Letraheridas jaialdiak Madrildik Iruñera ekarri du Alana S. Portero, ‘La mala costumbre’ bere lehen eleberriari buruz aritzeko. Orrietan barrena haziz doan haur trans baten bidez, maitasunezko liburu bat ondu du.
Edurne Elizondo
Alana S. Porteroren (Madril, 1978) bizi bidaia izan zitekeen hark idatzitako La mala costumbre eleberriko (Seix Barral, 2023) haur transak egiten duena. Idazleak, baina, trans etiketa gainditzea lortu du, eta aldarrikatu egin du, gainera, unibertsala izateko eskubidea. Iruñean izan da —urriaren 16an—, Letraheridas jaialdian.
Sekulako arrakasta lortu duzu lehen eleberriarekin: La mala costumbre-rekin. Nola eragin dizu oihartzun handi horrek?
Hagitz kontent nago; baina, aldi berean, egoerak gaina hartuta. Ez nuen horrelakorik espero.
Liburua argitaratu baino lehen, zenbait hizkuntzatara itzultzea hitzartua zenuen, hain zuzen.
Hori gertatzea ez da batere ohikoa; ez literaturan, ezta nire bizitzan ere! Hagitz kontent nago: pribilegio handi bat da.
Presio erantsi bat ere bada?
Bai, eta gaizki ere pasatu nuen, neurri batean. Berri on anitz nituen ospatzeko, baina ezin nuen, argitaratu baino lehen liburuaren inguruan sortu zen zarataren zama sumatzen bainuen. Bere buruan konfiantza txikia duen pertsona bat naiz, eta beldurra nuen. Liburua argitaratzeak askatu ninduen, nolabait.
Zerk eragin du zarata?
Ez dut erabat ulertzea lortu. Uste dut zenbait elementuk egin dutela bat: nire ibilbideak sustatu duela sortu den jakin-mina; toki eta garai egokian agertu dela liburua; zorte handia izan dudala; eta Maria Cardona nire agenteak lan itzela egin duela.
Zure ibilbidean, hainbat hedabidetan argitaratu dituzu zure iritzi artikuluak. Irakurle fidelak lortu dituzu?
Beti sentitu dut irakurleen beroa, egia erran. Baina ez nuen hainbertze espero! Oraindik kostatu egiten zait gertatzen ari den hau guztia gozatzea; zaila egiten zait jendearen aurrean agertzea.
Zure testuetan, baina, ez zara ezkutatzen; jarrera hartzen duten horietakoa zara.
Uste dut hori egin behar dela, edo, gutxienez, hori dela nik egin behar dudana. Nire existentzia, berez, nahiko politikoa da, eta jendaurrean agertuko ez banintz, segur aski bertze norbaitek agerraraziko ninduen. Liburua idazteagatik hamaika hedabidetan agertzea, baina, bertze kontu bat da; esperientzia polita da, baina kostatu egiten zait.
Zer eman dizute zuri liburuek?
Dena. Bertzeen larruan jartzeko gaitasuna, hasteko. Ikuspuntuak eman dizkidate; hau da, gertatzen dena kanpotik ikusteko gaitasuna. Liburuek eman dizkidate hitzak nahi dudana adierazi ahal izateko, eta nik ez nituen ideiak eman dizkidate. Intimitate eta lasaitasun ordu anitz ere eman dizkidate: bizitzaren onena.
Irakurle ona izateak nola eragin dio zure idazketari? Zer-nolako lana dago esaldi bakoitzaren atzean?
Orain arte, nik ez nuen neure burua gai sentitzen eleberri bat idazteko. Horregatik ez dut idatzi lehenago. Banuen beharra nuen baino trebezia eta literatur gaitasun handiagoa lortzeko. Horregatik behar nuen are gehiago irakurri; behar nuen hitzak, egiturak moduak eta ideiak pilatu. Orain arte ez dut lortu eleberri bat idazteko behar nuen heldutasuna. Saiatu naiz, baina nik neuk ikusten nuen ez nintzela prest. Eta nik liburu on bat idatzi nahi nuen. Lan handia dago hitzen atzean, eta garbi dut idatzi nuenean idatz nezakeen eleberririk onena dela La mala costumbre.
