Iritzia: Teknologien noraeza

Iritzia: Teknologien noraeza

Bidatz Villanueva Etxague

Duela bizpahiru hamarkada jada, teknologia berriak hizpide dira prentsan, alor akademikoan, lagunarteko elkarrizketetan… Nola aldatu dituzte gizakion ohiturak? Zein eragin izan dute lanetan eta ikas zentroetan? Teknologia hori gure bizitzetan ezinbesteko bihurtu zenetik denbora luze iragan den arren, oraindik galdera berberak mahaigaineratzen ditugu, akaso inoiz ezinen dugulako zehaztu zein den gailuak erabiltzeko modurik egokiena, urtetan ikusiz joan garen ondorio txarrak bazter utzi ahal izateko.

Iruñeko Sarasate pasealekutik pasatu nintzen duela egun batzuk, udako egun sargoriek atsedena eman ziguten horietako batean. Alboetan, oraindik ikasturteari ekin ez zioten nerabe andana zegoen bankuetan eserita, kuadrilla txikietan. Guztiek zituzten sakelakoak eskuetan. Orain has ninteke kritikatzen belaunaldi berrien noraeza, gailuei itsatsirik daudela eta zein nerabezaro izanen duten ez badira pantailetatik ateratzen. Nor naiz ni hori guztia esateko, iragana hobea zela aldarrikatzeko, gu geu, helduok, mendeko bilakatzen gaituen teknologiari emanak bagara.

Halere, ezin da ukatu arazo bat bilakatu dela. Aholkuak behar ditugu eta mugak jarri geure buruari, gainerabilerarik ez egiteko. Alde batetik, mundutik deskonektatzeko konektatzen gara gure sakelakoetatik sare sozialetara. Zenbaitetan, estres edo ezinegon unetan utzi dugun gure pentsamendua hodeiak eskaintzen digunaren gidaritzapean. Askotan ezta guk ere ez dugu hautatzen zer kontsumitu nahi dugun, eta denbora tarte batez entzefalograma laua bagenu bezala, algoritmoak eskaintzen digunari klik egiten diogu modu automatikoan.

Pandemiak teknologia hezkuntzan ezartzeko prozesua azkartu zuen, egoerak hala eskatuta, eta harrezkeroztik, ordenagailuekin ere egiten da lan, kasu gehienetan liburuekin batera, bakoitzak ahal duen eran bi lan moduak uztartzen. Suitzak duela hilabete batzuk iragarri zuen berriz paperera itzultzeko neurria, hezkuntzan teknologiak txertatzeak irakurmen gaitasuna, batik bat, urritu omen baitu. Hainbatek, ostera, argudiatzen dute arazoaren oinarria ez dela pantailak erabiltzea, baizik eta egiten den proposamen didaktikoa.

Nire irudipena da, duela hamarkada batzuetatik hona egiten diren ohiko galderak bezala, hezkuntza ere teknologien noraez horretan sartzen ari dela, horiek ongi nola erabili guztiz jakin gabe, erabaki guztiak norbanakoaren eskuetan utzita. Gerta daiteke ere, eta gertatuko da ziurrenik, ikasleek hezitzaileak edo irakasleak baino gehiago jakitea. Horri gehituko nizkioke zenbaitetan egiten diren nahas-mahasak liburu eta online edukiaren artean.

Bai teknologiari, bai hezkuntzak ordenagailuak erabiltzeari, eta bai jasangarritasunari, nahiz eta gailu elektronikoen ingurumen-kostua handia izan. Probatuz ikasiko dugu metodorik egokienak ezartzen. Orain, ikastetxeek ikasgaien programazioak egokitu behar dituzte LOMLOEren arabera, gaitasunak eta oinarrizko jakintza eskuratze bidean. Hain puntakoak diruditen kontzeptu horiek kontrajartzen dira egunerokoarekin, eta teknologien erabilerari neurria hartzearekin. Oso aspergarria eta tradizionala suerta daitekeenak ere lekua izan beharko luke, bizitzan guztiz erabilgarria izanen dena: testu bat hasieratik bukaerara modu txukunean idaztea, alegia.