Espainiako Fiskaltzak «terroristatzat» jo ditu Extinction Rebellion eta Futuro Vegetal talde ekologistak. Extinction Rebellionek 2019an sortu zuen Iruñeko bere taldea.
Edurne Elizondo
Espainiako Fiskaltzak “terroristatzat” jo ditu Extinction Rebellion eta Futuro Vegetal talde ekologistak, urteroko bere txostenean. Bigarrenez egin du, iazko memorian ere “talde terroristen” atalean sartu baitzuen bi kolektibo horien jarduera. “Mugimendua kriminalizatzen eta izen ona galarazten saiatu dira”, salatu du Iruñeko Extinction Rebellion taldeko kide Oscar Larrañetak.
Espainiako Fiskaltzak irailean argitaratu zuen 2022ko bere memoria. Txosten horretan, 2021eko memorian bezala, Terrorismo nazionala izenburuko atalean aipatu zituen Extinction Rebellion eta Futuro Vegetal taldeak; 2021ekoan, Ekologismo erradikal bortitza izeneko azpisail batean sartu zituzten bi taldeok. “2022koan, behintzat, bortitza hitza kendu dute!”, aipatu du Larrañetak.
Espainiako Fiskaltzaren memoriak eragindako zalapartaren ondorioz, hain zuzen, erakunde horretako arduradunek argitu nahi izan dute ez dituztela Extinction Rebellion eta Futuro Vegetal terroristatzat hartzen: “Txostenak balizko mehatxuak aztertzen ditu, baina ez ditu taldeok egun terroristatzat hartzen”, erran dute. Kontua da, baina, txostenean terrorismoari buruzko atalean aipatu dituztela biak.
Madrilgo joan den urteko ekintza baten berri eman du Larrañetak: “Scientist Rebellion taldeko kideek klima larrialdiaz ohartarazteko ekintza bat egin zuten 2022an, Madrilen; zenbait pertsona atxilotu zituzten. Terrorismoaren aurkako taldeko guardia zibilek atxilotu zituzten, hain zuzen”. Ekintza hartan, zientzialariek pintura gorria bota zuten Espainiako Kongresuaren egoitzako pareten kontra.
Bertzeekin elkarlanean
Sei urte bitarteko espetxe zigorra eskatu dute Scientist Rebellion taldeko ekintzaileentzat. “Ez dugu uste inor zigortuko dutenik, baina auzia abiatu izanak ekar dezake herritarrek mobilizatzeko indarra galtzea”, erran du Larrañetak.
Extinction Rebellion taldeko David Sanchez-Valverdek uste du Espainiako Fiskaltzak talde ekologisten berri terrorismoaren atalean aipatu izanak ondorio bera izan dezakeela. Klima larrialdiari buruzko kezkak eraman du Sanchez-Valverde taldera. “Egungo sistema sozioekonomikoak kontrolatzen du kontakizuna, eta zaila da horren kontra egitea. Gure helburua, baina, hori da: herritarrak mobilizatu nahi ditugu, demokrazia parte hartzaileago bat lortu, klima aldaketari aurre egiteko eta jokaleku berrira egokitzeko”, kontatu du.
2019ko udazkenean sortu zuten Extinction Rebellionen Iruñeko taldea, baina pandemiak eten egin zuen taldekideen jarduera hasi berria. Hamar kide inguruk osatzen dute taldea egun, baina bertze hamaika herritarrek osatutako sarea dute inguruan.
Joan den uztailean, adibidez, Jauzi Ekosozialarekin batera aritu ziren Extinction Rebellioneko kideak: Euskal Herriko hainbat golf zelai baratze bihurtu zituzten ekintzaile ekologistek —Nafarroan, Gorraizkoa—, “aberatsek denena den ura xahutzen” dutela salatzeko. Extinction Rebellion Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzako kide ere bada, bai eta Bidezko energia izeneko desazkundearen aldeko manifestuko sinatzailea eta makroetxaldeen aurkako plataformako kidea ere.
Extinction Rebellionek desobedientzia zibilaren bidea hartu du ardatz, baina Iruñeko taldeak informazioa zabaltzeko eta klima aldaketaren auzia gizarteratzeko egin du lan, batez ere, orain arte. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen bezperan, adibidez, mahai inguru bat antolatu zuen bozetan parte hartu behar zuten taldeekin. “Talde gehienak errealitatetik hagitz urrun daude”, erran du Sanchez-Valverdek, etsipenez.
Egun hartan, klima aldaketa ukatzen duen herritar talde bat saiatu zen ekologisten Iruñeko ekinaldiari boikota egiten. “Ia jo egin gintuzten”, oroitu dute. Arrisku horretaz ohartarazi dute: “Elkartasuna behar dugu; Europan, ordea, eskuin muturra ari da indarra hartzen. Adi egon behar dugu”.
Goiko argazkia: Goizane Viedma Lana.