Nafarroako Reas ekonomia sozial eta solidarioko sareak hogei urte bete ditu, eta besta egun bat antolatu du ospatzeko, azaroaren 4rako. Sareak egungo eredu ekonomikoa aldatzea du xede. Herrialdeko hirurogei entitate inguruk osatzen dute.
Edurne Elizondo
Bertze mundu bat nahi dute, eta bertze mundu hori eraikitzeko urratsak egiten ari dira. Halakoxeak dira ekonomia solidarioaren alde egiten duten entitateak. Nafarroan, Reas ekonomia alternatibo eta solidarioko sarean egiten dute bat. Sare horrek hogei urte bete ditu, eta egun osoko besta antolatu du ospatzeko, azaroaren 4rako, Iruñean.
Hirurogei erakunde inguruk osatzen dute Nafarroako Reas sarea. Duela hogei urte, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 1997an sortutako Reas Euskadi izeneko sarearen babespean aritzen ziren bertze eredu ekonomiko baten alde egin nahi zuten herrialdeko etxeak eta norbanakoak. Sendotuz joan ziren haien proiektuak, eta Nafarroako sarea osatzea erabaki zuten. Bi sareen arteko elkarlana ez da inoiz eten, halere.
Gaztelan fundazioa eta Emausko Trapuketariak izan ziren Nafarroako Reas sarearen sorrera bultzatu zuten erakundeetako bi; 2003an hasi ziren ekonomia solidarioa sustatu nahi zuten entitateen sarea ehuntzen, eta 2009tik aurrera hasi zen sarea indarra hartzen, Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean eta Ekonomia Sozialeko Enpresen Konfederazioan sartu eta gero.
Hamaika esparrutako entitateek egin dute bat sarean: “Eraikuntzakoek, ostalaritzakoek, kulturaren arlokoek, turismoaren esparrukoek, zaintzen arlokoek…”, kontatu du Nafarroako Reas sareko talde teknikoko kide June San Millanek.
Kooperatiben mugimendua
“Helburu nagusia da egungo eredu ekonomiko kapitalista bazter uztea; gizarte mugimendu bat eta eredu ekonomiko alternatibo bat gara, aldi berean”, nabarmendu du San Millanek. Oroitu du ekonomia solidarioak lotura estua duela XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran sortutako kooperatiben mugimenduarekin: “Garai hartan, produkzio zentro handietako langileak alternatibak bilatzen hasi ziren lan esparruan eta etxean duintasunari eutsi ahal izateko”.
Kooperatibak, fundazioak eta gizarteratzeko enpresak dira ekonomia sozialaren ehuna; ekonomia solidarioa ere ekonomia sozial horren esparruan sartzen da. “Baina urrats bat harago egiten dugu, eta jasangarritasun ekologikoaren gisako balioak eransten dizkiegu gure proiektuei; ekologismoak, lan duinak eta feminismoek beti izan dute harreman estua ekonomia solidarioarekin”, zehaztu du San Millanek.
2003an sortu zenetik, haziz eta garatuz joan da Nafarroako Reas sarea; ekonomia solidarioko entitate bat izateko bete beharreko hasierako oinarriei eutsi diete, garaian garaiko gizartera egokituz: ekitatea, lan duina, jasangarritasun ekologikoa, aberastasunaren bidezko banatzea, kooperazioa eta inguruarekiko konpromisoa dira ekonomia solidarioak oinarrian dituen balioak.
“Badira ekonomia solidarioaren etiketa izan gabe oinarri horiekin bat egiten duten entitateak”, nabarmendu du June San Millanek. Alderantziz, ekonomia solidarioaren helburuak ezagutu eta gero bide hori “utopikotzat” jotzen dutenak ere badirela erantsi du: “Hogei urte daramatzagu utopia errealitate bilakatzen”.
Reas sareko kide da Iruñeko Geltoki proiektua, eta Reas da, aldi berean, Geltoki egitasmoa martxan jarri zuten erakundeetako bat. Bost urteko bidea egin du Geltokik, hain zuzen, ekonomia solidarioaren oinarriak egunerokoan garatzen.
Iruñeko autobus geltoki zaharrean du Geltokik egoitza; kafetegi bat, denda bat eta kultur jarduerak egiteko zenbait espazio ditu. Reas sarearekin batera, Emausko Trapuketariak erakundeak, EHNE sindikatuak, Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak eta Nafarroa Artisau Elikagaiak etxeak bultzatu zuten. Geltoki kooperatibak kudeatzen du.
“Bidea ez da erraza izan, baina lortu dugu proiektu jasangarri bat martxan jartzea; funtzionatzen du, eta herritarrek harrera beroa egin diote”, azaldu du Geltokiko kide Lander Martinezek. Ekonomia solidarioaren oinarriei, elikadura subiranotasunarena gehitu diete.
Zazpi urterako utzi zion Iruñeko Udalak geltoki zaharreko espazioa Geltokiri. “Ziurgabetasuna kudeatzea zaila da; proposamen bat eginen dugu, proiektua garatzen jarraitzeko”, erran du Martinezek. Utopia egia bilakatzen segitu nahi dute; tokian eta tokikoarekin aurrera egiten.