Elkarren artean labirinto baten antzera konektaturik dauden kobazuloz, meazuloz, putzu naturalez eta artifizialez josita dago Lantz. Brontze Aroko meatzaritza arkeologia gune bat da, eta, 1970eko hamarkadatik arkeologo askorentzat ikasteko leku bat izan den arren, duela bi urtera arte ez da sakon aztertu. Lantzeko Udalak kobazuloen ondarea balioesteko eta sailkatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. «Orain, badakigu ziurrenik kalkopirita bila ari zirela», esan du Jesus Garcia Gazolaz Nafarroako Gobernuko arkeologoak –kalkopirita kobrea lortzeko minerala da–. Nafarroako Gobernuak 1980ko hamarkadaren erdialdean aztertu zituen lehenengo aldiz kobazuloak, eta horri esker jakin zuen Lantzen erromatar garaiko meatzaritza gune bat ere bazegoela. Hala ere, iaz arte ez zuten berriz aztertu,1980ko hamarkada horretan beste aurkikuntza erromatar batzuk zeudelako ikertzeke, hala nola Andelosko antzinako erromatar hiria eta Arellanoko Musen erromatar hiria. «Bi aukera zeuden: aurkikuntza arkeologikoz jositako erromatar hiriak induskatzea, edo meategiak induskatzea. Argi zegoen zein aztertu, askoz informazio gehiago jasotzen genuelako hirietatik», esan du Garciak. Lantzen aspalditik dira ezagunak kobazuloak, baina Lantzeko herritarrek ez dakite ongi zer-nolako balioa duen ondare arkeologiko gisa. Hortaz, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri dira: «Herrikoak kezkatzen hasi ziren; legez kanpokoa izan arren, geroz eta jende gehiago joaten baitzen burdina detektagailuekin kobazuloetara, eta haiek espoliatzeko arriskua zegoen». Ordutik, bi kanpaina egin dituzte, 2022an eta 2023an: «Iazko indusketei esker ikusi genuen uste baino handiagoak zirela kobazuloak; lurrazpiko meategiez gain, aire zabalean zeuden meategiak ere aurkitu genituen». Urte askorako lana Aurten, meategiak «hobeto» aztertzeko, arkeologoek, meatzaritzan adituak diren ikertzaileek eta espeleologoek osatutako talde bat egin dute. Arkeologoek neguan egin zuten esplorazioa eta topografia aztertu zuten, eta udan, gainerako adituekin batera, eremu jakin batzuk aztertu zituzten. «Bide asko erraz ikus daitezke kopetako argiarekin, baina putzu sakon batzuk ere badaude, eta orduan zailagoa da aztertzea», azaldu du Garciak. Gaineratu du «lan handia» dagoela, eta asmoa dela urtez urte ikertzen jarraitzea: «Dagoeneko hogei kobazulo eta meazulo aurkitu ditugu, baina gehiago egongo dira».