Asteburuko kazkabarrak kalteak eragin ditu Cintruenigon, Corellan eta Fiteron. Jose Maria Aierdi eta Oscar Txibite kontseilariak herriotako alkateekin elkartu dira astelehenean, egoera aztertzeko.
Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernuak Espainiakoari eskatuko dio larrialdi batek jotako eremu izenda ditzala Cintruenigo, Corella eta Fitero, laguntzak jaso ditzaten. Asteburuko ekaitzen ondorioz, kazkabarrak kalte handiak eragin ditu hiru herriotan. Astelehenean, Corellako, Fiteroko eta Cintruenigoko alkateekin bilera egin zuten Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Txibitek eta Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Maria Aierdik.
Asteburuko ekaitzek gogor jo zituzten Corella, Cintruenigo eta Fitero. Herriotako karrikak eta hainbat etxabe azpian hartu zituzten urak eta kazkabarrak; kalean ziren auto anitzi eragin zien kazkabarrak, eta kalteak eragin zituen, gainera, laborantza lurretan. Asteon, ekaitzek eragindako kalteak zenbatzen aritu dira, hain zuzen, Erriberan. Eskualde horretan, hasiak ziren mahatsa biltzen; uzta osoaren %10-15 inguru jasoa zuten asteburuko ekaitzak gertatu baino lehen. Olibondoak ere badira herriotan, eta haietako hainbat jo ditu kazkabarrak. Nekazari batzuek azaldu dute uzta osoa galdu dutela.
Asegurua egitea
Fiterora, Cintruenigora eta Corellara asteon egindako bisitan, Jose Maria Aierdi eta Oscar Txibite
kontseilariek gogoratu dute asegurua eginda eduki dezaketen gauzengatik ezin dela kalte ordainik jaso. Iratxe Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak, hain justu, kalteren bat izan duten herritarrei gogorarazi die “ahalik eta azkarren” jarri behar dutela aseguru etxearekin harremanetan. Hondatutako gauzen argazkiak ateratzea gomendatu die, eta ez ditzatela bota material hondatuak.
Asteon, herriko karrikak eta etxabeak garbitzen aritu dira herritarrak Corellan, Fiteron eta Cintruenigon. Nafarroako Parlamentuan ere aztertu dituzte ekaitzek herriotan eragindako kalteak. Astelehenean, Eledunen Mahaiak adierazpen bat onartu zuen, eta, haren bidez, Nafarroako Gobernuari eskatu dio legez bere esku dituen bide guztiak balia ditzala laguntzak eskuratzeko.
Nafarroako Gobernuak, bertzeak bertze, Tokiko Inbertsioetarako Plana du bere esku, udalek laguntzak eska ditzaten, azpiegiturak eta ondasunak berritzeko edo konpontzeko.
Asteburuko ekaitzek ez zituzten bakarrik Fitero, Corella eta Cintruenigo jo; bertze hainbat herritan ere izan ziren arazoak euriaren eta kazkabarraren ondorioz. Errepidean euriak putzuak sortu zituen hainbat tokitan, bai eta luiziak ere. Nafarroako Gobernuko Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak hamaika herritan esku hartu behar izan du azken egunotan, urak eragindako kalteak konpontzeko.
Argazkiak: Nafarroako Gobernua.