Hasi ditu Oses enpresak Iruñeko Zangoza karrikako lur azpiko aparkalekua egiteko obrak. Proiektu horren aurkako plataformak gogor salatu du Iruñeko Udaleko agintarien jarrera, «ingurumenari eta bizilagunei kalte» eginen dien azpiegitura bat sustatzeagatik. Lanak gelditzeko exijitu diote alkateari.
Edurne Elizondo
Haserreak eta amorruak hartu ditu Iruñeko Zabalguneko bizilagunak, Oses eraikuntza enpresak hiriburuko Zangoza karrikako lur azpiko aparkalekua egiteko lanak hasi eta gero. Iruñeko Udalak sustatu du proiektua;
aurreko Iruñeko alkate Enrique Maiak, hain zuzen, ekainaren 13an esleitu zion aparkalekua eraikitzeko kontratua Galizia Etorbideko Garaje Jabeen Elkarteari. Hori egin eta lau egunera osatu zen egungo Iruñeko Udala, eta Maiaren bidetik egin du aurrera Cristina Ibarrola oraingo alkateak ere. “Entzungor egin die aparkalekuaren aurka dauden argudio guztiei; ingurumenari eta bizilagunei kalte eginen die proiektu honek”, salatu dute Zabalguneko bizilagunek.
Joan den abenduan, Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataforma sortu zuten Iruñeko Zabalguneko hainbat bizilagunek. Zabalsanche auzo elkarteak osatutako lantalde bat da plataformaren oinarria. Uztailaren 3an, seiehun pertsona bildu zituen, proiektu horren aurka antolatutako elkarretaratze batean. Herenegun ere kalera atera ziren Zabalguneko bizilagunak, obrak hasi izana salatzeko. Iruñeko Udaletxe plazan egin zuten bat, lanak gelditzeko exijitzeko. Gaur ere deitu dute protestara, 20:00etan, Gurutzeko plazan.
Zabalsancheko eta plataformako kide dira Mila Boj, Maite Zudaire eta Mertxe Zufia, eta astelehenean uste zuten aparkalekuko obrak ez zituztela hasiko igandeko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin baino lehen.
“Esperantza” hori zuten. Baina oker ziren. Sanferminak bukatuta, astelehenean hasi ziren Oses enpresako langileak Zangoza karrika hesitzen, eta inguru hori obrak egiteko prestatzen. 22 hilabete iraunen dute lanek. Proiektuak 13,7 milioi euroko aurrekontua du, eta haietako 2,5 Iruñeko Udalak ordainduko ditu. Gainerakoa inbertsio pribatua izanen da. Toki bakoitza 30.000 euroan salduko dute.
Zangoza karrikako aparkalekuak 346 toki izanen ditu autoentzat, eta 45 motoentzat, Iruñeko Udalak azaldu duenez. Hamabost metro sakon eginen dute, proiektuan jasotako lau solairuak sartzeko. Lanak egiteko, Zangoza karrikan dauden 46 zuhaitz kenduko dituzte —Navarro Villoslada eta Tafalla karriken artean—: haietako 33 moztu eginen dituzte, eta bertze hamahiru, “birlandatu” —orriok idazterakoan, zuhaitzek zutik segitzen zuten—.
Gazteluko plazan, 2001ean
2001eko uztailaren 23ko goizaldean gertatu zena oroitu dute iruindar anitzek egunotan. Duela 22 urteko egun hartan, orduko Iruñeko alkate Yolanda Barcinaren aginduz, makinak sartu ziren hiriburuko Gazteluko plazan, hango lur azpiko aparkalekuko obrak hasteko zuhaitzak kentzeko. Gazteluko plazan gertatu bezala, Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako mugimenduak kale horretako arbolak bilakatu ditu proiektu horren aurkako mobilizazioen ikur.
Plataformak aparkalekua egiteko beharra jarri du zalantzan, hasieratik. Nabarmendu dute, bertzeak bertze, inguruan badaudela lur azpiko bertze bost aparkaleku. “Badakigu Nafarroako Blanca plazakoan aparkatzeko tokiak eskaini dizkietela bizilagunei alokairuan, eta ez dituzte denak hartu”, kontatu du Mertxe Zufiak.
Iruñeko Udalak bizilagunek aparkalekua “behar” dutela erran du beti Zangoza karrikako proiektuarekin aurrera egiteko, baina behar horren inguruko ikerketarik ez du egin. “Ez dute inolako txostenik egin auzoan zer behar dagoen zehazteko”, berretsi du maite Zudairek. Are gehiago, Zangozako aparkalekua “justifikatzeko” 2008. urteko bertze proiektu baterako osatutako zerrenda erabiltzen ari direla salatu dute Zabalsancheko eta plataformako kideek.
Galizia Etorbideko Garaje Jabeen Elkartea osatu zutenak dira zerrenda horretako kideak. “Haietako hainbat hil egin dira, edo bertze toki batean erosi dute aparkatzeko leku bat; anitz ez daude Zangoza karrikako aparkalekuarekin ados, eta, beren izena proiektu hori justifikatzeko erabili dutela jakin dutenean, zerrenda horretatik atera dira”.
