Izaskun Etxeberria Zufiaurre
Gaur betetzen dira 104 urte denon memorian iltzaturik geratu den Titanic itsasontzia urperatu zenetik. 1912ko apirilaren 15ean, ordura arteko luxu handieneko ontzia hondoratu zen izozmendi bat jo eta gero Atlantikoko iparraldean. 1.517 pertsona hil ziren ezbehar hartan.
Belfasteko oletan egindako barkuak luxua zuen ikur: haren egongela nagusiko eskalinata famatua, gelak, altzariak, Bohemiako beirateria, larrialdiko azkeneko unera arte jo zuen orkestra…
Kondaira bihurturiko Titanic-en historiak istorio askotarako eman du. Esaterako, 1953ko Titanic filma, non euskara lehendabiziko aldiz entzun zen Hollywooden. Eszena batean itsasontzira igotzeko ilaran familia bat dago. Ondoan suertatzen zaien gizonezko batek ea espainiarrak ote diren galdetu, eta euskaldunak direla erantzuten diote, eta une horretantxe euskaraz egiten dute, oso euskara ulergaitzan, besteak beste, Uzkudu pertsonaiaren emazteak errepikatzen duen tukutu hitza; gauza eta sekula hitzak baitira argi ulertzen diren bakarrenetakoak.
Bitxikeriak bitxikeria, Bilboko Arrese gozotegiko toffe famatuak ere ailegatu ziren Titanic-era. Madrilgo Peñasco familia burgesak Ameriketara eraman nahi izan zituen bonboi preziatuak: luxuzko bizimoduaren beste adierazle bat. Datu harrigarri horri tira eginez, Josu Hormaetxea bilbotarrak bi abizen euskaldun aurkitu zituen bidaiarien zerrendan: Artagaveytia eta Urrutxurtu, lehenengoa Uruguaiko familia ezagun baten semea eta bigarrena, diputatu mexikarra.
Titanic-eko zerrendan, ordea, bazen, gutxienez, beste abizen euskaldun bat, hain justu ere, Nafarroako Ergoienako Lizarragatik Donostiara neskame joan zen neskarena: Araña, Hormaetxeak aipatu ez zuena, apika, armiarma esan nahi duen hitz erdalduna zelakoan.
Araña Etxarri Aranatz eta Arbizuko deitura arrunta da, areñe-tik datorren toponimoa adierazten duena eta eremu zabala esan nahi duena, Erdoziaren arabera, eta ertarako herri galdu bat izendatzen zuena, Karasatorreren arabera. Venancia Araña, garai hartako hainbat neska bezalaxe, neskame joan zen, Donostiara, preseski, eta haurtzain ontziratu zen senar-emazte aberats batzuen zerbitzuan. Venancia etxera bueltatu ez zen 1.517 pertsona haietako bat izan zen. Bizimodu hobe baten bila herria utzi zuena, eta ur hotzetan bizia galdu zuena 1912ko apirileko gau hotz hartan.
Ezbehar hartatik ehun urte pasatu eta gero, 2014an zehazki, 3.500 pertsona izan ziren bizia galdu zutenak hain epela suertatzen ez den Mediterraneoan. Ofizialki, 2015ean, 2.900 izan ziren itsasoan hil zirenak. Errefuxiatu haietako batek adierazi bezala, barra-barra hiltzen ari ziren. Ez zuten bizimodu hobea bilatzen soilik, gerra krudel batetik ihes egiten zuten. Baina zorte kontua, edo patua, zeinek jakin, batzuen ferrya hobea zen beste batzuena baino.
Beste batzuen ferrya, berriz, lepo, nahiz ekipajeek tokirik betetzen ez zuten. Europarako lehenengo zatia egina zutelakoan, lehen mundura, ustez, elkartasunezko Europatik atzera bueltarik edukiko ez zuen bidaiari ekin zioten. Bai konto! Gehiegirendako atzera bueltarik izan ez duen bidaia. Eta gehienei Turkiarako buelta ekarriko diena.
Ospatuko dugu gertakizun horien urtemugarik? Izango ginateke horretarako gauza lotsarik sentitu gabe? Antolatuko dira erakusketak, Baluarten adibidez, hildako horien memorian? Glamour-ik gabekoak suertatuko lirateke, luxuaren adierazpiderik gabekoak.
Eta ikusteko gaude 2016ak ekarriko diena.