Iritzia: Abesten ditugunak

Iritzia: Abesten ditugunak

Olatz Azpirotz Larzabal

Batzuetan, artean egunerokoa osatzen duten hitzetan baino egia sendoago eta zurrunago bat aurki dezakegu; koloreek berretsi dituzte gure ingurugiroa osatzen duten koloreen tonalitate eta testura, musikak bizipenei notak jarri eta memorian iltzatu diren melodiak eratu ditu, dantzak arautu gabeko mugimenduak zilegi bihurtu ditu eta hitzek, askotan ereserki ez bihurtu arren, indibidualismoa alde batera uzteko ahalegina egin dute, besteak beste.

Aipatutakoek noranzko propioa dute, baina ez dira bateragaitzak, eta egia urruntzen zaigun garaiotan, melodia, kontsonante, erliebe eta mugimendu konbinazio egoki bat eginez gero, sinesgarritasuna eta iraupena bermatzeko ahalmena dute.

45 urte bete dira Irun?ean German Rodriguez eta Donostian haren erailketa salatzeko eginiko protestetan Joseba Barandiaran hil zituztenetik. 45 urte igaro dira, amaierarik izan ez duen eta inork zeharkatu nahi ez duen bide bat ezarri zigutenetik. Horregatik, gertatutakoa aitortu eta zigortu nahi izan ez dutelako, bihurtu zaigu ohitura uztailaren 8an Germanen oroitarrian biltzea.

Aurten, ordea, aldarrikapenaren pisua arintzeko, omenaldiak artea lagun izan du. Izan ere, aurten, gure kulturan ereserki bihurtu direnak abestu eta arteak, berez, memoriaren lekuko eta zaindari izateko duen eginkizuna azpimarratu da. Jada, gureak apenas diren sanferminetan eta gure kulturak eta aisiak gero eta espazio gutxiago hartzen duten honetan, ehunka aho-gingilen melodiek leundu eta laztandu dute oroitarria, eta era horretara, gaur, inoiz diskurtsoetan zein ebazpen politikoetan egon ez den egia egon da oroitarriaren inguruan.

Halere, badakigu, gurea den egiak ez duela aitortzaren, erreparazioaren eta justiziaren etorrera azkartzen. Haatik, badakigu gurea den egia ez dela aski, batik bat, aitortza eta ardura hartu behar duten horiek izkin egiten diotelako gertatutakoari. Egoera, zoritxarrez, ez da berria euskal jendartean, guk amaierarik jarri ezin diezaiokegun eta noranzko propiorik ez duen bidea, justizia lortzeko bidea, aski ezaguna baitugu.

Zaila da bidean aurrera egitea, baina akaso, zailagoa da bidean geure burua mantentzea; gaur egun efemeridez, gutxiespenez, eta bat-batekotasunez inguratuta gaude, eta etenik gabeko erritmo horretan, gu iragana aldarrikatzen eta oroitzen gaude.

Egia esan, ez dakit bide honi zerk emanen dion amaiera, ez dakit ahanztura, isiltasuna edo etengabeko ukapena izanen den. Argi daukat, berriz, melodiek, mugimenduek, hitzek eta errealitatea eraldatzeko gaitasuna duten koloreek gaitasuna daukatela aurretik aipatutako eta ezarri nahi diguten ahanztura eta isiltasun kolektibo horri aurre egiteko.

Denbora honetan guztian, bakoitzak nora begiratu erabaki du, eta horrela bakoitzak bere buruaren silueta historian utzi du. Gure siluetek, ordea, jazarriak izan direnenak mantentzeko indarra dute. Fermin Balentziak, aspaldi abestu zuen “maite zenuen hiriak, nahi du zure oroitarria, baina batez ere maitea, zure irria”. Horregatik, aurten ostera, artea izan da galdutako irri imintzio hori iraganetik orainera ekartzeko eta justizia eskatzeko bidelaguna.