Laura Penagos Rodriguez
Nire erresuma zaldi baten truke”, oihukatu zuen hil aurretik Bosworth-ko batailan Rikardo III.ak, Shakespeareren izen bereko testuan. Shakespearek Nafarroako erresuma ere aipatu zuen Galdutako maitasun-lanak antzezlanean: “Nafarroa izango da munduaren harridura”.
Ni Kolonbian jaioa naiz. Gure herria Granada Berriko Erregeorderriaren parte izan zen independentzia lortu baino lehen, baina 1810eko uztailaren 20an zapaltzailearen kateak apurtu zituen, eta errepublika bihurtu zen.
Esango nuke horrek Europaren menpe jarraitzeko besterik ez zuela balio izan, baina hori beste upel bateko sagardoa da. Egia da Mendebaldea Hego Amerikan erreferente kulturala, politikoa eta ekonomikoa izan dela. Etengabe kontinente zaharrari begira bizi gara.
Sarritan aipatzen dut, nafar askoren harridurarako, Kolonbian, non eta Kolonbian, bertako hezkuntza arautuan, Nafarroako historia ikasi genuela. Arlo guztietan ezagutza garrantzitsua da, noski, altxor preziatua. Zoritxarrez, baina, ikasitako hura hankamotz gelditu zen, ez baitziguten azaldu munduko hizkuntza zaharrenetako bat Nafarroako jatorrizko hizkuntza dela.
Herri bakoitzak bere historia du, eta historia horrek arrastoa uzten du herri bakoitzean. Hainbatek hori ukatu nahi izan arren, eta beste askok estimutan ez izan arren, arbasoen antzinako bizimoduaren eragina bizkar gainean daramagu, eta gure oraina argitzen du. Ez da marka makala, gero! Horregatik komunitate baten parte izateko, nahitaezkoa da komunitate horren hizkuntza eta kultura ezagutzea, ulertzea, barneratzea, eta garatzen jarraitzea. Belaunaldi bakoitzak, bere modura, bizitzaren bideari eutsi dio, belaunaldi bakoitzak bere jakinduria eta sortzeko ahalmena utzi digu oinordekotzan.
Egun, Nafarroa ez da erresuma, ez. Eta erresuma izan zeneko garai loriatsuak gogoan dituzte zenbaitek oroiminez, distira hura galdu izanaren tristuran katigaturik. Baina Nafarroa zahar distiratsu hark harribitxi ederrak utzi zizkigun oinordekotzan ondasun, zalantzarik gabe. Horietako bat da, adibidez, ni bezalako norbaitek, itsasoaz bestaldetik etorria, euskara jasotzeko aukera izatea. Are gehiago, ni bezalako norbaitek euskara jaso, bereganatu, eta erabiltzeko aukera izatea, bai eta euskarazko hedabide batean testuak argitaratzekoa ere.
Harribitxi horiek ez dituzte ikusten batzuek, beste batzuek ukatu egiten dituzte, eta bada haiek desagerrarazteko eginahal izugarriak egiten dituenik ere. Baina, lagunok, eguzkia ezin da hatz batez estali.
Gure hizkuntza zapaltzen eta iraintzen saiatuta ere, ez dute lortuko hura ezabatzea, zeharkatzen gaituen informazioa baita, eta ezin da desagertu; mamia bizirik du. Airean dago, zuhaitz batean, harri batean, harresi batean, soinu batean, keinu batean, hitz batean, antzezlan batean, liburu batean, abesti batean.
Belaunaldi guztiak denboraren halabeharrezko joanaren ametsean, belaunaldi guztiak zilbor-heste berberaz elkarri lotuta.