Liburu on bat idatzi nahi zenuela diozu. Istorioa hasieratik zenuen garbi?
Duela bost urtetik nuen buruan eleberriko istorioa edo ideia. Bost urtez, hain zuzen, ideia hori garatzeko ohar anitz pilatu ditut; oharrak, atal zatiak, pertsonaiak… Nire lehen asmoa izan zen haurtzaroari buruzko eleberri bat idaztea, baina laster ohartu nintzen eleberriko protagonistak hazteko beharra zuela, eta istorioak prozesu horren berri eman behar zuela.
Testuinguruak garrantzi handia du?
Bai. Istorioa koordenatu jakin batzuetan kokatu nahi izan dut: langile klaseko koordenatutan, eta koordenatu garaikide, femenino, trans eta kaletarretan.
Liburuko protagonista haur trans bat da, hain zuzen, baina istorioak bertze erreferente anitz eskaintzen ditu, ezta?
Aldarrikatu nahi dut unibertsala izateko nire eskubidea. Jende askok egin dezake bere nirearen gisako kontakizun bat. Noski, trans auzia funtsezkoa da, baina liburua, batez ere, nire belaunaldiko emakumeen inguruko istorio bat da; orain 45-55 urte inguru ditugun auzoko neskatook badugu tokia kontakizun horretan. Pozten nau liburuak urratsak egin izana trans etiketaz harago.
Bazterrei egin diezu so?
Bazterrekoaren narratiba maskulinoa da, oro har; maskulinoa, zuria, eta kapitalista. Kontua da bazterrak direla jende anitzen bizitzaren erdigunea, eta, berez, erdigunetzat edo unibertsaltzat jotzen dena da hor egon beharko ez lukeen norbaiten konkista. Konpartitu beharreko espazio kultural, politiko eta sozialaren kolonizazio bat da.
Drogek langile klaseko auzo anitzetan eragindako kaltea ageri da zure liburuan.
Badakit Euskal Herrian ere min handia egin zuela. Auzi horren alde politikoa utzi nahi izan dut agerian, drogak berekin ekarri baitzuen politikoki hagitz ezerosoa zen gazteria baten zapalkuntza. Hori aipatu nahi nuen. Gure belaunaldiari ere eragin zion, ni neu ezin izan bainintzen jolastu heldu bilakatzeko aukera izan ez zuten eta nerabezaroan hil ziren auzoko haur haiekin.
Liburuko protagonistaren gurasoak ere badira langile klase horren ordezkari.
Behin baino gehiagotan galdetu didate liburuko gurasoak nireak ote diren; berez, jende anitzen gurasoak izan daitezke: hagitz gazte lanean hasi behar izan zuen belaunaldi baten ordezkari dira. Denbora gutxi baina maitasun anitz zuten familiari emateko. Tentsio hori kontatu nahi nuen: lanak eta prekaritateak elkar hobeki maitatzeko gaitasuna lapurtu digute.
Maitasuna aipatu duzu. Zure liburukoa, batez ere, maitasun istorio bat da?
Hori zen nire asmoa, maitasun ezberdinen inguruko istorioak jasotzea.
XX. mendearen bukaerako hamarkadetako emakume transen maitasuna, adibidez?
Hagitz errealitate gogorra izan da haiena, baina eutsi zioten, eta beren buruarekin leial jokatu zuten beti. Haiekin ikasi dut benetako ahizpatasuna zer den; dena ematen dute trukean deus eskatu gabe. Baztertuen artean baztertuenak dira, baina, halere, sareak sortzeko moduak asmatzeko gai izan dira. Banuen emakume horiei buruz hitz egiteko beharra, ama eta irakasle izan direlako niretzat. Haiek gabe, emakumeon istorioa hankamotz dago.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.