Iaz, lehenengo aldiz, aldaketa klimatikoa zela eta, larrialdi klimatikoaren afera plazaratzearen aldeko aktibistek hainbat margolani eraso egin zieten. Horren harira, eta margolan horien ongizatea lortzearren, larrialdi klimatikoaren garrantzia aitortu eta margolanak defendatzen dituzten hainbat erakunde sortu ziren: The Art Defenders, kasurako. Klimari lotutako aldarrikapen horiek mundu mailan oso kritikatuak izan ziren; izan ere, askok aldaketa klimatikoaren atzean dauden arduradunak eta ez margolanak seinalatu behar zirela esan zuten. Dena dela, munduan zehar sakabanatutako museoetako gelaxka horietan aurrera eramandakoak bere helburua bete zuen: aldaketa klimatikoa berriz adigarri bihurtu zen, denbora batez, behintzat.Ezagunak ditugu urtean behin edo bitan egiten dituzten pertsona aberatsenen zerrendak, batik bat, horiek ateratzen direnean, bertan agertzen diren diru-kopuru iritsezinek harritzen gaituzte eta. Horrela bada, Argia aldizkariak, aurreko astean, munduko aberatsenen zerrendan diru gehien dutenek, hau da, aberatsenetan aberatsenak diren %1ek, munduko 5.000 milioi txirok adina CO2 kutsatzen dutela argitara eraman zuen. Hori ikustean, ezin izan nuen harridura ekidin, ezohikoa egin baizitzaidan hain ehuneko baxuaren alboan hainbeste pertsona barnebiltzen duen kopurua ikustea. Hala ere, jarraian, harridurak amorruari ongietorria egin zion, 2019. urtean igorri zen karbono dioxido guztiaren %16 aberatsek eurek sortu zutela irakur zitekeelako albistean. Are gehiago, azalpenean aurrera joan ahala, aurreko datua berdintzeko edo aberats horiek urtebetean kutsatzen duten CO2a sortzeko 1.500 urte beharko liratekeela ikus zitekeen.Luxua, normaltasunarekin edo egonkortasun sentimenarekin batera, aspaldi ukatu zizkiguten gauza horietako bat da, eta, ondorioz, hura zokoratu eta luxu komunala deritzona zenbaitetan helduleku eduki behar izan dugu. Haatik, bizitzeko moduak eta bizitzak urruntzen dabiltzan honetan, gizateria bere osotasunean gutxiengo horren erabakien ondorioak jasaten dabil, munduan zehar pobrezia areagotzen eta zabaltzen ari den une hauetan, alegia.Aurrekoan ere, Nafarroako Hitza-n, Lesakan CO2 isuriak orekatzeko baso bat landatzeko bidean daudela irakurri nuen. Aurreikusi gabeko kasualitatea izan zen hura; 2021. urteko suteek gaitz egin zioten Eskolamendi mendia berde bihurtuko dutela jakiteak aldendu zituen aurreko zifrak neure burutik. Alabaina, denbora horretan Lesakako Udala mendia berriz berdezteko gai izan ez dela irakurtzeak eta basoberritzeko proiektu hori Nafarroan egiten den lehen asmo publiko-pribatua dela jakiteak luxu kolektiboaren ideia hori metro batzuk gehiago aldendu zuen.Kutsadura ekidin beharrean, oreka bilatzea bihurtu da helburu. Oreka horren barruan alderdi pribatuak parte hartzen hasi, eremu naturalei funtzio zehatza esleitu eta pobrezia gurean ere areagotzen doalarik, birikak eta garuna bere egiten duen buruhezurrari eusten duen bizkarrezurraren ahulezia eta egonkortasunaren iraupenak, eskuen artetik ihes egin digu.