Bide eman

Lur Albizu Etxetxipia

Kontseiluak Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean manifestazioa eginen du, ekainaren 4an. Duela pare bat aste egin zuten horretarako deia euskalgintzako hainbat eragilek, eta zer hausnartua eman dit. Ez dakit ideiak ordena logiko batean idazteko gai izanen naizen, baina, tira. Saiatuko naiz.

Duela ia urtebete UPN, PP eta PSNri aurrea hartu eta aldaketaren indarrek akordioa egin zutenetik. Ia urtebete lau alderdiek sostengatzen duten gobernua eratu zenetik. Akordio programatiko luze eta zabala lau urteri ekiteko. Eta, a zer kasualitatea, euskara dago askatu beharreko korapiloen artean. D ereduan izena emateko aukera Nafarroa osora zabaldu da —ez oztopo gutxirekin, eta gobernuak ezer gutxi eginda—, baina erabaki hori aldaketaren aurretik ere onartua zegoen. Aurten, ez dira gutxi izan euskara erdigunean izan duten eztabaidak, zirkuak eta azpijokoak.

Euskararen Legea aldatzeko oraindik mendeak falta direla ematen du. Eskubideak ez dira eskubide, gutxi batzuen identitate arazoak baizik. “Zergatik aldatuko dugu, bada, zonifikazioa? Zer arazo du? Ez dakit zertaz kexatzen zareten, jadanik Nafarroa osoan D ereduan ikasten ahal baldin bada…”. Eta horrela segi dezakegu infinituraino, bueltak eta bueltak ematen…

Honen aurrean zein erantzun eman behar du euskalgintzak? Mobilizazioa beharrezkoa da, ados nago, eta etorri behar zuela uste dut. Zein lanketa eginen da deialdi honekin? Zein izanen da helburua, euskalgintza suspertzea, herrietara heltzea, diskurtsoa finkatzea, inplikazioa sortzea… edo manifestazioa bera? Iazko Anaitasunako ekitaldiak zein hazi erein zuen? Zein izanen da diskurtsoa? Iruditzen zait eskubideak aldarrikatzeaz haratago joan behar dugula, praktikara eraman behar dugula aldarrikatzen ari garena. Euskararen aldeko borrokak konpartitua izan behar du, koordinatua eta herri mugimenduko eta gizarte osoko sektore anitzekin aurrera eramana.

Nik ez dut euskara etsipenerako tresna (bakarrik) izaterik nahi. Ez dut “Europako hizkuntza zaharrena da, zaindu behar dugu, gure arbasoak…” esan nahi, euskara orain da, eta gu gara. Eraldaketarako tresna izan daiteke, berria edo zaharra izan. Ez ditut hamasei urteko gazteak ikusi nahi bi esaldi jarraian esateko beldurrez, ergatiboa edo erlatiboa edo nikezdakitzer gaizki esanen duten beldurrez. Euskaraz entzun nahi ditut gazte horiek, edo euskañolez, haien hizkera propioarekin.

Bide berriak sortu behar ditugu, euskarari mistikotasun hau kendu, museoko pieza izateari utz diezaion. Emozioekin lotu, haserrearekin, borroka grinarekin, minarekin, umorearekin eta baita gozamenarekin ere. Gozamenetik hitz egin nahi dut euskaraz, euskaraz bizi eta gozatu nahi dut.

Euskara beste borroka espazio bat da; moldeak eta moduak berritzen, berrirakurtzen eta birsortzen jakin behar dugula uste dut, egoerak eskatzen duenari erantzuten. Manifestaziotik harago ere honek eragina izan dezan.