Patxi Goñik erretiroa hartuko du udazkenean, eta, harekin batera, Gor diskoetxeak ateak itxiko ditu. Deskonektatzeko gogoa duela esan du musika editoreak, baina oraindik lan handia dagoela egiteko.
Itsaso Jauregi
Hiru hamarkadatan editatutako diskoak kutxetan gorde ditu Patxi Goñik (Iruñea, 1960). Kutxa horietako batzuk Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxibora bidaliko ditu; besteak, egileen etxera. Gor diskoetxearen ibilbidea udazkenean amaituko da, Patxi Goñi arduradunaren erretiroarekin batera. Marino Goñirekin eta Antonio Goñirekin batera abiatutako zigiluan 280 bat lan argitaratu dira: Kortatu, Hertzainak eta Barricada taldeen lanak, besteak beste. Erretiroa hartu baino lehen, Goñik badu nahikoa lan: enpresa ixtea eta diskoak banatzea.
Hirurak Soñua eta Oihuka zigiluetan egon zineten. Zergatik erabaki zenuten Gor sortzea?
Marino Goñiri okurritu zitzaion Soñuan rock musika argitaratzea, eta Motos gure taldearen single bat argitaratu genuen. Jarraian, Barricada izeneko talde bat etorri zen guregana; aspaldiko lagunak. Bi disko egin genituen haiekin. Gero, La Polla Records etorri zen; estudioko atea jo zuten, single bat grabatzeko asmoz. Soñuan eta Oihukan egon ondoren, 1990eko maiatzaren 1ean erabaki genuen gure enpresa muntatzea: Gor.
Artistek zer-nolako ezaugarriak izan behar zituzten?
Originalak eta benetakoak izatea. Hala ere, benetako hitza gehiegi erabili da, eta guztiz galdu du esanahia. Abestien hitzak barregarriak izatea gustatzen zitzaigun, batez ere. Talde batek bere lehendabiziko diskoa grabatzen duenean, ez da oso trebea, baina, hitzak xelebreak badira, gabezia horiek orekatzen dira.
Euskal Herriko taldeekin bakarrik lan egin nahi zenuten?
Ez. Musika interesgarria entzuten genuenean, ezin geldirik geratu. Chumbawamba taldearekin lan egin genuen, adibidez. Londresera joan ginen haien disko bat hemen editatzeko asmoz. Ondoren, abeslarietako bat Iruñera etorri zen, eta, egun horretan Korrika igaro zenez, Arrotxapera eraman genuen; txundituta geratu zen.
Beti adi-adi egon beharra dago musika berriaren zain?
Bai. Marino Goñi eta Antonio Goñi duela urte batzuk erretiratu ziren, eta oraindik talde berriak gomendatzen dizkidate. Hala ere, gaur egungo talde askok ez dute diskoetxe batera etorri nahi: oso komertziala iruditzen zaie. Orain, autoedizioa da nagusi; talde askok beren lana grabatu, editatu eta banatzen dute.
Musika editore baten rola aldatu da, beraz?
Bai. Dibertsifikatuta dago. Diskoak ekoizteaz gain, kontzertuak antolatu behar ditu, manager lanak egin: denetarik. Ez dakit lanbidearen etorkizuna nolakoa izango den; kristalezko bola etxean utzi dut.
Diskoetxea ixterakoan, deskonektatzeko gai izango zara?
Deskonektatzen saiatuko naiz, baina zaila da. Baliagarria da hemengoarekin zerikusirik ez duen musika entzutea. Beste hizkuntzak bilatzen ditut; georgiera, adibidez. Georgiarrak musikazale amorratuak dira, eta estilo guztietako musika egiten dute. Oso talde dibertigarriak aurkitu ditut.
Lekukoa hartuko duen ondorengorik ez?
Ez. Ondorengo baten bila egon ginen, baina ez dugu pertsona egokia aurkitu. Uste dut gure lanbidea eskualdatzea oso zaila dela; hemen ordu asko sartzen dituzu, eta lauzpabost lan ditugu aldi berean: banatzaileak, managerrak eta editoreak gara. Gainera, gorabeherak dituen lanbide bat da.
Nolakoak izan dira diskoetxearen gorabeherak?
Garai eroak izan ditugu. 1980-1990eko tartea izugarria izan zen, izan genuen arrakastagatik. Gero, 2008ko krisiarekin, gauza batzuk aldatu behar izan genituen; oso denboraldi gogorra izan zen. Musika digitalaren sorrera ikusi genuen, eta horretara egokitu behar izan genuen.
Nola bizi izan dituzu musika kontsumoaren aldaketak?
Kezkaz, eta poliki-poliki. CDen hasiera bizi izan genuen, adibidez. Gainera, talde euskaldunak aurreratu egin ziren, eta CD gehien saltzen zituztenak ziren: Durangoko Azokara eramaten genituen, eta berehala saltzen ziren.
Aurten bezero gisa joango zara Durangoko Azokara?
Aurten oporrak hartuko ditut. Durangoko Azokara 1983an joan nintzen lehendabiziko aldiz. Azokaren bilakaera osoa ikusi dut: hasieran itoginak zeuden, eta orain jacuzzi batera joatea bezala da. Azokak beti markatu du Euskal Herriko musikaren egutegia, eta asko lagundu digute.
Gor itxi baino lehen, esku artean proiekturen bat baduzu?
Gutxienekoa editatzen dut. Paketeak postaz bidaltzen ditut, eta webgunea mantentzen dut. Enpresa bat desmuntatzea muntatzea baino zailagoa da; hori esan izan da beti, eta orain egiaztatu dut.
Itxiera ospatzeko ekitaldiren bat antolatuko duzue?
Ez dakit. Ez dugu ezer berezirik pentsatu. Badakit gauza bat antolatzen ari direla; zurrumurruak entzun ditut, baina sekretua dela esan didate.
Zein da zure lanbidetik faltan sumatuko duzuna?
Jendearen sormena ezagutzea. Artistek askotan modu pribatuan egiten dute sormen prozesua, eta hori ikustea pribilegioa izan da niretzat. Beti irakasteko prest egon den jendeaz inguratu naiz. Egun hauetan artista askorekin egon naiz; polita da hainbeste urteren ondoren haiekin harremana mantentzea.
Atzera begiratzen duzunean, nostalgikoa zara?
Ez. Egia da nostalgia pixka bat saihetsezina dela, baina normalean aurrera begiratzen dut. Egungo edozein une iraganean pasatutakoak bezain dibertigarria da.