Nagore Eslaba
Albiste faltsuak identifikatzeak badu bere lana; titularra bistakoa denean, aldiz, azkar harrapa daitezke. Hemen hiru adibide: “Nafarroako Parlamentuak abortatzeko eskubidea hiru eremutan banatu du”, “Doako osasun arreta jasotzeko eskubidea hiru eremutan banatu dute”, edo “Etxebizitza eskuratzeko laguntzak bizilekuaren arabera banatuko dira”. Horiek guztiak irakurri eta segidan ohartzen gara fake-a direnaz, baina tira, beti izaten dugu zalantza egiteko joera.
Kuadrillako whatsapp taldean bat baino gehiago ibili zen dudatan horiek irakurtzerakoan. “Aizue, baina egia da?”, lehenengoak; “gezurra dirudi, baina Irunberriko instagramean publikatu badute…”, bigarrenak; “ezin da egia izan…”, hirugarrenak. “Neskak, irunberriarroi atentzioa emateko kanpaina bat da, ez da egia”, laugarrenaren mezu horrek argitu zituen zalantzak, euskararen zonifikazioaren inguruan pentsarazteko berriak ziren; faltsuak, noski.
Zonifikazioa beste gai batzuekin ematen bada larritu egiten gara. Izan ere, pentsaezina iruditzen zaigu abortu, osasun edota etxebizitza eskubideak urratuta ikustea, zonaldeka mugatuak. Baina hizkuntza eskubideak urratzea ez al da beste edozein eskubide urratzea bezain larria?
Ama bizkaitarra dut; 1982an, 20 urte besterik ez zituela, maleta egin eta bertako lagun batekin etorri zen Nafarroara euskara eskolak ematera. Berari Irunberri tokatu zitzaion; lagunari, berriz, Lizarra. “Irunberrin euskara ikasteko gogo handia zegoen, esango nuke garai hartan euskara ikasteko boom bat eman zela”.
Lau urte geroago ezarri zen Euskararen Legea; amak harriduraz gogoratzen du: “Sinestezina zen maparen gainean irudizko lerroak jarri eta horien arabera eskubide batzuk edo beste edukitzea”. Gogoan du momentu horretan ikasle kopurua hazi zela; baliteke lerro zentzugabe horiek eraginda euskalduntzeko gogoa areagotzea.
Ordutik ia lau hamarkada igaro dira dagoeneko eta aldaketak eremuz mugitu diren udalerrietara mugatzen dira, ez baita bestelako aurrerapausorik eman legea onetsi zenetik. Gizartean, ordea, aldaketak eman dira eta egoera ez da bera.
Euskarabideak aurkeztutako azken inkesta soziolinguistikoaren datuei erreparatuta, euskaldunen kopuruak gora egin du Nafarroan, eta biztanleen laurdenak hizkuntza hitz egin edo ulertzen du. Gainera, geroz eta ugariagoak dira euskara askatasunez erabili zein ikasteko eskubidearen alde martxan jarri diren mugimenduak, hizkuntzak berak duen kohesio botere horren erakusle.
Irunberrik, esaterako, bat egin du Hordago herri ekimenarekin, zatiketa baztertzailerik gabeko Nafarroa baten alde lan egiteko, eremuen araberako diskriminazioa amaitzeko. Hilaren lehenean egin zen atxikimendua adierazteko agerraldia eta Nafarroako beste hainbat herrirekin batera gehitu da aldarrira.
Aipatutako albisteak herritarron arreta pizteko giltzarri izan dira, auzi honek euskaldun guztion bateratzea eskatzen duelako, eta irudizko lerro horiei aurre egiteak, dudarik gabe, denondako onurak dakartzalako.