Bi proiektuk erdigunean jarri dute Zangoza, azken urteotan; Muga meategiarena da bat, eta Esako urtegia handitzeko lanena bertzea. Herriko alkate gisa jorratu ditu bi gai horiek Lucia Etxegoienek, 2019tik.
Edurne Elizondo
APS Zangozako Talde Progresistako Lucia Etxegoienek (Zangoza, 1978) 2019ko ekainean hartu zuen Zangozako alkate kargua. Datorren maiatzeko hauteskundeetara ez da aurkeztuko, ordea. Udal politikaren erdigunean izan diren eta dauden bi gairi buruz egin nahi izan du gogoeta, udala utzi aurretik: Mugaz eta Esaz.
Bi legegintzaldi egin dituzu Zangozako Udalean; azken lau urteak, alkate gisa. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Ona izan da. Ni harro nago herritarren alde lan egin izanaz. Beti izan dut inplikatzeko gogo hori, eta egin izana pozgarria da. Lana ez da erraza; nekagarria da, une anitzetan. Baina aukera eman dit beldur anitzi aurre egiteko, eta erabakiak hartzeko; EH Bildurekin koalizioan aritu gara, eta hori ere ona izan da, eztabaida zintzo bati eman diolako bidea. Nirekin, gainera, lantalde hagitz ona aritu da, eta horrek dena erraztu du.
Erabakiak aipatu dituzu; zer-nolakoak?
Pandemiari egin behar izan diot aurre. Bizilagun baten bila aritu ginen aldia ere barruan gelditu zait; hilik aurkitu genuen. Auzi serio anitzi egin behar izan diot aurre, herritarren egunerokoari eragiten ahal diotenak. Azken aldian, Muga meategiaren gaia izan dugu mahai gainean.
Joan den astekoa da Mugari buruzko azken berria: Zangozako Udalak lanak hasteko lizentzia partziala eman dio Geoalcali enpresari.
Udalak txostena aztertu du. Halere, prozesuan parte hartzen duten gainerako erakundeen baimena jasota, udalaren lizentzia emateko tramitea erraza da. Gure kasuan izan dira arazo batzuk, dena den.
Zer arazo?
Nafarroako Gobernuak emandako baimenak ez zituen aipatzen proiektuak ukitzen dituen Zangozako zenbait herri lur eta erabilera publikoko sail. Guk erdigunean jarri ditugu, eta garbi utzi dugu ezin genuela lizentzia eman enpresak nahi zuen bezala.
Zer erran nahi du horrek?
Arazo hori konpondu arte, lizentzia partziala eman dugu. Arazoa laster konponduko da, halere, herri lurrak apirilaren amaieran desjabetuko dituztelako. Zenbait herritarri ere desjabetuko dizkiete lurrak. Hori Nafarroako Gobernuaren bidez eginen den tramite bat da, presako prozedura onartu zuelako.
Lurren jabeek, hain zuzen, salatu zuten hori egin izana. Zer deritzozu?
Badakit jendaurrean salatu zutela; hedabideetan jaso dut horren berri, baina udaletxera ez dira etorri. Egia da presako prozedura batek jabeei egiten ahal diela kalte negoziatzeko orduan, eta uler dezaket kontent ez egotea.
Muga Zangozarentzat proiektu on bat dela uste duzu? Talde ekologistek eta herritarren plataformak behin eta berriz salatu dute proiektua.
Udalak ere hamaika alegazio aurkeztu dizkio; zenbait aldiz erakutsi behar izan du enpresak jendaurrean bere proiektua, alegazio horien ondorioz. Gisa honetako proiektu handiak ez dira amaitzen lizentzia ematen duzunean; adi egon beharko du Zangozako Udalak, eta ziurtatu dena ongi egiten dela. Jarraipen batzorde bat osatzeko beharra jasota dago, eta egin beharko da, gauzak behar bezala egiten direla bermatzeko. Nik uste dut proiektuak on egiten ahal diola herriari, baina adi egon beharko dugula, betiere.
Udalak Esako urtegia handitzeko lanen adi ere egon behar du?
Bide luzeko gai bat da Esakoa. Udala beti saiatu da informazio objektiboa eskuratzen, eta datu objektibo horien arabera urratsak egiten. Aditu independenteen laguntza bilatu dugu, adibidez. Auzi honek eztabaida handia piztu du beti, eta nik garbi erran behar dut urtegia handitzeko lanen aurka garela; dirua xahutzen ari direlako; gardentasunik eza delako nagusi; eta hegala mugitzen ari delako. Egun, urtegi hori ezin dute bete. Horrek kezkatzen gaitu.
Beldurrez bizi zarete?
Ez nuke hori erranen, baina beharrezkoa da adi egotea. Arduradunek egin ditzatela egin behar diren txosten eta ikerketa guztiak. Zangozako Udalak beti eskatu du hori, beti exijitu du hori, informazioa behar delako.
Gardentasunik eza aipatu duzu, ordea. Zaila da informazio hori lortzea?
Ebroko Ur Konfederazioarekin ez dugu izan denok behar genuen komunikazioa. Hori da errealitatea. Konfederazioak anitz du hobetzeko. Erakunde publiko bat da, eta gardentasuna zor die herritar guztiei, baina ez du hori eskaintzen. Ez dago komunikaziorik udalarekin, ezta bertze erakunde anitzekin ere.
Aditu anitzek zalantzan jarri dute Esako lanen segurtasuna., baina proiektuak aurrera segitzen du.
Ez dira samurrak halako egoerak. Esako urtegiko lanen inguruko ziurgabetasuna aspaldiko kontu bat da. Eta uste dut benetan garaia dela hiru galdera zuzen erantzuteko: beharrezkoa ote den urtegia handitzea; segurua ote den hori egitea; eta, azkenik, noraino iritsi nahi ote dugun. Herritarren segurtasunak egon behar du erdigunean, eta garaia da eztabaida serio bat egiteko. Gertatu dena ezin da ezkutatu.
Eskuineko hegalaren mugimenduaren ondorioz Lasaitasuna urbanizazioa desjabetu behar izanaz ari zara, adibidez?
Bai. Etxeak hustu behar izan zituzten. Gauzak behar den bezala egin beharko lituzkete. Eman ditzatela datu errealak Esan gertatzen ari denari buruz, hegalaren mugimenduari buruz. Gardentasunez jokatzen ez badute, kezkak eta mesfidantzak gora egiten dute.
Esa + Ez plataforma hitzaldiak ematen hasi da berriz, Esako urtegiaren auzia erdigunean jartzeko berriro. Zer asmo du Zangozako Udalak?
Espainiako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak egindako txostena aztertzeko bertze toxten bat eskatu dugu, eta horren zain gara. Elkargokoko kideek egindako txosten hori iazko udan jaso genuen, azkenean. Ongi aztertu nahi dugu.
Zangozako Udalak segitu beharko du Esako urtegiari so egiten?
Bai, zalantzarik gabe. Aspaldikoa da kezka, eta hemendik aurrera ere erdigunean izanen da Esako urtegiaren auzia.
Udaletik at eginen diozu zuk so.
Lau urtez izan nintzen zinegotzi eta mankomunitateko buru, eta bertze lau urtez izan naiz alkate. Anitz ikasi dut, eta eskertua nago. Baina garbi dut gisa horretako karguetan ez duzula luze egon behar, eta ona dela jendea berritzea.