Mikel Segura gazte agoiztarrak «barrua husteko» tresna bilakatu du rap musika

Mikel Segura gazte agoiztarrak «barrua husteko» tresna bilakatu du rap musika

Abenduan Agoitzen egindako LEB jaialdiak bertze bultzada bat eman dio Mikel Segurak nerabea zenean musikaren esparruan hasitako bideari: AGTZ bere taldearekin kontzertu bat egin zuen, batetik; eta, bertzetik, jaialdiaren babespean, Nacimos izenburuko kanta grabatu du Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan, Brian Claveriarekin. Segura musika entzunez hazi da, eta arrebak bideo batean erakutsitako bi rap kantariren ika-mikak piztu zion musika genero horretan aritzeko grina. Rapa «behar» duela aitortu du orain. «Barrua husteko» tresna bilakatu du, munduari nor den eta zer sentitzen duen azaltzeko euskarri.

Irribarre errazeko gaztea da Mikel Segura (Agoitz, 2001). MKL da oholtza gainean. Rap musikaz mintzo denean, hain zuzen, aurpegian sumatzen zaio genero horrek eragiten dion zirrara, eta pasioz kontatzen ditu horrek eman dizkionak. Etxean deskubritu zuen rapa, eta institutuan hasi zen, gelako kideen aurrean, bat-bateko esaldiak lotzen eta zabaltzen. Saxofoia jotzen ere hasi zen, musika eskolan. Perkusioa nahiago zuela onartu du, baina haren amatxiri saxofoia gustatzen zitzaionez, musika tresna horren alde egin zuela. Ez zuen luze iraun Seguraren eta saxofoiaren arteko harremanak. Pilotaren alde egin zuenean utzi zuen bazter. Futbolak hartu zuen gero pilotaren tokia, eta, orain, boxeoak futbolarena.

Bertze mota bateko borroketan hasi zen Segura rapean: rap kantarien arteko ika-miketan egin zituen lehendabiziko urratsak, hain zuzen. «15 urterekin igo nintzen estreinakoz oholtza batera, Zizur Nagusian, ika-mika batean parte hartzera». Egun hartako «beldurra» oroitu du Segurak, baina, batez ere, oholtza gaineko sentsazioa eta Agoiztik joandako lagunen babesa gorde ditu, fresko, oroimenean.

Aldarrikatzeko

Lagun artean rapean emandako orduak altxor bat dira Segurarentzat, hain zuzen, eta elkarrekin pasatutako denbora hori izan da, gainera, AGTZ taldearen hazi. «Pandemia baino lehen sortu genuen; lau gara, eta rapak gure artean sortu duen harremana apurtezina da». Osasun krisiak eztanda egin eta gero Agoizko parkean antolatutako emanaldia oroitu du, eta barre egin du, konfidamenduak ezarritako mugak bazter utzi zituztela gogoratuz. «Behar genuen elkartu, behar genuen musika egin eta gozatu».

«Lagun min baten heriotzak eragindako kanta bat da [’24 de octubre’]. Nik ezin nuen hitzez azaldu heriotza horrek zer eragin zidan. Horregatik sortu nuen kanta, barruan nuena ateratzeko». 
MIKEL SEGURA Rap abeslaria

Hasierako ika-mikak bazter utzi zituen Segurak AGTZ taldea sortu zutenean; tarteka aritzen da, dena den, eta LEB jaialdian egindako kontzertuan erakustaldi bat egin zuen, taldeko bertze kide batekin batera. Nabarmendu du, halere, bere kantak sortzeko eta grabatzeko grinak gora egin diola. Raparen «esentziarekin» bat egin du: «AEBetan sortutako genero bat da; New Yorkeko Bronx auzoko beltzek sortu zuten, protesta egiteko». Segurak ere «aldarrikatzeko» erabili nahi du rapa, eta bere esperientziak abiapuntu hartuta bertzeei helarazteko sentitzen duena.

24 de octubre izenburuko kanta aipatu du adibide gisa. «Lagun min baten heriotzak eragindako kanta bat da. Nik ezin nuen hitzez azaldu heriotza horrek zer eragin zidan; ezin nuen inorekin hitz egin. Horregatik sortu nuen kanta, barruan nuena ateratzeko».

Brian Claveriarekin grabatutako Nacimos da bere azken abestia. Claveriak kutsu flamenkoa eman die Seguraren hitzei, bere gitarraren bidez. LEB jaialdian bitartekari lana egin zuen La Perra Creaciones etxeko Ana Cavillaren laguntza eskertu du Segurak: «Hari esker grabatu dugu abestia; ateak ireki dizkigu». Elkarlanean jarraitzeko gogoz da: musikaren esparruan urratsak egiten jarraitzeko irrikan. «Behar» duelako. Nor den erran nahi dielako entzuteko prest diren guztiei.