aurkezpenean Amaia Lopez de Ipiña Aldaba alkateordea (Oltzako Herria). “Herrien arteko sarea sustatu nahi dugu guk, eta AHTak kontrakoa ekarriko liguke”, nabarmendu du.
Bertze alkateek bezala, egungo trenbidea baliatzeko eskatu du Lopez de Ipiñak ere: “Molda dezatela dagoena, eta ez dezatela txikizio handiagorik eragin”, salatu du. AHTak Aratzurin eraginen lukeen kaltea nabarmendu du, batez ere. “AHTak kalte handia eraginen luke Ororbia eta Aratzuri artean; Aratzurin azpiegitura anitz dago jada, eta AHTak egoera okertuko luke”. Lopez de Ipiñak oroitu du azpiestazio elektriko bat dagoela Aratzurin, eta, ondorioz, AHTaz gain, energia berriztagarriekin lotutako zenbait proiektu daudela mahai gainean inguru horretan garatzeko.
“Mehatxuak askotarikoak dira, eta herriak hustea ekar dezakete. Iruñetik gertu gaude, baina gure herri izaerari eutsi diogu, eta, horri esker, jendea erakar dezakegu. AHTak gure herriak zatitzen baditu, ordea, baliteke kontrakoa gertatzea”, erantsi du.
“AHTa ez litzateke Berriozartik pasatuko, baina elkartasunagatik sinatu dugu manifestua”, argitu du Berriozarko alkate Raul Maizak (EH Bildu). Izan ere, Berriozarren ongi dakite trenbide batek zer eragin dezakeen herri batean. “Trenbideak bitan zatitu du herria, eta gurea da herrialdean oraindik dagoen trenbide pasagune bakarrenetako bat”, erran du alkateak.
Tren publiko eta sozial baten alde egin du Maizak, bertze alkateek bezala, eta nabarmendu du ikusteko dagoela AHTak herrialde osoan zer eragin sozioekonomiko izanen lukeen. Aspaldiko aldarrikapen bat jarri du, gainera, erdigunean: “Berriozarko trenbide begizta ken dezatela”.
490 milioi euro AHTaren Iruñerriko korridorea egiteko
E. Elizondo
Martxoko azken egunetan, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek bitan jarri du erdigunean abiadura handiko trena eraikitzeko proiektua; martxoaren 28an, AHTaren Iruñerriko korridorearen berri emateko agertu zen hedabideen aurrean, Iruñean, Espainiako Gobernuko Garraio ministro Xavier Floresekin batera. Biharamunean, berriz, legegintzaldiko “mugarrien” artean aipatu zuen AHTa garatzeko egindako lana, herrialdeko toki entitateetako ordezkariekin Iruñean egindako saioan.
Iruñerriko korridoreari buruz, Nafarroako eta Espainiako gobernuek azterketaren txostena aurkeztu zuten martxoko agerraldian, zehazki. Asmoa da hiriburuko egungo trenbide begizta desagerraraztea; AHTaren trenbideak hiriburua inguratuko luke, eta geltoki berria Etxabakoitzen eginen lukete, “egungo eta etorkizuneko beharretara egokituz”. Obren aurrekontua 490 milioi eurokoa da.
Txibitek erantsi zuen Erriberak “abiadura handiko geltoki bat” izanen duela, eta “laster” jakin ahal izanen dela zehazki non jarriko den.
Txibitek eta Floresek Iruñerriko AHTaren korridoreari buruzko azterketaren txostena aurkeztu zuten martxoaren 28ko agerraldian; Txibitek uste du, halere, hurrengo legegintzaldiaren amaierarako Castejon eta Campanas arteko AHTaren zatia “martxan jarri” ahal izanen dutela, “behin-behinean”, gainerako zatiak “bukatu bitartean”.
30 urteko borroka
Abiadura handiko trenaren aurkako borrokak 30 urte bete ditu, eta, hori nabarmentzeko, egitarau berezi bat prestatu du Nafarroako AHT Gelditu taldeak. Batetik, apirilaren 24an AHTaren aurkako lanaren berri emateko prestatutako erakusketa inauguratuko dute, Iruñeko Zabaldin. Bertzetik, apirilaren 26an mahai inguru bat eginen dute, toki berean; maiatzaren 6an, azkenik, manifestazio zaratatsua eginen dute, hiriburuan.