Iruñeko Udalak, hain zuzen, prentsa ohar bat zabaldu zuen asteartean, lanak hasi dituztela azaltzeko, eta hedabideetara igorritako testuan aipatu du 447 pertsonak agertu dutela aparkalekuan toki bat erosteko interesa. Plataformak “informazio faltsutzat” jo du datu hori, eta udala bertze proiektu baterako zerrenda erabiltzen ari dela berretsi du.
Ingurumenari kalte
Ingurumenarena da Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataformak erdigunean jarri dituen bertze auzi nagusietako bat. Salatu dute egungo krisi klimatikoan arbolak mozteak ez duela zentzurik, eta neurri horrek bizilagunei eginen diela kalte. Izan ere, Zabalgunea da, autoen isurtzeen ondorioz, hiriko tokirik kutsatuenetako bat; bai eta bero handiena egiten duen auzoetako bat ere. “Zuhaitzik gabe, egoerak okerrera eginen du”, aipatu du Mila Bojek.
Plataformako kideek azaldu dute Ignacio Bidegainek txosten bat egin duela —ingurumen kalteen txostenetan aditua da—, eta aparkalekuak auzoari “kalte” eginen liokeela nabarmentzen duela lanak. Bidegainek azaldu du, batetik, autoen isurtzeek gora eginen dutela aparkalekuarekin; eta, bertzetik, Zangoza karrikako zuhaitzen itzalak tenperatura jaisteko betetzen duen rola galduko dela.
Nafarroako Parlamentuak Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legea onartu zuen 2022. urteko martxoan, eta lege horren “oinarrien kontra” egiten du Zangoza karrikako aparkalekuak, Mila Bojen hitzetan. Izan ere, helburuetako bat da hiriko autoak gutxitzea. “Egun, herritarren %45 mugitzen dira oinez edo bizikletaz, %42 autoz, eta %13 autobusez; helburua da oinez edo bizikletaz mugitzea herritarren %50, autoz %30, eta autobusez %20. Aparkaleku pribatu bat sustatzeak ez du bat egiten helburu horrekin, inondik inora”, erran du Bojek.
Dendarien kezka
Zabalsanche elkartearekin batera, auzoko hainbat bizilagun eta dendari ere badira Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataformako kide. Yolanda Olmedo da haietako bat. “Bizilagun eta dendari gisa eragiten dit niri proiektu honek”, kontatu du. Izan ere, Zangoza karrikan bizi da, eta kale berean du Labores a Mano izeneko bere denda. kakorratz eta puntu lanak egiten irakasten du, bertzeak bertze, eta materiala saltzen du, gainera. “Obrekin ez dakit zer eginen dudan. Materiala hondatuko zait, atea itxita ere kaleko zikinkeria sartuko zaidalako barrura. Ikasleek diote etortzen segituko dutela, baina obrek 22 hilabete iraunen dute, eta zarata egonen da. Ez dakit zer gertatuko den. Lehendabizi, pandemia; eta orain, hau”, erran du Olmedok, etsitu samar.
Dendarien kezkarekin bat egin dute Zabalsancheko eta plataformako kide Mila Bojek, Mertxe Zufiak eta Maite Zudairek. Zangoza karrikako aparkalekuaren auzia “uste baino larriagoa” izan daitekeela aipatu dute, gainera, eta auzoaren “egitura bera” egon daitekeela jokoan. “Antza, turistentzako etxebizitzak eraikitzen ari dira auzoko hainbat tokitan; Zangoza karrikakoa, agian, haientzat pentsatutako aparkalekua da”, kontatu dute. Gentrifikazioaren mehatxuaren beldur dira.
Helegite guztiak argitu gabe hasi dituzte obrak
Oses eraikuntza enpresak Zangoza karrikako aparkalekuari buruzko helegite guztiak argitu gabe hasi ditu obrak, Iruñeko kale horretan. Nafarroako Administrazio Gaietarako Auzitegiaren esku daude, batetik, hainbat norbanakok aurkeztutako helegitea, eta, bertzetik, Zabalsanchek aurkeztutakoa. Alegazioak egin zizkioten aparkalekua eraikitzeko proiektuari, baina Iruñeko Udalak ez zituen alegazio horiek banaka erantzun, eta, ondorioz, helegitea aurkeztu zuten.
Iruñeko Udaleko EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin taldeek ere aurkeztu dute helegite bat udalean, Zangoza karrikako aparkalekuari buruzko espedienteak ez duelako bideragarritasun ekonomikoari buruzko txostenik. Astelehenean, obrak hasi izana salatu zuten EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin taldeek, hain zuzen. EH Bilduk obrak gelditzeko exijitu du, helegite guztiak argitu arte, gutxienez. Zurekin taldeak, berriz, Iruñeko Udaleko agintariek erakutsi duten «autoritarismoa» kritikatu du. Geroa Baik oroitu du aparkalekua egiteko erabakia Enrique Maia alkate ohiak hartu zuela.
Unidas Podemos taldeko Europako parlamentari Idoia Villanuevak Europako Batzordera eraman du Zangozako karrikako aparkalekuaren auzia. Galdera idatzi bat erregistratu du, zuhaitzen mozketari buruz. Villanuevak galdetu du, zehazki, Zangoza karrikako proiektuak Europako Itun Berdea betetzen ote duen.