Iritzia: Hartu-emanak

Iritzia: Hartu-emanak

Nagore Eslaba

Ordu luze baten ostean telefonoa eskegi dut. Hilabeteak dira elkar ikusten ez dugula; deiak, ordea, astero egiten ditugu. “Umeak zer moduz?”, nik berari, “ohitu zara dagoeneko lan berrira?”, berak niri.

Hogeita bost urteko adin tartea dago gure artean, eta jada zortzi igaro dira lagun egin ginenetik. Bakoitzaren testuingurua eta egoera pertsonala oso ezberdinak dira, eta horrek egiten du, hain justu, gure harremana hain berezi.

Txikitatik izan ohi dugu adin bereko jendearekin harremantzeko joera, garapen etapa berberean dauden bi pertsonen arteko erlazioa modu naturalagoan ematen baita, elkarrekiko ulermena, enpatia eta kidetasuna erraztuz. Ortega y Gasset filosofo espainiarrak zioen belaunaldi bakoitzak, aurrekoarekin alderatuta, sentsibilitate ezberdin bat duela, eta batetik bestera, aldea egon badagoela: “Atmosfera berdinean bizi gara, baina momentu ezberdinetan eratzen gara, gure garaikideekin bakarrik bat egiten dugularik”.

Urteak aurrera joan ahala, belaunaldien arteko diferentziak are nabarmenagoak izan ohi dira, gizarte aldaketa azkarrek distantzia hori nolabait handitu egiten baitute.

Itxura fisikoaz haratago, helduago izateak aldaketak dakartza bizitza ikusi eta ulertzeko eran, hain zuzen ere, eta egunerokoan sortzen diren arazoen aurrean ere, dugun pertzepzio eta pentsaera ez dira beti berberak. Dena den, alde hori ez da elkarren arteko erlazioetan eragozpentzat hartu beharreko zerbait.

Askotan esaten da gazteok ez dugula errespeturik adineko jendearekiko, eta edukaziorik eza kritikatzen zaigu. Topiko hori zabaltzeak —topiko funsgabea, nire ustez— ez dio inori mesede egiten. Egongo dira errespeturik ez dutenak, baina hori norberaren izaeraren araberako kontu bat da, eta holako orokorkeriek iruditeria kolektiboa kaltetu besterik ez dute egiten.

Aurreiritzi horri aurre egiten diote Irunberriko Lanbide Heziketako ikastetxean: Mugituz bizi izeneko ekimena martxan jarri dute, eta astean birritan herriko adineko bizilagunekin elkartzen dira ikasleak.

Entrenamendu funtzionala, martxa nordikoak, talde dinamikak edota jolas kooperatiboak egiten dituzte. Guztietan, helburua bera da: elkartze horien bitartez bertaratzen direnen egoera fisiko, sozial zein afektiboa hobetzea.

Parte hartzaileak oso gustura dabiltza, gazteei hurreratzeko eta eurekin harremantzeko bide bat eskaintzen baitie egitasmo horrek: “Katxondeo giroa sortzen da, konfiantzazkoa, eta horrek poztasuna ematen digu, beraiei gerturatzeko modu bat da”, aipatu dute.

Berrogei urteko tartea duten belaunaldiak batzen dituen zubia da, bi aldeentzat, gazte zein adinekoentzat, sekulako ikaspena suposa dezakeena. Era berean, herriko jende nagusia elkartzeko toki ere bilakatzen da, askok, aurretik erlazio handirik izan gabe, topo egiten dutelako bertan. Onura bikoitza, beraz.

Hala, aurretik aipatutako distantzia hori murriztea lortzen da, adin arteko jauzia ez baita oztopo, eta aberasgarri den neurrian, polita da batzuen eta besteen arteko hartu-eman hori lantzea eta mantentzea.