Herritarren segurtasunari buruzko kezkagatik sortu zen Zangozan Esa + Ez elkartea, eta, denbora batez jarduera eten eta gero, martxan da berriz ere. Iker Aramendia da hasieratik aritu diren kideetako bat.
Edurne Elizondo
“Beldurrez ezin da bizi”. Horixe erran du Esa + Ez elkarteko kide Iker Aramendiak (Zangoza, 1975). Hasieratik da taldean, eta ezagutu ditu kolektiboaren gorabeherak. Esako urtegia handitzeko lanen inguruko azken txostenek eta kide berri batzuen bultzadak martxan jarri dute Zangozako elkartea berriz ere.
Berriz jarri duzue Esa + Ez elkartea martxan, denbora batez zuen jarduera eten eta gero. Zaila zen Esako urtegiko lanen segurtasunik eza salatzea eta Zangozan bizi behar izatea?
Hori oso gogorra da. Elkartea sortu zenean, beldur hori bazegoen, eta baliatu nahi izan genuen lanak salatzeko. Orduan, helburutzat jotzen genuen beldurra atzean utzi ahal izatea, eta urtegiko arduradunen erantzukizuna jartzea erdigunean. Erantzukizuna har zezatela nahi genuen, gu ezin baikara beldurrez bizi.
Berriro jarri zarete martxan. Zer aldatu da?
Orain ikusten dugu obra bukatzen badute ere ezinen dutela urtegia inoiz bete. Garbi dugu lanean jarraitu behar dugula, baina beldur hori beti gainean izan gabe. Kezka hor dago oraindik; buruan dugu eskuineko magalean zer gertatu zen, eta, elkartea berriz pizteko, ez genuen zain gelditu nahi gisa horretako beste zerbait gertatu arte.
Diruarena da bertze arlo bat; urtegi handitua betetzeko hainbertze arazo izan behar badute, zerk justifikatzen du dirutza gastatzen segitzea?
Diruarena ere oso gai inportantea da. Guretzat ere zaila da, askotan, bereiztea eta zehaztea urtegia handitzeko lanen aurrekontua eta benetan orain arte gastatu dutena. Batzuek esaten dute jada hainbeste gastatu dutenez, akaso ez duela zentzurik lana amaitu gabe uzteak. Kontua da esan zutela aurrekontua 110 milioi eurokoa zela; 350 inguru gastatu dituztela, eta beste hainbeste gastatzeko asmoa dutela. Proiektua laugarrenez moldatu dute, eta, ondorioz, aurrekontuak gora egin du berriz. Garbi dugu obra gelditzeko aitzakia ezin hobea dutela orain.
Segurtasunari buruzko azken txostenez ari zara?
Bai, agerian utzi baitute urtegia ezin izanen dutela bete. Halere, ezin dugu ahaztu urtegia handitu eta gero betetzen ez badute ere, gure segurtasuna bermatzeko neurriak hartu beharko dituztela. Jose Luis Beaumont abokatuak ederki erran zuen behin: “Nahi dutena egin dezaketela uste dutenek euren neurriko zapata aurkitu dute Esan”. Zuzen zen, agerian gelditu denez.
Espainiako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak egindako txostena jorratu dute orain bi adituk, Zangozako Udalak eskatuta.
Ingeniarien elkargoak egindako txosten hori Espainiako Gobernuak eskatu zuen. Seiehun orrialde baino gehiagoko txosten mardul bat da. Ezkutuan egon zen urte eta erdiz. Hor esaten da guk diogun guztia. Eta Zangozako Udalak eskatuta egin duten txostenak ere berresten du guk esan dugun hori. EHUren eta Ingeotyc enpresaren artean egin dute. Bi geologok sinatu dute [Valentin Ibarra Lozano eta Tomas Morales Juberias], eta garbi esan dute segurtasuna ez dagoela bermatuta. Gelditu egin behar dela obra, eta ezin dela bete.
Eskuin magaleko auskultazio sistemaren mugak nabarmendu dituzte. Kezkatzekoa da?
Bai. Horregatik nabarmentzen dugu guk urtegia betetzen ez badute ere, neurriak hartu beharko dituztela, egungo sistemak gabeziak dituelako. Azken txostenak aipatzen du sistema bat behar dugula magala nola dagoen etengabe aztertzeko, eta sistema horrek larrialdi plan bat behar duela; hau da, magalaren mugimenduari buruzko langa batzuk zehaztu beharko dituzte, adibidez, gaindituz gero larrialdi plan hori martxan jartzeko.
Gabeziak eta arazoak onartu dituzte obren sustatzaileen txostenek ere. Nola uler daiteke obrak aurrera segitzea?
Hori da kontua. Espainiako Ingeniarien Elkargoak egindako txostenean, guk beti salatutako guztia aitortzen da, baina, hala eta guztiz ere, esaten dute obrak aurrera egin dezakeela, baldin eta poliki egiten badute eta behaketa bidezko metodoa erabiltzen badute. Horixe egin dute orain arte: aurrera egin, eta ea zer gertatzen den. Gertatzen dena gertatzen dela, uste dute aurre eginen diotela. Uste dute beti izanen dutela atzera egiteko aukera.
Lasaitasuna urbanizazioa hustu eta gero, ez zuten atzera egiteko aukerarik izan.
Hala da. Izugarria da esaten dutena; ez du zentzurik; erokeria bat da.
Uste duzu Ebroko Ur Konfederazioak bere erantzukizuna onartuko duela noizbait?
Orain arte ez dute halakorik egin. Enpresa pribatu baten modura funtzionatzen du konfederazioak. Duela hamar urte Esako obren ardura zuen inor ez da jada konfederazioan. Ematen du inoiz ez direla izan. Erabakiak hartu dituzte, baina erantzukizunik ez.
Apirilean, Zangozako jarduneko alkate Lucia Etxegoienek konfederazioaren gardentasunik eza salatu zuen Nafarroako Hitza-n. Ados zara?
Bai. Eta horrek sekulako ezintasuna sentiarazi digu. Edozein datu lortzeko ere egin behar izan dugu borroka. Frankismotik datorkigun erakunde bat dira ur konfederazioak, eta sumatzen da.
Espainiako oraingo gobernuak gehiago eginen zuela espero zenuten?
Bai. Baina egia da ikusi dugula aldaketa txiki bat. Madrilen ia ez dute hitz egiten Esari buruz.
Zergatik?
Gure ustez, badakitelako oso zaila izanen dutela aurrera segitzea eta urtegia betetzea.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.