Madrilek laugarrenez moldatuko du Esa handitzeko proiektua

Madrilek laugarrenez moldatuko du Esa handitzeko proiektua

Hogei urte joan dira Itoizko urtegiak azpian hartutako herriak eraitsi zituztenetik; Esakoa handitzekoa, berriz, amaierarik ez duen proiektu bat da: Espainiako Gobernuak laugarrenez moldatuko duela iragarri zuen azaroan, oraingoan «eskuin hegala are gehiago egonkortzeko» asmoz.

Urriaren 26an, Ebroko Ur Konfederazioak onartu zuen Esako urtegia handitzeko lanak «behin-behinean etenda» zeudela. Aurretik, Esa handitzeko lanen aurkako Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteek jakinarazi zuten obretan bi langile bertzerik ez zeudela. Bi elkarteok gogorarazi dute 22 urte igaro direla handitze lanen lehen harria jarri zenetik, eta ordutik, aurrekontua lau bider handitu dela, orain arte gastatutako laurehun milioi euroraino.

Lanak hasi zituztenetik, hamaika adituk ohartarazi dute Esako segutasun arazoez. Maiatzean, Ingeotyc etxeko geologoek egindako ikerketa aurkeztu zuten: nabarmendu zuten «ziurgabetasun handia» dagoela eskuin hegalaren dinamikaren inguruan. «Urtegiaren segurtasuna ez dago bermatua», erran zuten.